Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aukeran izango dira «Bideak» gaur Donostiako Antzerki Ferian

Dokumentuaren akzioak

Aukeran izango dira «Bideak» gaur Donostiako Antzerki Ferian

Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Kritika
Data
2006/07/13


Aukeran Dantza Taldeak hirugarren aldia izango du aurtengoa Donostiako Antzerki Ferian. “Bideak” ikuskizun berria aurkeztu zuten atzo Edu Muruamendiaraz zuzendari eta koreografoak eta Aiert Beobide lehen dantzariak. Ikuskizunaren lehenengo emanaldia gaur emango dute, Kursaalean.

Muruamendiarazek adierazi zuenez, beren etorrera ez da «kasualitatea» izan. 2001ean “Sutargi” lana aurkeztu zuten, eta 2003an “Izena duen guztia omen da”. Duela bederatzi urte hasitako ibilbidearen unerik gorena dela azaldu zuen zuzendariak. Esker oneko hitzak izan zituen taldeko dantzarientzat, baita antolakuntzako kideentzat ere: «Kasualitatez ala ez, Donostiara itzuli gara. Izugarrizko ohorea da ‘Bideak’ ikuskizuna Antzerki Ferian aurkeztea. Antolakuntzari eskerrak eman nahi dizkiogu gugan izandako konfiantzagatik».

Berritasunen garaia

Berritasun askorekin datorren ikuskizuna aurkeztuko dute gaur jendaurrean. Euskal erritmoak urruneko musikarekin nahastu dituzte. Aiert Beobide dantzariak urte horietan guztietan bilatutako estiloaz hitz egin zuen atzoko aurkezpenean: «Erritmo, melodia eta folklore tradizionaleko elementuak dantza garaikideekin bateratuz eta gure musika munduko erritmo ezagunekin nahastuz gure estiloa sortzea lortu dugu».

Muruamendiarazek bi elementu nabarmendu nahi izan ditu; soka eta zinta, hain zuzen ere. Haren ustez, bi elementu horiek askotan islatu eta erabili izan dira euskal folklorean. Soka-dantzari ere aipamen berezia egin zion. Soka eta zinta “bide” horretako isla izan daitezkeela adierazi zuen; «hor guztiak gara bidaiariak eta berdinak», esan zuen.

Musika da Aukeran Dantza Taldearen beste osagai garrantzitsuetako bat. Arlo horretan, ordea, aldaketekin datoz Donostiara; grabatutako musika erabiliko dute, ez zuzenekoa. Shanti Basaurik, Ion Lomberak eta Julio Andradek konposatutako musika erabiliko dute, Pascal Gaigneren obra batean oinarritutakoa, hain zuzen ere: «Aurrez egin ditugun ikuskizunetan zuzeneko musika erabili dugu, baina oraingoan, guretzat espresuki konposatutako doinuez baliatu gara».

Bederatzi dantzari igoko dira gaur Kursaaleko oholtza gainera. Normalean baino dantzari gutxiagok hartuko dute parte lan horretan, baina beste berritasun bat ahots baten txertatzea izango da. Alaitz Ormazabalek zuzeneko ahotsa jarriko du ikuskizunean.

Eszenan jartzea inoiz baino «minimalistagoa» dela nabarmendu du Muruamendiarazek. Horrez gain, ikuskizunaren ukitu garaikidea nabarmendu du: «Beste ikuskizunek izan duten indar berbera duela uste dut. Dantza tradizionalean oinarrituta dagoen arren, ukitu garaikidea du. Normalean baino garaikideagoa dela esan daiteke; ez dantzari begiratuta, baina bai estetikari erreparatuz».

Aiert Beobide taldeko lehen dantzariak bizitzan aurkitzen diren bideez hitz egin zuen: «Bideak ezagutzara garamatza; jaiotzetik heriotzara. Leku batetik toki guztietara hel daiteke. Puntu batetik munduko edozein lekutara eramango gaituzten bideak gurutzatzen dira gure bizitzan».

Ikuskizun horren atzean jende askoren lanak garrantzi handia izango du. Muruamendiarazek Xabier Lozano argiztatzailearen eta Ramon Garcia diseinatzailearen lana goraipatu zuen.

Ikuskizunerako sarrera guztiak agortuta daude. Baina beste gutxi batzuk salmentan jartzen saiatuko zirela adierazi zuten. Sarreren zerrendetan libre geratutako eserlekuak berriro betetzen saiatuko dira.

Dokumentuaren akzioak