Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Aurten, soka-dantza txupinazoaren aurretik dantzatuko dugu»

Dokumentuaren akzioak

«Aurten, soka-dantza txupinazoaren aurretik dantzatuko dugu»

Asier Legorburu, Kultura zinegotzia

Xanistebanak ate joka heldu dira. Aurtengo nobedadeak, aldaketak, proposamen berriak. Asier Legorburu, Kultura Batzordeburuak azaldu dizkigu
Egilea
Goizarin
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Oiartzun
Mota
Elkarrizketa
Data
2013/07/18
Lotura
Diario Vasco

Dena prest dago Xanisteban jaiei hasiera emango dien suziria pizteko. Abuztuaren 2an izango da hori eta aurtengoan, zuzeneko musikaz alaituko da txupinazoa eta beste ebrrikuntza batzuk izango dira. Hori hasiera bakarrik izango da, ordutik aurrera izango da ondo pasatzeko aukera zabala herriko jaietako egitarauan.

-Aurtengo egitarauan zerbait berezia prestatu al duzue?

-Badira zenbait aldaketa txiki, baina orokorrean aurtengo xanistebanak ere aurreko urtetakoen an-tzekoak izango dira. Azken finean herriko elkarteei esker antolatzen ditugu festak, eta kasu gehienetan urte askotako ibilbidea duten ekitaldiak dira antolatzen dituztenak, herriak bere egin dituenak, gainera. Guztiontzat gozagarri izatea da helburu: zahar, heldu, gazte, haur, kaletar edota baserritar. denok dugu zer gozatua.

-Beraz, hasieratik jai giroan murgiltzeko aukera izango da?

-Aldaketa txiki horietako bat festen hasierarekin dago lotuta. Xanistebanak bukatzerakoan balorazio bilera bat egin ohi dugu, eta iaz, besteak beste, txupinazoaz hitz egin genuen. Festen hasiera hori alaitu beharra zegoela ondorioztatu zen, ahal zen neurrian tarte hutsak saihestuz. Guk balorazio bileran azaldutako kezkak festa batzordera eraman genituen eta bertan zenbait aldaketa proposatu zizkiguten: musikak presentzia handiagoa izango du aurtengoan, zuzeneko musikaz alaituko dugu txupinazoa, eta gainera soka-dantza txupinaren aurretik dantzatuko dugu. Azken horren helburua festen hasierari dinamismo eta bizitasun gehiago ematea da. Izan ere, lehen txupinarekin batera zenbait herritarrek xanpain botilak irekitzeko ohitura dute, eta ordu laurden inguruko tarte hutsa egon ohi da txanpain arrastoak garbitu eta soka-dantza hasi aurretik. Tartetxo hori saihesteko asmotan egin dugu aldaketa, batik bat. Aurten horrela probatuko dugu, ea nola ateratzen den!

-Gauetako egitarua ere berplanteatu egin da...

-Balorazio bilera hartan gaueko giroaz ere hitz egin genuen. Azken urteotan bi plaza bereizi ditugu festetan: Landetxe plaza eta Doneztebe plaza. Gurea bezalako herri batean ez zitzaigun zentzuzkoa iruditzen gauero-gauero bi plazatan ekitaldi gainjarriak antolatzea, kontutan hartuta gainera plazak, ez bata eta ez bestea, ez direla betetzen. Aurten, hortaz, gaueko egitaraua antolatzeko taldetxo bat bildu gara, eta guztion artean antolatu ditugu gauak. Egitarauari dagokionez ere badaude zenbait aldaketa txiki: Arraztalo elkarteak antolatutako Hazien tailerra, Elizalde eskolak antolatutako Uztai festa, Herrira bilguneak antolatutako flashmoba eta bertso-saioa, Txosna batzordeak antolatutako gaueko jokoak.

-Maiatzean hasi zen Festa Batzordea biltzen. Zer nolako parte-hartzea izan da aurtengoa?

