Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aurrez-Aurre ikusgarriaren estreinaldia

Dokumentuaren akzioak

Aurrez-Aurre ikusgarriaren estreinaldia

Euskal dantza tradizionalaren ikuspegi berri bat

Komunikabidea
Eke.org
Mota
Albistea
Data
2009/03/15

Maritzuli Konpainiaren eta Claude eta Jon Iruretagoyena koreografoen ikusgarri berriaren xedea, euskal dantza tradizionalari merezi duen balorea ematea da, ohiko folklorismotik urrun. Zorroztasun eta kalitate handiz, Maritzuli-k tokiko dantzen balizko parekotasunei buruzko urteetako bilketa lana biltzen du "Aurrez-Aurre" ikusgarrian.

Jon Iruretagoyena dantzariaren arabera ideia ez da "tradizioari hautsa kentzea", bere ustetan hori zentzugabea baita, baina bai bizi-bizirik dagoen ondare batetik atera jarduerei zentzu bat berriz ematea.

Jon Iruretagoyena (Argazkia:www.eke.org)

2009ko martxoaren 13 eta 14an, Claude eta Jon Iruretagoyenak bi mintzaldi pedagogiko antolatu dituzte Baionan, ikusgarrian agertzen den Maritzuliren ikerketa lana hobeki azaltzeko ; lehena euskal dantza jauzietaz izan da, Xabier Itçainaren laguntzarekin, eta bigarrenean aldiz, lehengo maskaradak aipatu dira Jean-Michel Bedaxagarren laguntzarekin.

Aurrez-aurre

"Aurrez-Aurre" sorkuntzak euskal ihauteri desberdinetatik atera dantza mota desberdinak erakusten ditu. "Aurrez-Aurre" ideiaren inguruan egituratzen da : dantza mota desberdinak "aurrez-aurre" agertzen dira, dantzari belaunaldiak ere... Bertsolaritzan, pilotan edota dantzan aurki daiteken Euskaldunen erronkarako gustua ilustratzen du ere.

"Aurrez-Aurre" lau agerralditan banatzen da :
  1. Ihaute
    Lapurdiko ihauteriaren dantzak : herriz-herri dantzaldi taldeak, mozorro edo zirtzil taldeak osatzen dira neguan gelditu den denbora berriz abiarazteko. Denborari buelta emateko garaia da... Mazurka, polka edo scottish bikote dantzek mehatxaturik, euskal dantza jauziak anitz agertzen dira besta garai horietan.
  2. Branletik jautziak
    Xiberoko maskaradaren ezinbesteko osagaia eta heriotzetik bizitzarainoko iragaitearen lekukoa, brandek batzuetan ihes egin diguten edo ezabatu diren zentzuak edo sinboloak berreskuratzen laguntzen gaituzte. Hemen, Maritzulik "saiakera koreografikoa" egiten du, pertsonaia horien lehengo jantziak eta zereginak perspektiban ezarriz, Jon Iruretagoyenaren ikerketa lanak eta historia oinarritza hartuz.
  3. Paperezko jantziak : Paperezko jantziek lehengo dantza borobilak eta kontra-dantza berriak parez-pare ezartzen dituzte. Italiako berpizkundeko dantza mota ezberdinek aberasturik, arrunt desberdinak diruditen dantzen arteko loturak agertzen dira.
  4. Ando drom :
    "Bidean" rom hizkuntzan. Besta, partekatze eta erronka unea kate dantzen inguruan. Estilo baten zaintzaleak eta "nahasleak" aurrez-aurre.

    Musika sorkuntzak eta jantzi bereziak

    Bere ikusgarriarentzat, Claude Iruretagoyenaren konpainiak aholkulari artistiko eta koreografo batzuen laguntza ukan du hala nola Juan Antonio Urbeltz edota Christine Grimaldirena.

    45 dantzari gazteak edo esperientzia gehiagokoak, Maritzuli Konpainiatik datoz baina ere Meatzaldeko Arrigorria Dantza Taldetik (Bilbo). Bi konpainien arteko harremanek urte batzu badituzte jada.

    Musikari dagokionez, Bilboko Aiko Taldeak egiazko sorkuntza lana egin du, ohiko euskal dantzen musikari berritasunak ekarri dizkiolarik. Lan hori CD batean argitaratua izanen da eta heldu den apirilaren 3an Durangoko Kafe Antzokian aurkeztua.

    Jantzientzat ere, sorkuntza lan berezia egina izan da.

    Estreinaldia Donibane-Lohizunen

    "Aurrez-Aurre" Donibane-Lohizuneko Kexiloa gelan estreinatuko da martxoaren 21ean gaueko 21:00etan, Donibane-Lohizuneko Herriko Etxeak Euskal kultur erakundearen partaidetzarekin antolatu "Euskal kultura argitan" kulturaldiaren barnean. Beste emanaldi bat izanen da Gallartan (Bilbo) datorren apirilaren 18an.

Dokumentuaren akzioak