Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aurreskuak, euskal tradizioko dantza nagusia

Dokumentuaren akzioak

Aurreskuak, euskal tradizioko dantza nagusia

Egilea
Aritz Mutiozabal
Komunikabidea
Zabalik
Mota
Albistea
Data
2003/05/30

Txistua eta danbolinak markatutako diziplinaren mugimendu-erakustaldirik gorenena da egun aurresku izenez ezagutzen dugun dantza, baina «berez herriko festetan, San Joan bezperan eta antzekoetan egiten den Sokadantza deritzanaren atal bat da. Gainera, askotan Agurrari aurreskua esaten zaio, ez dira ezberdintzen, baina aurreskua dantza sail askoz ere zabalagoa da eta, berez, korporazioak dantzatzen zuen herriko plazan, festetan. Nire herrian eta beste zenbait herritan San Joan bezperan egiten da, eta San Joan bezperako aurreskua edo San Joan eguneko aurreskua esaten zaio», azaldu digu Jon Maia dantzariak. Era berean, aurreskuak Sokadantza, Gizon dantza, Esku dantza eta Erregela izenak ere izan ditu gure historian, eta dantzariek soka bat osatzen dute elkarri eskutik helduta edo, sarri ikus daitekeen bezala, zapien bidez kateatuta.



Ondoren, banan-banan soka uzten joango dira dantzan hasteko. Sokaren bi muturretan daudenak –aurreskularia eta atzeskularia, hain justu– dira dantzaldiko protagonista nagusiak eta bikote honek egiten ditu dantza saio gehienak. Hala, bada, hasierako zatian mutilek Desafioa, Agurra, Azeri dantza eta Zortzikoa dantzatzen dute eta gero, jende artetik, neskak ateratzen dituzte, denek batera fandangoa eta arin-arina dantzatzeko xedez. Azken finean, hori izango litzateke aurreskuaren jatorria.



Hori hala izanik, aurten XXIII. Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelketa egingo da Pasai Antxon, eta dantzariek Desafioa dantzatu beharko dute finalerdietan; finalera iristen direnek, ostera, aipatu dantzaz gainera Agurra, Alpargata eta Zortziko aske bat (bost Zortziko ezberdin izango dira eta dantzariek dantzatu beharrekoa txistulariek jotzen dutenaren araberakoa izango da) dantzatu beharko dute. Txapelketa honetan nagusiki, eta normala den legez, dantzari gipuzkoarrek hartzen dute parte, nahiz eta beste probintzia batetik baten bat etortzen den noizbehinka. Aurtengo edizioan, gainera, aurreko urteetan baino parte-hartze handiagoa izatea espero dute antolatzaileek. Txapelketaren arduraduna den Jone Arnaezek hauxe dio: «Berez, 16 urtetik gorako edozein dantzarik har dezake parte, eta iaztik hona 16 urteko dantzari ugari igo dira helduen mailara. Hortaz, parte-hartze handiagoa espero dugunez, larunbatean eta igandean burutuko ditugu finalerdiak. Hala ere, punta-puntan dabiltzanen maila oso handia da jakina denez, eta maila horretara iristea zaila da, zinez, gaur egun. Izan ere, azken urte hauetan ikusi dugunez, beti dantzari berberak geratu dira lehen postuetan».



Teknifikazioaren bidetik

Dantza askatuan gertatu zen fenomeno bera jazo da aurreskuarekin ere, hots, txapelketa bihurtu da gaur egun; izan ere, jatorrizko pausoak teknifikatu eta zaildu egin dira eta, ondorioz, mendez mende izandako kutsu herrikoia galdu egin da txapelketa hauetan. Jon Maiaren aburuz, «lehen bakoitzak bere eskualde edo lurraldeko aurreskua askoz ere lasaiago dantzatzen zuen, eta gaur egun izugarri mitifikatu da; orain, askoz ere itxiagoa da, hau da, perfekzioaren bila joateagatik, agian, garai batean zegoen aniztasun hori galdu da».

