Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aukeran taldeak bere koreografiak erakutsiko ditu gaur Bergaran

Dokumentuaren akzioak

Aukeran taldeak bere koreografiak erakutsiko ditu gaur Bergaran

Edu Murumendiaraz da zuzendaria eta koreografien egilea

Egilea
Jon Gonzalo
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2000/10/20

GUZTIRA bost koreografia eskainiko ditu gaur Aukeran konpainiak Bergaran: Aukeran, Akimilarro, Errenkan, Zirga-ezean eta Argia ilunpean. «Koreografia guztiek dantza tradizionala dute abiapuntu, eta horregatik emanaldi batean uztartzea erabaki dugu. Halaber, sorpresatxo bat prestatu dugu amaierarako», azaldu zion egunkaria-ri Edu Muruamendiarazek.

Aukeran konpainiakoek ondo baino hobeto prestatu dute gaurko ikuskizuna: «Koreografiak ondo eta asko landu ditugu. Halaber, musikari bikainen laguntza izango dugu, eta iluminazioa ere biziki zaindu dugu. Hau da, eszenatoki egokia atondu dugula uste dut», azaldu zuen zuzendariak.

Hiru urteko ibilbide oparoa

Aukeran konpainia 1997an sortu zen, eta hasiera-hasieratik argi eta garbi izan dute jorratu beharreko bidea: «Euskal dantza tradizionaletik abiatuz era guztietako koreografiak sortu ditugu. Hau da, abiapuntu bera izan arren gure koreografiek ez dute elkarren antzik. Hori da aukeratu dugun bidea», dio Muruamendiarazek. Hiru urte hauetan, ordea, gauzak asko aldatu dira zuzendari bergararraren esanetan: «Hasiera oso zaila izan zen, euskal dantza tradizionala oso mundu itxia baitzen. Hain zuzen ere, gure helburua hori aldatzea izan da, eta emaitzak ikusita lortu dugula uste du. Gaur egun, gurea bezalako emanaldiek arrakasta dute». Aurrerantzean, arrakasta hori Euskal Herritik kanpo zabaldu nahi dute: «Datorren urterako ordu eta erdiko saio bat prestatzen ari gara, eta gure asmoa Euskal Herritik ateratzea da.

Izan ere, gure folkloreak indar handia du, eta kanpora zabaldu beharko genukeela uste dut».

Bien bitartean, ordea, Euskal Herrian ariko dira Aukeran taldeko sei dantzariak: Eli Alberdi, Iurre Aranburu, Iker Arrue, Aiert Beobide, Maitane Mujika eta Edu Muruamendiaraz zuzendari bergararra.

Dokumentuaren akzioak