Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aurtzaka dantza taldea eta Loinatz abesbatza, elkarrekin

Dokumentuaren akzioak

Aurtzaka dantza taldea eta Loinatz abesbatza, elkarrekin

Emanaldi bakarra eskainiko dute bihar, Beasaingo Elizan, 20.30ean
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Beasain
Mota
Albistea
Data
2019/11/29
Lotura
Noticias de Gipuzkoa
Aurtzaka, Loinatz abesbatza eta Loinatz Musika Eskolako ordezkariak, Beasaingo Elizan.

Aurtzaka, Loinatz abesbatza eta Loinatz Musika Eskolako ordezkariak, Beasaingo Elizan.

“Ikuskizun berri eta berezia izango da azaroaren 30ean, Beasaingo Elizan, 20.30ean, eskainiko duguna. Lehenengo aldiz, ibilbide luzeko bi talde elkarrekin arituko gara saio bat eskaintzen: Aurtzaka dantza taldea eta Loinatz abesbatza. Dantza eta kantuak uztartuko ditugu saio bakar honetan;Igartza Musika zikloaren barnean”, azaldu du Xabier Garmendia, Aurtzakako kideak.

Ondo azaldu bezala, estreinakoz egingo den emanaldia izango da. Aurtzaka 40. urtemuga ospatzen ari da, eta horren aitzakiarekin saio handi bat antolatu nahi izan dute, Loinatzekoak bidelagun izanez. “Elkarlana aspalditik dator, kronika zaharretan jasoak”, gehitu du Garmendiak. Bihar, 100 parte-hartzaile inguru elkartuko dira elizan, eta hura izango dute eszenatoki. XIX., XX., eta XXI. mendeetako musika piezak joko dituzte, horietako asko beasaindarrak, eta beste batzuk Europakoak.

“Betidanik izan dute bi elkarteek konexioa. Horri gehitu behar zaio hirugarren hanka bat, elizako organoa dena”, nabarmendu du Aitor Furundarena taldekideak. Izan ere, eskainiko duten programan protagonismo handia izango du orain gutxi eraberritua izan den instrumentuak. Furundarenaren esanetan, “herriko elementuak aprobetxatuz” egingo den emanaldia izango da, eta Beasaini lotutako dantza eta tradizioak jarriko dituzte ikusgai, guztien gozamenerako

Presbiterioan eszenatoki bat jarriko da, dantzarien saioa guztiek ondo ikus dezaten. Ezpata-dantza, munduan genero propio bat duena da, eta horrez gain, soka dantzak garai batean zeukan pisua berreskuratu du euskal dan-tzen barnean. Hori ez ezik, plazan betidanik dantzatu diren abesti alaiak ere ekarriko dituzte biharko ikuskizunera. “Inoiz ez da horrelako emanaldi bat egin, dantza talde bat, abesbatza bat eta organoak bat egingo dutena”, gehitu du Furundarenak.

Loinatz abesbatzakoak ere “ilusio handiz” bizi dituzte emanaldiaren aurreko egunak. “Entsegu batzuk egin ditugu dagoeneko eta emozio handia bizi izan dugu”, nabarmendu dute.

Sarrerei dagokionez, Beasaingo Mirentxu dendan eskuratu daitezke, eta antolatzaileek gonbita zabaldu dute Goierri osoko herritarrengana. “Izugarria izango da, oroitzeko modukoa”, zehaztu dute.

Dokumentuaren akzioak