Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Aukeran taldeak berezko nortasuna duen marka sortzea lortu du»

Dokumentuaren akzioak

«Aukeran taldeak berezko nortasuna duen marka sortzea lortu du»

Edu Muruamendiaraz, Aukeran dantza taldeko zuzendari eta dantzaria

Egilea
Estitxu Zabala
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Elkarrizketa
Data
2008/03/26
Edu Muruamendiaraz (Bergara, 1974) oso pozik dago berak zuzendutako taldeak urte hauetan egin duen lanarekin. Taldearen urteurrena ospatzeko, Aukeran, 10 urte ikuskizuna prestatu dute kideek. Euskal dantza tradizionala gaur egungo dantzarekin uztartzen dute ikuskizunetan. Aurkako kritika asko jaso zituen taldeak hasieran, baina kritikatu zuten askok orain antzeko gauzak egiten dituztela dio dantzariak.

Noiz erabaki zenuten dantza tradizionala eta gaur egungoa uztartzea?

1997an Eusko Jaurlaritzak euskal koreografo berrientzat emandako diru laguntza batekin hasi ginen lanean. Gainerako taldeen koreografia guztiak garaikideak ziren, baina gu beste mundu batean sartu ginen. Hasi ginenean ez genuen uste hainbeste urtez jarraituko genuenik! Iaz bete zituen taldeak hamar urte, baina Viktoria Eugenian tokia lortzeko arazoak izan ditugu.

Zergatik erabaki zenuten ikuskizun luzeak sortzea?

Lau urtez koreografia txikiak egiten aritu ginen, dantza tradizionala eta gaur egungo dantza uztartuz. Gero, publikoa gauza berritzaileak ikusteko prest zegoela konturatu ginen, eta 2001ean lehen lan luzea plazaratu genuen, Sutargi. Ikuskizun horrekin 70 emanaldi egin genituen, izugarria izan zen! Euskal Herriko ia antzoki guztietan sartu ginen, eta baita herri askotan ere. Euskal dantzak antzokietan formatu txikietan sartzea aldaketa izugarria izan zen guztiontzat, bai guretzat, bai programatzaileentzat. Hori ikusita, beste ikuskizun bat prestatu genuen: Izena duen guztia omen da. Ikuskizun horrekin emanaldi gutxiago egin genituen, 50 inguru, baina mantentzea lortu genuen.

Aurrerago, profesinalago bihurtu genuen taldea, dantzari eta musikari gehiago sartu genituen, eta erabateko ikuskizuna egiten hasi ginen, jantziak eta argiztatzea esaterako. Beste ikuskizun baten beharra sortu zitzaigunean Bideak egin genuen, 2006ean. Beldur handia izan genuen ikuskizun horrekin, baina azkenean taldearen lanik landuena, borobilena eta indartsuena izan da, publikoaren ustetan.

Taldearen berezko ezaugarriak sortu dituzue, ezta?

Edu MuruamendiarazLehenengo ikuskizunetik azken honetara aldaketa handia egon da. Aukeran-ek bide bat egin du. Ez gara duela hamar urteko pertsonak; esperientzia hartu dugu eta hori nabaritu egiten da agertokian. Gainera, dantzari garrantzitsuak ezagutzeko aukera izan dugu eta horrek asko lagundu digu. Kritikak ere orain hobeto hartzen ditugu; lehen ezin nituen entzun ere egin. Aukeran taldeak berezko nortasuna duen marka sortzea lortu du; taldearen eszeneratzeak eta jantziak bereziak dira.

Publikoaren artean bilakaera nabaritu duzue ?

Bai, handia. Hasi ginenetik guztia ikaragarri aldatu da. Larunbateko ikuskizuna ikustera 800 lagun etorriko dira, duela astebete bukatu ziren sarrerak, eta ezinezkoa da joango diren guztiak gure senideak izatea! (kar-kar-kar). Egiten dugunerako interesa badagoela esan nahi du horrek. Arrakasta handia izan dugu hedabideetan ere, eta horrek izugarri poztu gaitu.

Dantzari berriak ere sartu dira taldean.

Lehenengo urtetik lau dantzarik jarraitzen dugu, eta pixkanaka jende berria sartzen joan da. Garrantzitsuena taldean mutilak sartzea izan da. Lehenengo bi ikuskizunetan zuzeneko musika sartu genuen, eta jende gehiago ginen agertokian. Azkeneko ikuskizunean musika alde batera utzi genuen eta Alaitz Ormazabalen ahotsa sartu genuen. Urteurreneko ikuskizunean hamahiru dantzarik parte hartuko dugu, eta berriro ere Ormazabalek ahotsa jarriko du.

Orain arte egindako lan garrantzitsuenetan oinarritutako ikuskizuna emango duzue larunbatean, ezta?

Bai, guretzat politenak izan diren ikuskizunetatik hartutako koreografiak hautatu ditugu. Sutargi, Izena duen guztia omen da eta Bideak ikuskizunak hautatu ditugu. Hala ere, batzuei beste ukitu bat emango diegu; ikasi ditugun teknika berriak sartu ditugu. Ikuskizuna bi zatitan banatuko dugu, bakoitzean sei koreografia inguru sartuko ditugu eta guztira 90 minutu inguruko iraupena izango du. Gainera, entsegu orokorrera haurrak gonbidatu ditugu, beraiek ere ikuskizuna ikusteko aukera izan dezaten.

Iker Murillo eta Jon Agirretxe dantzari gonbidatuak izango dira.

Gure lagunak dira. Gu bezala, dantza tradizionalean hasi ziren, eta ondoren bakoitzak bere bidea egin zuen. Asmoa ikuskizunean gurekin batera dantzatzea zen, baina ez dugu horretarako denbora nahikorik izan. Azkenean, beraiek prestatutako bi pieza ekarriko dituzte. Hala ere, une berezi bat egongo da, eta hori izango da ikuskizuneko ezustekoa.

Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?

Taldea oso gustura ari da lanean. Batzuk zahartzen ari gara eta laster taldea utzi beharko dugu, baina jende berria sartuko da. Taldea mantentzea zaila izan da, eta noiz arte ez dakit, baina etorkizun polita ikusten diot. Gainera, badakit gero eta zale gehiago ditugula. Honetan hasi ginenean arraroak ginen, eta aurkako kritika asko jaso genituen. Hamar urtean gauza gehiago ikasteko prest dagoen jendea bildu dugu, eta aurrera jarraitzeko harrobia badago.

Posible da Eukal Herrian dantzatik bizitzea?

Ni dantzatik bizi naiz azkeneko bederatzi urteetan, baina dantza irakaslea naizelako. Aukeran-eko lanarekin bakarrik bizitzea ezinezkoa da. Zorte handia dut, gustuko dudan zerbait eginez bizi naizelako. Dantzariarena oso lan gogorra da.

 

 

Argazkia: Imanol Otegi

Dokumentuaren akzioak