Dokumentuaren akzioak
Aurtengo Maitaldian adinak, generoak eta salaketa politiko-sozialak dantzatuko dira
Dantzaren munduan agertoki gainean emakumeak ikustera ohituta bagaude, baina sorkuntza prozesuaren gidaritzan ez da hainbestetan ikusten. Hori dela eta, aurtengo jaialdian emakumezko koreografoen presentzia nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek. Jaialdiko hitzordu nabarmenetako bat bikote femenino baten eskutik dator, Carolyn Carlsonek Marie-Agnes Gillotentzat sortutako “Embers to Embers”, hain zuzen ere. Mundu mailako estreinaldi honek irekiera ofiziala emanen dio hamar eguneko Maitaldiari.
Rafaela Carrasco flamenko dantzari ezaguna “Nacida sombra” obrarekin izanen da Biarritzen, eta bertan, Estatu espainoleko historian garrantzi berezia izan duten lau emakumeri bizi berri bat eskainiko die.
Salaketa sozial eta politikoa agertoki gainetik egiteko baliatuko dute artista batzuek. Gai hau emakumeen ikuspegitik landuko du Oona Dohertyk. “Hope hunt and the ascension into Lazarus” obran Ipar Irlandan eta Belfasteko karriketan bizi den egoera eta bortizkeria agerraraziko ditu.
Sidi Larbi Cherkaouik ere gizartearen begirada kritikoa plazaratuko du, dantza estilo ezberdinen bitartez. “Fractus V” obran, hip-hopa eta fandangoa elkartuko ditu agertoki gainean, besteak beste.
Adinari dagokionez, 7 eta 75 urte arteko dantzariak ikusi ahal izanen dira taula gainean. Adinaren mugak gainditzen saiatuko dira Alessandro Bernardeschi eta Mauro Paccagnella “Happy Hour” obrarekin. 60 urtetik gorako bi italiarrek dantzaren eta antzerkiaren arteko lana aurkeztuko dute.
Bizitzaren ibilbidearen beste aldean, Belgikako Kabinet K konpainiaren “Horses” lana dago, non helduak eta haurrak elkartzen diren agertoki gainean. Berdintasunetik elkarrekin jolasten dira, eta gorputzarekiko loturan egoera zirraragarriak sortzen ditu ikusleengan.
Ohi bezala euskal koreografo eta dantzariak ere presente izanen dira: Argia dantza taldea (“Martin Zalakain” lanarekin), Matxalen Bilbao (“Fugas”), Amaia Elizaran (“Block”), eta azkenik Traversee konpainia (“Paisaia sumatuak”) eta EliralE (“Artha”). Bi konpainia hauetako koreografo diren Johanna Etcheverry eta Pantxika Telleria elkarrekin lanean ari dira jaialdiari begira lan bat prestatzen.
Erreferente baten sorrera
Gaur egun euskal dantza klasikoko konpainia saihetsezina den Malandain Ballet Biarritz duela hogei urte sortu zen. Horren ospatzeko dantza hirian garatu zuen jaialdia baliatuko dute. Urtean zehar ekimenak egiten ari badira ere, irailaren 15ean egun berezia ospatuko dute festibalaren baitan.
Arratsaldean ibilbide dantzatua proposatuko dute konpainiako kideek. Hiriko hogei gune ezberdinetan beste hainbeste mikro-dantza eskainiko dituzte Malandainek eginiko koreografien zatiak bilduz. Gauean, konpainiako kide guztiek parte hartuko duten dantzaldian, bertaratutako pertsonei beraiekin aritzeko parada eskainiko diete, maila zein den kontuan hartu gabe. Bestalde, Arnaud Mahouy dantza zuzendariak Malandainen jestuetako hainbat urrats irakatsiko ditu.
Dokumentuaren akzioak