-Urteroko parte-hartzearen antzekoa. Lehenengo bilerara normalean 10-15 elkarte etorri ohi dira, eta hurrengo bileratan parte-hartzea asko handitzen da. Antolatzaileen eskariak jasotzen ditugu, ekintza berriak eztabaidatu, eta guk egitarau-zirriborroa prestatzen dugu horrekin. Hurrengo bileran egitarauan ager daitezken gainjartzeak aztertzen ditugu eta guztion artean eztabaidatzen dira. Horretaz gain, esan bezala, balorazio bileratik ateratako kezken eta asmoen inguruan hausnartzen dugu, eta txupinazoa zeinek bota ere bertan erabakitzen da.

-Xanistebanetan gaueko giroa berpizteko zer nolako proposamenak jaso dituzue?

-Txosna batzordeko kideak, festa batzordeko zenbait kide, Gaztetxeko kideak, Ugaldetxoko eskoletako kideak eta zenbait herritar bildu gara gauak antolatzeko. Asmoa, esan bezala, gauak herri-ikuspegi batetik antolatzea izan da, bakoitzak arreta «haren» plazan soilik jarri beharrean. Hala, gau gehienetan gainjartzeak saihestea lortu dugu, gazteek plazara eta helduek Landetxera hurbiltzeko aukera izan dezaten. Niri ilusio handia egiten dit plazak beteta ikustea, ea aurtengoan lortzen dugun. Denetarik izango dugu: berbenak, rocka, musika elektronikoa, euskal kantu zaharrak, dantza gidatuak, bertso musikatuak. herriko artisten parte-hartze handiarekin gainera.

-Festa Batzordeak erabaki du nortzuk botako duten txupinazoa. Zeintzuk arduratuko dira aurten?

-Urtero bezala aurten ere elkarteek haien proposamenak eraman dituzte festa batzordera. Oraingoan ere proposamen mordoxka mahai gaineratu ziren, eta azkenean Petra Lekuonako Zaharren Egoitzako langileak izan dira aukeratuak. Bi arrazoi nagusi eman zituzten: Alde batetik, tradizionalki, eta oraindik orain, nagusiki emakumeen esku gelditzen diren eta errekonozimendu sozial oso txikia duten zaintza-lanari edota garbiketa-lanari babesa emateko, ikusarazteko, prestigioa emateko (Petra Lekuonan ere zaintzaile, erizain, garbitzaile, edota sukaldari lanetan aritzen diren 40 langile ingurutik bakarra da gizonezkoa), eta bestetik, haiek ere krisi ekonomikoaren aitzakian lan-munduan eta gizarte arloan eman diren murrizketen ondorioak pairatzen ari direlako, herriko lantegi askotan bezalaxe.

-Zein da aurtengo aurrekontua?

-Aurtengo aurrekontua iazko aurrekontuaren berdina da. Azken urteetan urtero-urtero murriztu da xanistebanetako aurrekontua, legealdi honen hasieran ere egokitzapen oso handia egin behar izan genuen Udal aurrekontuan, baina 2013ko xanistebanetan 2012koen aurrekontu bera dugu. Guztira 90.000euro inguru erabiliko ditugu aurtengo xanistebanetan. Hortik %60 gutxi gora-behera elkarte eta kultur eragileen artean banatu da, eta %40 inguru gastu finkoetarako izan da: komunak, soinu-ekipoak, azpiegituren alokairuak.

-Kultura batzordeburuak nola bizitzen ditu xanistebanak?

-Zinegotzi naizenetik oso ezberdin, noski. Gaueko giroaz asko gozatzen dut, baina azken urteotan eguneko giroa ere bizitzen ari naiz goiz-goizetik, hala dagokidalako, bai, baina baita gustatzen zaidalako ere. Urtero-urtero gertatzen dira arazotxoak, eta arduraz ere bizitzen ditut festak. Askotan batetik bestera ibiltzen naiz, baita gauetan ere, ekintzek duten harrera eta parte-hartzea ikustea gustatzen zaidalako, jendea ongi pasatzen ikusteak asko pozten nauelako, eta nolabait nire ardura dela sentitzen dudalako.

«Aurten, soka-dantza txupinazoaren aurretik dantzatuko dugu»

Asier Legorburu, Oiartzungo kultura batzordeburua. :: GOIZARIN

Dokumentuaren akzioak