Dokumentuaren akzioak
Aurtengo maskaradak Santa Grazik emango ditu, 17 urte pasatu eta gero
Otsailaren 6tik maiatzaren 15era, 15 agerraldi egingo dituzte: Santa Grazin bertan lehena eta azkena, eta 13 jelkaldi beste herrietara
Santa Grazi herriak emango ditu aurten maskaradak,
Zuberoan. Guztira, hamabost agerraldi egingo dituzte, otsailaren 6a eta
maiatzaren 15a bitartean. Santa Grazin bertan lehen eta azken
agerraldiak egiteaz gain, Zuberoako beste herrietan hamahiru jelkaldi
egingo dituzte. Ohiz kanpo bada ere, aipatuta dago Donostiara ateraldi
bat egitea, baina egunik ez da jakiterat eman oraindik.
Bazen
hamazazpi urte ez zituztela Zuberoako inauteri bereziak antolatu Santa
Grazin, azkenengoak 1994. urtean gertatu baitziren. Tarte horretan,
haatik, euskal kulturaren sorkuntza alorrean ez dira ezer egin gabe
geratu santagraztarrak, Santa Engrazi pastorala eman baitzuten
2006an. Herri bat maskaradarik egin gabe epe luze batean egotea ez da
ere beti seinale txarrekoa. Kasu jakin honetan, alderantzizko marka da
ere, zeren eta urtero egon baitira maskaradak, Zuberoako hainbat herrik
bata besteari lekukoa pasata.
Orain dela hamazazpi urteko
maskaradei alderatuz gero, aldaketa nabari bat antzemango du
ikusliarrak, inauteria hauetan arizale diren hogeita hamar bat gazteen
artean neskak gehiengoan direla ohartuta. Horrela, kargu nagusien artean
ere neskak egongo dira, hala nola Xorrotxak eta Kerestuak. Xorrotxak,
esaterako, Julie Iribe eta Sophie Xutahandi izango dira. Xorrotxen
kasuan ez bada lehen aldia izango —Maule-Lextarreko 2007ko maskaradetan
ere bi neska izan ziren, eta Atharratze-Alozek 2008an antolatutakoetan
bata halakoa zen—, Kerestuetan, aldiz, lehengo aldia izango da neskak
egotea. Lehengoa, ez erabat, zeren eta Eskiulak 1992an eman zituen
maskaradetan ere neskak baitziren... beste arizale guztiak bezala.
Kerestuak dira Zamaltzaina zikiratu egiten dutenak eta biarneseraz
mintzatzen direnak. Berrikuntza horrek, ziur asko, ikusmin handia
piztuko du.
Kabana, Pitxu, Buhame jauna
Kargu
nagusien ildoari jarraituz, Kauteren buruzagi basatia den Kabana
Handiaren egile Dominique Pinke izango da. Pitxu kautere broma egilearen
jokoa egitea aldiz, Franck Errezareti tokatuko zaio. Munduan zehar
ibiltari arraroak izatea ohi duten Buhameen Jaun edo Erregea, berriz,
Herve Chuburu izango da.
Maskaradak dantza agerraldi baitira ere,
zalantzarik ez daiteke izan Bralea, Lagabota, Godalet dantza eta beste
emango dituztenak oso txukun arituko direla, euren eskolatzaile Jean
Etxegoien izan baita. Kauterek egingo duten peredikuaren idazle nor edo
nor izango den ez da salatzerik, aldiz, jelkaldiak gertatzen diren
herrietako xelebrekeria edo pasadizoen moldatzailea(k) sekretuan
egotekoak baitira. Horrela hobe da, Kabana Handiak, Pitxuren
erreferarekin, egiten dituen ahapaldiak maiz zorrotzak baitira...
Jelkaldiei
dagokienez, hain zuzen, betiko ohituraz Santa Grazin bertan egingo
diren lehen eta azken agerraldiaz gain, guztira Zuberoako hamahiru
herritara joanen dira maskarada egileak. Hauetatik zazpi Basabürüan,
hots, Atharratzeko kantonamenduan egingo dituzte, eta beste seiak,
aldiz, Mauleko kantonamenduan. Maule-Lextarre hiriburura joaiteari,
berriz, uko egin diote santagraztarrek, nahiz eta gonbita egin zieten.
Iaz ere, jarrera berdina izan zuten Larraineko maskaradek. Herri
gehiegietarik gonbitak jaso izana ez da arrazoi bakarra izango, baina...
Asko
jaso eta asko onartu ere, maskaraden agerraldiek maiatz erditsura arte
iraungo baitute. Eta gehiago ere, Donostiara joatea gertatzekotan
beranduago jazoko baita. Jelkaldien egutegiak luzatze horiekin,
inauterien ohiko epea gehiegi zabaldu egiten ari da, hau, ontsalaz, negu
gorritik udaberria sartze bitartekoa baita.
Santa Graziko azken maskaradak, 1994an, atzeko mendietan elurra ageri dela. / MARCEL BEDAXAGAR
Dokumentuaren akzioak