Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aurten Errusiako baletaren lurrunean hats hartuko du Miarritzeko Maitaldiak

Dokumentuaren akzioak

Aurten Errusiako baletaren lurrunean hats hartuko du Miarritzeko Maitaldiak

Argia-Urbeltz eta Lambert Dance Company taldeen estreinaldiak ikusi ahal izango dira Gare du Midin

Egilea
Aitor Renteria
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2002/08/29

Errusiako Baletak izanen dira Miarritzeko 12. Maitaldiaren xede nagusia. Ekitaldiak irailaren 7an abiatu eta 21ean bururatu dira. Festibalaren historian bigarren aldiz, aurten ere Thierry Malandainen ardurapean osatu da Maitaldiko egitaraua. Malandain Frantziako Koreografia Zentroko burua eta Miarritzeko Baletaren zuzendaria da.



Malandainek 1909an Chatelet antzokian Serge Diaghilevek ireki zuen ildoa landu nahi izan du aurten. Horregatik, Miarritzera jinen diren talde guziei xede nagusi horretan oinarrituko diren lanak ekartzeko eskatu die. Izen handiko taldeen ondoan, zenbait talde berrik ere Errusiako lurrunean hats harturiko lan garaikideak eskaintzeko parada ukanen dute.



Maitaldia Rambert Dance Company talde ezagunaren eskutik irekiko da, irailaren 7an, eguerdian, Miarritzeko Gare du Midi antzokian. Marie Rambert Jacques Dalcrozen ikasle izan zen, eta 1.912an Serge Diaghilevek bre taldean hartu zuen, Vaslav Nijinskirekin aritzeko. Dantza munduko hainbat izen ezagunekin lan egin ondoren, bere eskola sortu zuen. Egun, Christopher Brucen zuzendaritzapean, Rambert Dance Companyak obra berri baten estreinako emanaldia eginen du.



Maitaldiko une garrantzitsuenen artean, Preljocaj baleta irailaren 13an ariko da, 15ean Argia-Urbeltz konpainia, 17an Bordaleko Opera, eta Maitaldiaren bukaera gisa, irailaren 20 eta 21ean, Zuricheko Baleta ariko da Gare du Midin.



´Hain ospe handiko konpainiak bildurik, Maitaldiak, aurten proposatzen duen egitarau aberatsarekin, argiki erakusten du dantza munduko erreferentzia nagusi bilakatzea erdietsi duelaª, adierazi zuen Jakes Abeberri auzapezorde eta kultur arduradunak. Horren froga nagusiak dira, Abeberriren ustez, Kultura ministerioaren onespen zabala eta dantza kontserbatorioko goi mailako egoitza Miarritzen eraikitzea. Azken honen eraikuntza lanak 2004an abiatuko dira.



Dena dela, Maitaldiaren egitaraua osatzeko zailtasunak egon direla onartu zuen Abeberrik, lehenik ildo nagusi bat eskaini nahi izan dutelako festibalaren norabidea zehazteko, eta bertzetik, iraila hastapenean taldeak hasiberriak direlako lanean eta zailtasunak dituztelako estreinaldiak eskaintzeko.



Alabaina, Maitaldiak osotasun bateko kate begia izateko gutizia duela azpimarratu zuen Abeberrik. Norabide horretan, Maitaldiak bat egiten du udazkenean Miarritzen antolatzen diren nazioarteko bertze egitarau garrantzitsuekin, bertzeak bertze, Cita edo FLIPA bezalako egitasmoekin. Ildo horretan, Maitaldia geroan ere irailean eginen dela ziurtatu zuen, atzoko aurkezpenean, Miarritzeko Kultura arduradunak.



´Jendeak, oro har, ez ditu ezagutzen Errusiako baletak, aitziniritziak dira nagusi, eta Maitaldiaren bidez, altxor hori ahal bezain ikusle gehienei erakutsi nahi dieguª, jakinarazi zuen Malandainek. ´Aitziniritziekin hausteko, taldeei Miarritzeko Lilitegian errepikatzeko eskatu diegu, taulara igo aitzin ikusteko parada ukan dezan jendeakª, gaineratu zuen Malandainek.







Argia-Urbeltz-en estreinaldia eta Elirareleren ëEdení







Kanpokoez gain, euskal konpainiek ere beren tokia ukanen dute. Ekainaren 13an, Elirale taldeak Eden izeneko lana aurkeztuko du. Obraren bigarren emanaldia izanen da Miarritzekoa. Pantxika Telleriak egin du koreografia eta Arvo Partek musika. Eden paradisua da hebraieraz; eta bizkaieraz, berriz, pozoia. Bikoiztasun horrek kulturen mugak gaindituz emaztearen irudiari lotzen ote zaion galdetuz, Telleriak emetasunaren inguruko kezkak taularatu ditu.



Argia-Urbeltz konpainiak Euskal Jauziak, Maitaldiko bigarren estreinaldia eskainiko du. Juan Antonio Urbeltzen sorkuntza hiru ildoren inguruan egin gogoeten garapena da: zeingehiagoka, patua eta inauteria. Hiru gai hauen inguruan nazioarteko kondaira eta hainbat kulturatako irudiak agertuko dira, Euskal Herrian bezala Grezian, Errumanian edo Bulgarian atzeman daitekeen zaldia, nahiz eta azken horietan, Zuberoan ez bezala, herioaren ikurra izan.



Thierry Malandain • Maitaldiaren zuzendari artistikoa











´Jendeak, oro har, ez ditu Errusiako baletak ezagutzen, eta altxor hori erakutsi nahi dioguª



´Taldeei Lilitegian errepikatzeko eskatu diegu, taulara igo aitzin jendeak taldea ikusteko parada ukan dezanª

Dokumentuaren akzioak