Dokumentuaren akzioak
Aupa, konpañero!
Orri honetan idatzitakoa dantza herrikoiari lotuta dago. Hor dabil gure elkartea eta beste dantza mota batzuk egiten dituztenekin ez dugu harremanik, lagunartekotik aparte.
Zabalduta dago eta edonon entzun daitekeena zera da: euskal dantzen egoera txarra dela eta denbora gutxiren bueltan ia desagertuta egongo direla. Edalontzia erdi hutsik ikusten dutenekin eztabaidatzea alferrikakoa da.
Ezin da esan euskal dantzak eta horren inguruan mugitzen diren taldeak egoera onenean daudenik. Bergaran bertan, Xamatz taldekoek dantza uztea erabaki zutenetik talde bat osatzeko arazoak daude. Gaur egun mutilen talderik ez dago. Bailarako herri batzuetan ez da dantzari txikien eguna antolatzen, orain urte gutxira arte egiten zen bezalaxe. Beste dantza mota batzuetara pasatuz ikus dezakegu hainbat bikote eman dituen herriak, Bergarak, alegia, datorren urtean ez duela partaiderik izango Pazkoetan jokatuko den txapelketan.
Baina horren aurrean, gaur egun, Bergaran bertan, Moises Azpiazu eskolak ehun neska-mutil baino gehiago ditu dantza ikasten. Jardun eta Abarka elkarteek antolatzen duten nagusientzako ikastaroan ere, jende multzo galanta biltzen da, astean bi egunetan. Osintxun lan ederra egiten dute ikuskizunak antolatzen eta beste bailarako herri batzuetan ere ikastaroek arrakasta dutela badakit.
Bergaratik kanpora joaten bagara, ikusi ditut dantzari txiki egunak Durangaldean, Bizkaiko Txorierrin, Araban, Errenterian... eta gauzak ez dira asko aldatzen. Herri dezente daude taldeak osatzeko arazoekin eta beste batzuk, aldiz, talde politekin.
Galdera hau izango litzateke: zergatik gaude horrela? Eta etorkizuna, zer?
Gaurko egoeraren zergatia azaltzeko, esango nuke faktore batzuk bildu direla.
Demografikoki, Euskal Herria aldatu egin da, eta ume kopurua baxuagoa da. Ume horiek beste ekintza batzuetara joaten dira eskolako lanetatik aparte, eta dantzarako denbora gutxi dute. Baina horretaz aparte, esango nuke dantza gaizki kudeatuta dagoela.
Gaur egun, talde askotan arduradun bakarra (irakaslea, gehienetan) egoten da, eta berak esaten duena egiten da. Pertsona horrek ez baditu gertuko batzuk, eta horiek ez badiote laguntzen antolakuntza lanetan, gauzak bertan behera geratzen dira. Horregatik, gurasoak inplikatzen ez badira antolatze lanetan, taldearen iraupena mugatuta dago. Taldeei buruz mintza naiteke bakarrik, baina, dantza solte eta aurresku txapelketetan, gauza bera gertatzen da. Txapelketak antolatzen jarraitzeko, beharrezkoa da gurasoak inplikatzea dantzariak sortzeko, eta antolatzaileekin hitz egitea euren beharrak jakiteko.
Esandakoaren laburpena ez da samurra eta, sinplifikazio guztien moduan, arriskutsua izan daiteke. Baina dantza herrikoiak antolakuntza eta egitarau berriak behar dituela esango nuke; bere oinarriak galdu barik plazaratzea, gaurko eta etorkizuneko garaietara aldatuz. Herrialde batzuetako irakaskuntza planetan, dantzek ere txokoa dute. Hori oso lagungarria litzateke.
Ez nuke bukatu nahi albiste bat jakinarazi eta besarkada bero bat luzatu gabe dantza solteko koordinatzaile izan den Joxe Juan Ugalderi. Dantzan ibilbide luzea duena, nahiko buruko min edukitakoa epaile lanetan eta bere herriko dantzaren historia liburuxka eder baten bildu duen gizonari, Lezo dantzari, alegia. Gure herrian ospatutako erromeria nazionalean buruz buru lan egin genuen eta gogoko ditut hark bidalitako e-mailak aupa, konpañero agurrarekin.
Dokumentuaren akzioak