Dokumentuaren akzioak
Aurretiaz diseinaturiko kaosa
Kritika, Metapolis
Kasualitatez-edo, Bilboko Zorrozaurre auzoko proiektu urbanistikoaz arduratuko den Zaha Hadidek sinatzen du, koreografoarekin batera, Bilboko Arriaga antzokian ikusi dugun Metapolis Project 972 izeneko dantza lana. Bagdaden jaio eta Beiruten, Londresen nahiz AEBetan hezitako emakume hau deskonstrutibismoaren ordezkari bat da eta esandako mugimendu estetikoaren ezaugarriek zatikatze ideiek, prozesu ez linealek, kaosaren sentsazioak... nabarmen markatu dute koreografoaren lana.
Frederic Flamandek sortutako koreografia zati labur askoz egina dago. Hiria sinbolizatuko lukeen sarea denen artean zabaldu ostean, banan-banan aritzen dira dantzariak, Hadidek diseinaturiko janzkera futuristekin apainduta. Beren ibilbideak kaotikoak dira, hirian bezala, eta mugimenduak ere bai, gizaki modernoaren nahi eta inpultsoekin gertatzen den moduan. Beren ibilbide solteetan eszena gaineko hiru zubien gainetik ere mugituko dira dantzariak, eta askotan zubietako azal kurbatua erabiliko dute, maldan behera irristatzeko. Gutxitan elkartzen dira dantzariak, hiriaren indibidualtasuna azpimarratu nahian-edo, eta talde formazioak are urriagoak dira. Haien artean, bereziki polita da hiru lerrotan jarrita eta karratu bat eginez mugimendu suabe eta mekanikoak egiten dituzten unea, eta baita ere, amaiera aldera, zubietan igota eraikin baten leherketa kontrolatuaren proiekzioa ikusten dutenean. Izan ere, agertoki atzeko pantailan etengabe proiektatzen dira munduko hirietako pertsonak eta etxeak, dantzariei zuzenean hartutako irudiekin batera. Bideo irudiok dantza bera baino interesgarriagoak dira askotan, eta beste batzuetan ez dute inolako interesik, baina uneoro oztopatzen dute dantzaren norabidea eta gehienetan ezinezko egiten dute haren xedeaz jabetzea. Askotan badirudi dantzariak eta koreografia bera apaingarri soila baino ez direla proiekzioen eta soinu-banda ahalmentsuaren aurrean.Une jakin batzuk kenduta, gozotasun pasarte gutxi daude muntaian, eta egonezina areagotu egiten da amaieran, atzeko pantailan zubi eta eraikuntzetako infografia gogorra proiektatzen delarik. Pianoko musikak artegatasuna eta tragedia iragartzen ditu, eta gizatasunik gabeko irudi hotz haiek ezin dira inolaz ere eztitu musika atsegin batek girotzen duen emakume erdi biluziaren irudiarekin. g Agus Perez
Dokumentuaren akzioak