Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aurreskua Plaza Berrian, tradizioa

Dokumentuaren akzioak

Aurreskua Plaza Berrian, tradizioa

1700. urtean dagoeneko dantzatzen zuten aurreskua San Joan bezperan, baina denbora batez desagertu egin zen ohitura hori. Udal agintariek Euskal Jaien inaugurazioan dantzatzen zuten, 1965ean, kasualitatez, San Joan bezperan egin zuten arte.
Egilea
Sara Ibarguren
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2023/06/23
Lotura
Irutxuloko Hitza
Nicolas Lasarte
Nicolas Lasarte alkatea aurreskua dantzatzen, 1948an, Plaza Berrian. (Argazkia: Kutxateka)

San Joan bezpera da gaur, eta hainbat su piztuko dituzte gauean han eta hemen, sinbolikoki, eguzkiari indarra emateko. Donostian, Goizaldi dantza taldeak zortzikoa eta aurreskua dantzatu ohi ditu Plaza Berrian ipini ohi duten lizarraren inguruan. Donostia Festaken arabera, 1700. urtean ja dantzatzen zuten, eta XVIII. mendean tradizio hori desagertu bazen ere, gerora berriro piztu zen. “Berreskuratze lana Goizaldi dantza taldeari zor zaio. Izan ere, 1948. urtean sortu zenetik, ez du behin ere huts egin San Joan bezperako zita honetan”, azaldu du Donostia Festakek.

Gaur egun, udal agintariek ere dantzatzen duten aurreskua San Joan bezperan, baina, lehen, beste data batean egiten zuten: iraileko Euskal Jaien inaugurazioan, zehazki. 1965ean, aldatu egin zen hori. Izan ere, urte hartan, Euskal Jaiak munduko txirrindularitza txapelketarekin batera ospatzekoak ziren, eta, beraz, ekainera aurreratu zituzten, San Joan jaietara, hain zuzen. Hori dela eta, udalbatzak, Nicolas Lasarte alkatea buru zuela, aurreskua dantzatu zuen urte hartan, kasualitatez, San Joan bezperako lizarraren aurrean.

Pasarte hura gogoratuz, 1980an, Jesus Maria Alkain alkateak San Joan bezperan dantza egin zuen antzinako janzkera soinean zuela, baina tradizio bat ez zela ikusirik, ez zuen berriro errepikatu.

2011. urtean, Juan Karlos Izagirre alkateak eta garaiko udal gobernuak berriro erabaki zuten San Joan bezperan Plaza Berrian dantza egitea, “tradizioa berreskuratzeko”. “Gure ustez, Donostia historian zehar izan dena berreskuratzea ondo dago, eta hau Erdi Aroko ohitura bat da. Berreskuratzea guztiz interesgarria iruditu zaigu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu zinegotzi guztiei, talde politiko guztiak inplikatu direlako”, azaldu zuen Izagirrek 2011n.

 

Dokumentuaren akzioak