Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aulki baten bueltan

Dokumentuaren akzioak

Aulki baten bueltan

Egilea
Jon Maya
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2005/05/05

Pantxika Telleriak Donibane Lohizuneko liburutegi batean aurkitu zuen aspalditik buruan zuen ideia gauzatzeko bidea. «Hiruki Lauki gure lehenengo lan luzea prestatu genuenetik buruan nuen gazteekin zerbait egitea. Haurrentzat normalean egiten diren ikuskizunak oso sinpleak dira, oso nabarmenak, eta banuen zerbait dantzatuagoa egiteko gogoa. Dantzaria sentitzen naiz eta une honetan ama ere banaiz; beraz, dantzaren bidez gaztetxoei zerbait kontatu nahi nien».

Buruan aspaldian zerabilen ideia, baina Kadira urdina ipuinak ireki zizkion begiak. «Azkenean, ikuskizunak eta liburuak gauza ezberdinak kontatzen dituzte, baina abiapuntu bera dute. Liburuan, bi txakurrek basamortuan topo egiten dute, eta han erdian kadira bat, aulki bat, aurkitzen dute. Istorio guztia aulki horren inguruan gertatzen da. Gorabehera ugari jazotzen dira, baina benetan aulkia ez da basamortutik mugitzen. Txakurren aurpegiek eta espresioek ematen diote sinesgarritasuna istorioari».

Kadira ikuskizunean ere antzeko zerbait gertatzen da. Ipuinean bezala, dantza ikuskizunean ere aulkia da gertakizun guztiaren arrazoia. Hala ere, hortik aurrera Telleriak kontakizun berri bat sortu du.Aulkiaren inguruan bi dantzari biltzen dira. Saioaren lehen erdia elkar ezagutzeko baliatzen dute. Pixkanaka-pixkanaka hurbilduz doaz, elkar begiratzen dute, harremanetan hasten dira... Baina, halako batean, aulkia hegalari bihurtu eta neska urrutirako bidaia batean abiatzen da. Mutila orduan triste geratzen da, zalantza handi batekin. Zeren hutsunea nabari du, aulkiarena ala bere lagun berriarena? Azkenean, bi dantzariek berriro ere bat egingo dute eta maitasun istorio bati ekiten diote.

Bikote osagarria Aurelie Genoud eta Cyril Geeroms dantzariek jokatzen dituzte kontakizun honetako bi pertsonaien rolak. «Hasiera-hasieratik ikusi nuen oso bateragarriak zirela», azaldu du koreografoak. «Izan ere, Cyril oso handia da, beso luzeak ditu eta oso mugimendu zabalak osatzen ditu. Aurelieri, aldiz, kontrakoa gertatzen zaio; txikia, argala, pailazo txiki baten tankerakoa da».

Eite horretatik hasi zen Pantxika Telleria bien arteko jolasak osatzen. Erabiltzen duen dantza modua estilo garaikidekoa da, baina gaztetxoentzat dela jakinda asko landu ditu aurpegiko espresioak: «Lehenik eta behin, dantza garaikideaz ari garela argitu behar da. Ondotik, mugimendu asko gertaera haurrentzat ulergarria izateko egokitu ditugu. Esate baterako, aurpegiaren espresioekin lan berezia egin dugu; ipuinean bezala, dantza saioan ere azalpen argienak begiradek emango baitute».

Kadira hilatzaren 27an estreinatuko dute, Izpuran. Ondoren, emanaldi apur batzuk ziurtatuta dituzte, eta irailean Miarritzeko Maitaldia jaialdian aurkeztuko dute. «Saio berezia izango da ordukoa, ikuskizunerako bereziki sortutako musika zuzenean joko baitugu pianoan». Aurkezpen horien ondoren, Frantzian emanaldi batzuk egitea da Pantxika Telleriaren asmoa. «Hiruki Lauki-rekin egin ditugu batzuk, eta honekin ere egin nahiko nuke». EliralE konpainiaren eskaintza bikoitza izango da orain: «Konpainiak bi programak eskainiko ditu orain, aldi berean. Helduentzako Hiruki Lauki, eta haren aurretik, eskoletan eta egunean zehar, Kadira eskaini nahi dugu». 'Kadira'

Konpainia: EliralE. Koreografia: Pantxika Telleria. Dantzariak: Aurelie Genoud eta Cyril Geeroms. Estreinaldia: Maiatzaren 27an, 21:00etan, Izpurako Faustin Bentaberri aretoan.

P IBILBIDEA

Bigarrena

EliralE konpainia 2001. urtean sortu zuen Pantxika Telleriak. Aurretik, euskal dantza tradizionalean hasi zen, eta Parisera ere joan zen dantza klasikoa ikastera. Ordea, lesio batek dantza uztera behartu zuen, eta bere jarduera irakaskuntzara eta sormenera bideratu zuen. Orain bi lan tartekatzen ditu. Batetik, Biarritz Cultureko kanpo harremanetan aritzen da zenbait programa antolatzen, eta, bestetik, EliralE konpainia du. «Gustura nago bi lanekin. Biarritz Culturen nahiko sormenezko lana dut, eta, gainera, jende asko ezagutu eta emanaldi asko ikusten ditut. Aldi berean, konpainian jarraitzeko aukera ematen dit eta bateragarriak dira erabat».

EliralE bi koreografia laburrekin hasi zen. Eden eta Esquisse pour una vie gero Hiruki Lauki izan zenaren hastapen bat ziren, aurkezpen gutun baten modukoa. Bide hori sendotzen ari da jada.

Dokumentuaren akzioak