Dokumentuaren akzioak
Atzera begira
Fokuen azpian
Miguel Muñozek zuzendutako lanak lau pertsonaia bazterturen bizitzak plazaratzen ditu taula gainean, diskurtso potolorik gabe, euren oinaze sakonetik probetxu errazik atera gabe, eta denbora guztian guztiz maitagarri eginez beren itxura miserable, ilusio xume eta sinpletasun garbiarekin. Antzezpenetan probetxu ederra atera diete kale-antzerkian denek duten eskarmentu ezin hobeari eta, gainera, aipatzeko modukoak dira musika, argiztapena eta, batez ere, eremu eszeniko miresgarria. Lekua: Irurtzungo Kultur Etxea. Eguna: gaur, 22:00etan.
-GOGOAREN BIDEZIDORRETATIK. Atzera begira jarri gintuen 1937, gogoaren bidezidorretatik izenburuko lan hark, eta aurrekoan bezala, behin baino gehiagotan ikusi nuen estreinatu zenean eta beste behin ere ikusiko nukeen, oroimen historikoa bizirik mantentzeko eta, bide batez, Kukai dantza taldearen freskotasunaz gozatzeko. Askok gogoratuko dutenez, argumentuak 1937ko maiatzean erbestera bidalitako haurren odisea jasotzen du, leku berezia emanez haur eta gaztetxo haien bizipen eta sentimenduei.
Tanttakak Mireia Gabilondoren bidez prestaturiko dramaturgia Bitoriano Gandiagaren poema eder batekin hasten da eta jarraian gerrako irudi dokumental hunkigarriak Juan Mari Beltranen musika ederrarekin eta dantzarien keinu eta pausoekin nahasten dira, intentsitate handiko ikuskizun hunkigarria lortu arte. Bestetik, aipatzeko modukoa da Jon Maia koreografoak egindako ahalegina Euskal Herri osoko dantzak eta pausoak baliatzeko, batzuk diren moduan eta batzuk beren jatorritik eratorriak.
Lekua: Iruñeko Gayarre antzokia. Eguna: gaur, 20:00etan.
-ARRISKU GUTXIKO LANA. Atzera begira jarri zen Teresa Nieto dantzaria Consuelo sortu zuenean. Taula gainean bera eta Claudia Faci ikusiko ditugu, Jesus Caramesekin batera. Emakume biak aspaldiko lankideak dira Nietoren dantza konpainian eta bien artean oraingo emakume heldua eta lehenago gazteagoa zena interpretatzen dute. Gizonezkoa, ordea, ezinbesteko elementua da emakume helduak gogoan dituen bizipen gozo eta garratzak irudikatzeko.
Nietok bere jatorri flamenkoa dantza garaikidearekin uztartzen jakin izan du aurreko garaietan, nahiz eta beti ibili den dantza eta antzezpenaren arteko bideetatik. Oraingoan are argiagoa da dantza antzeztuaren aldeko hautua eta horrek asko murriztu du lan honen arriskua: bizipen unibertsalak baino interes gutxiko kontakizun pertsonalak plazaratzen ditu emanaldian zehar, eta egoera bakoitzaren garapena erraz-erraz aurreikus daiteke, sorpresa gutxirekin. Begirune osoarekin esanda, aproposa da benetako dantza gutxitan ikusten dutenentzat. Lekua: Donostiako Egiako Kultur Etxea. Eguna: bihar, 20:00etan.
Dokumentuaren akzioak