Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Atzo eta gaur

Dokumentuaren akzioak

Atzo eta gaur

Jaiak dirala-ta

Egilea
Txomin Garmendia
Komunikabidea
Diario Vasco
Mota
Kronika
Data
2001/06/26

Aldaketak indar duten mundua egokitu zaigu guri, eta gure pestak ere ezin zitezkean orretatik libratu. Aldaketarik aundiena, pesta-zaletasunaren galtzean sumatzen det ordea, eta ori da tristea. Danetatik aseta bizi gera nunbait eta poz-bidea aurkitzen ez daukagu erreza.

Gure Udaletxetako gizonak edo pesta antolatzailleak sekulan baiño buruauste geiago darabilkite gaur erriko jaiak antolatzeko, sekulan baiño diru geiago izanik. Sinisteak lanak ditu. Ainbeste lan egin pestak antolatzen eta gero, «pesta eskaxak jarri dituzute» edo antzekoak entzun bearra ere, ez da ederra izaten. Probatutako bat ari zaizu idazten irakurle.



Gaurko pestetan erri-bazkariak eta erri-apariak ugaldu dira eta ortxe daukagu poz piska bat. Bearrezkoak etorriko zitzaizkigun gaiñera, lengo mandiotako edo ezkaratzetako bazkari aiek azkenetan bai ditugu. Batez ere gaurko etxekoandre gazteak, arrazoi aundiz, ez daude eltzekada garbantzu aiek jartzeko.



Garai bateko garbantzu goserik ez daukagu, baiña euskaldunak ain jan-eran zaleak geranez, erri-otordu oiek alakoxe giroa sortzen digute eta oieri eskerrak piztuten dira pestak. Or, ustegabeko artistak ere sortzen bai dira eta ori polita izan.



Erri pesta galtzen ari zaigu eta pesta opiziala indartzen; adibidez, garai bateko pesta nagusi dantza izaten zan; soiñua asten zan orduko ura dantza gogoa! Gaur sekulan baiño dantzari obeak dauzkagula esan bear, baiña opizialak; soldataren truk kanpotik ekarritakoak ikusiko ditugu, eta danak berdintsu egingo dute gaiñera aurreskua edo edozein sailletan asten dirala ere. Aurresku orri, dantza-soka ere deitzen zitzaion eta etzegon kanpotik dantzaririk ekarri bearrik. Dantza-sokik gabeko pesta, berriz, pesta eskaxa juzkatuko zan. Gaiñera, polita izaten zan, batzuk dantzari onak, besteak, ez ainbestekoak eta tartean, bai balio gutxikoak ere. Ezberditasun orrek bazun bere aberastasuna; onari gusto geiago artzen bai zaio txarra ikusi ondoren, adibidez.



Gaurko musikari edo soiñujolean kontra ez daukat ezer, adiskideak ditut asko, baiña pena ematen didate askotan, ainbeste diru pagatu eta dozenabat ume bakarrik ikusten bai dira saltoka sarritan. Ez da beuren errua, baiña garai bateko soiñujole bakar aiek geiago balio zuten oraingo 'conjunto' guztiak baiño. Nolaz aaztu, Soroa bat, 'Tarragona' bat, Erramontxo bat, Kaxiano bat eta abar?



Dantzaz aparte, beste gauz askorekin berdin gertatu dala esan bear; adibidez, bertsolariak nun daukate garai bateko grazia? Erri prankotara zenbaki edo numeroa egitearren eramango dituzte, baiña gaiñontzean... Eguneroko onetan irakurri nun Olaberri'ko Sanjuanetako egitaraua, eta zeiñek esan bear garai batean San Juan eguneko meza-nagusi ondorena bertsolaririk gabe izango zala? Lazkao Txiki zana begira balego sinistuko ote luke? Orrela beste erri asko.



Ara, aseta bizitze onek zertara ekarri gaitun! Danan gaiñetik pakea izan dedilla.

Dokumentuaren akzioak