Noski, urteak aurrera joan ahala, gizartea aldatu egiten da eta aurreskua bera ere garai berrietara moldatu da. Euskal dantzen estetika aldaketaren oinarri nagusiak Juan Ignacio Iztueta folkloristak (1767-1845) planteatu zituen, eta aurreskuaren hasieran ezkerreko zangoa ahal zen gehiena altxatu eta astiro-astiro jaitsi behar zela aholkatzen zuen. «Uste dut mundu guztiak Iztuetaren oinarriak hartu dituela kontuan, baina bide hori hartuta ere aldaketak izaten dira garaiengatik, estiloengatik edo dantzarien ekarpenengatik».

Egun, dantzari bakoitzak pausoak emateko modu zein estilo propioa du; aurreskuak, finean, musika jakin bat du, eta dantzari bakoitzak nahi duena erants diezaioke. «Bakoitzak bere moduaren arabera interpretatzen du; hots, pauso ia gehienak eta zatirik garrantzitsuenak berdinak dira, baina tartean sartzen diren aldaketak edo moldaketak dantzariak bere nahiaren arabera egiten ditu», dio Gizpuzkoar Aurresku Txapelketaren arduradunak.



Tradizioan ere aldaketa

Bestalde, dantzan egiteko modua garatu den bitartean, zeukan esanahia ere zertxobait desitxuratu dela ezin da aipatzeke utzi. Garai batean, herrien arteko adiskidantza bermatzeko erabiltzen omen zen aurreskua; eta, bertan, herri bateko alkateak beste herri bateko alkatea gonbidatzen zuen dantzan egitera; nolabait esateko, ongietorri edo harrera dantza litzateke. «Garai bateko harrera hori, ordea, testuingurutik aterata dago. Uste dut gaur egun gehiegi eta gehiegikeriaz erabiltzen dela, edozein ekitaldi nahiz ospakizunetan dantzatzen baita, besterik gabe», dio Jon Maiak.



Hala, neurrigabe erabiltzeak berez izan dezakeen funtzionaltasuna ken omen dezake; eta sarri, gainera, ospakizun horietan dantzatzen dena Agurraizan ohi da.



Emakumeak

Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelketaren oinarrietan argi azaltzen denez, 16 urtetik gorako edozein mutilek har dezake parte. Gaur egun, «neskek oraindik ez dute parte hartzen. Antza denez, ohitura kontua izango litzateke hori guztia, aurreskua mutilek baino ez baitzuten dantzatzen; nahiz eta duela urte batzuetatik hona neskak ere dantza taldeetan eta gisakoetan ere hasi diren horretan. Ohituraz eta tradizioz mutilen dantza izan denez, bide horri eutsi zaio», jarri gaitu jakinaren gainean Jone Arnaezek. Baina emakumeek dantza tradizionalean euren tokia zutela erakusten duten adibideak ere egon badaude; horien artean aintzat hartzekoak dira, zinez, Garaiko Sokadantza eta gaur egun bizirik dagoen Lekeitioko Andreen aurreskua, non protagonismo guztia emakumeak berak duen eta gizona dantzatzera ateratzen duen. Aurresku berezi hau sanpedroetan, ekainaren 28an, dantzatu ohi da.



Eskualdearen araberako aurreskua

Jatorrian, segur aski, askoz ere antzekotasun gehiago izango zituzten lurralde guztietako aurreskuek. Baina, egun, lurralde bakoitzak bere modura interpretatzen du, eta agian, eremua zabaltzen joan ahala, ezberdintasunak ere areagotzen dira. Askotan gipuzkoar dantza bizkaitarrarekin alderatu nahi izaten da: Gipuzkoako dantzek, oro har, solemnitate punttu nahiko handia dute, oso dotorea dela esan ohi da; Bizkaikoa, berriz, azkarragoa da, biziagoa eta indar handiagokoa. Bestetik, Nafarroako dantza gehienetan hankak ez dira gehiegi altxatzen lurretik. Beraz, lurralde bakoitzeko moduaren arabera, alde handiak daude.



Janzkera

Euskal dantza tradizionaletan, erritu-ekitaldietarako jantziari dagokionez, zuria da kolore nagusia. Beraz, aurreskua erritu dantza horietako bat izanik, dantzariak zuriz janzten dira. Bestalde, dantza talde batzuetan, tokian tokiko dantzak eskaintzeko garaian, harako lurraldeko jantzia errespetatzen da.

Dokumentuaren akzioak