Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Atzera begirako zubi luzea

Dokumentuaren akzioak

Atzera begirako zubi luzea

Agus Perez, antzerki kritikoa

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Iritzia
Data
2003/02/12

1937, gogoaren bidezidorretatik izeneko lanean antzerkiaren eta euskal dantzaren esparruetako izen esanguratsu batzuek kolaboratu eta zubi moduko bat eraiki dute. Atzera begirako zubi luzea, gerra galdu hartan erbestera joandako ume edo nerabeengan hasi eta gure egunetaraino ailegatzen dena.



Egia da bertan azaltzen diren bizipenak urte haietakoak direla, baina egia da era berean nagusien bihotzetan bizi-bizirik dirautela aro gogor haiek eta gaurko gazte batzuen oin eta bihotzek biziberritu dituztela, oroimenaren garra oraindik ere piztuta dagoela gogoratzeko.



Ikusle soilaren begiradatik dantza eta irudi filmatuak dira nagusi. Antzerkiaren zeregina dramaturgia sotil-sotilean eta, beharbada, dantzarien bigarren mailako keinutasunean geratu baita. Nire uste apalean eder-ederra da dantzaren burutzapena eta itzelak dira taldeak erakutsitako prestakuntza eta kemena. Bestalde, guztiz interesgarria deritzot Jon Maiak diseinaturiko koreografiari, euskal dantzaren errespetu eta ezagueratik abiatuta libreagoa den zerbait eratzen jakin izan duelako.



Atzean proiektatzen diren irudiak dira ikuskizunaren beste osagai nagusia eta haietan ere igartzen da egindako lan eskerga, garaiko filmazioak bilatzean eta muntaiarako egokienak zirenak hautatzean. Amaitzeko, ezin dugu aipamenik gabe utzi Juan Mari Beltranen soinu-bandaren edertasuna, baina, beste ezeren gainetik, lanak transmititzen duen poztasuna eta elementu guztien arteko kohesioa goraipatu nahi ditut.

Dokumentuaren akzioak