Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Atxagaren hitza dantza bihurtuta

Dokumentuaren akzioak

Atxagaren hitza dantza bihurtuta

Belar Gorria taldeko Laida Azkona dantzariak 'Hasiera. El Principio de la incertidumbre' ikuskizuna sortu du - Atxaga idazlearen testuak oinarri ditu

Egilea
M. Rubio
Komunikabidea
El Pais
Tokia
Bilbo
Mota
Erreportajea
Data
2010/01/04

Salzburgon (Austria) du sorburua lan honek. Experimental Academy of Dance akademian ikasle zenean bakarkako lana egin behar izan zuen Azkonak. Horretarako, Bernardo Atxaga idazlearen Hogeita hamazazpi galdera mugaz bestalde dudan kontaktu bakarrari poeman oinarritu zen. "Beti gure inguruan egon den poema da. Laboak abestu zuen, esaterako, eta bizi guztian entzun dugun kantua da", dio Azkonak. Olerkia hurbilekoa eta, era berean, hunkigarria zitzaion, 18 urtez geroztik atzerrira dantza ikastera alde egin baitzuen. Horregatik, inspirazio gisa hartu zuen olerkia.

Ia hamarkada bat beranduago, lan hura berreskuratu eta osatzea erabaki du Belar Gorria taldeak. Jean-Marc Serrano dantzariarekin batera Azkonak sortutako taldea da, hain zuzen ere. Dantza garaikidea lantzeko sortu zuten, baina diziplina ugari uztartzen dituzte. Oraingoan ere halaxe izan da. Lehenik, Bernardo Atxagaren ia obra guztia jaso dute. "Norantz joan behar genuen jakiteko, bere lan guztiak hartu ditugu, eta collage handi bat egin dugu". Collage hori egiteko hautaketa egitea nekeza izan da, Azkonaren hitzetan. "Momentu batean liburuz inguratuta ikusi genuen gure burua. Dena ederra eta baliogarria zen, baina Atxagaren testuak antzeztu beharrean, bere kontzeptuak aukeratzea pentsatu genuen".

Horretarako hainbat bide erabili dituzte. "Koadro bat egin genuen. Gure kontzeptu berriak koadro horretan sartu, eta Atxagaren testuak ere hor kokatu genituen. Horrela, Atxagaren liburuak alde batera utzi, eta gure istorioa lantzen hasi ahal izan genuen". Jokoak eta inprobisazioa ere erabili dituzte, besteak beste. "Gutako batek kanpotik testuak irakurtzen zituen, eta besteak inprobisatzen zuen. Inprobisazio horietatik abiatuta asko sortu dugu, gustatzen zitzaiguna hartu eta berregiten baikenuen".

Desertuan kokatu dute ikuskizuna, Atxagaren obran presentzia handia duen elementua baita. "Guretzat oso baliogarria zen, desertu hori eskenatokiaz gain, norberaren desertu intimoa ere izan daitekeelako". Testua "literalki" ikusi daiteke batzuetan, baina testutik urrundu egiten da askotan ikuskizuna. "Guk ez dugu antzerkian bezala bere lana ekarri nahi izan. Testuingurutik ateratzeko lan asko egin dugu. Poesia oso bat hartu beharrean, esaldi bat aukeratu dugu, adibidez. Esaldi horren esanahia erabili dugu. Beste batzuetan, norberak egiten dituen loturak kontuan hartu ditugu, eta horietatik abiatu gara sortzeko".

Atxagaren ideien eta artisten ideien arteko uztarketa da ikuskizuna, beraz. Obraren izenburuak agerian uzten duenez, Heisenberg fisikoaren printzipioa izan dute lema. Zer edo zer behatu eta aztertzen dugunean aztergaiari eragiten diogula dioena, alegia. Diziplinen arteko uztarketa ere nabaria da. Testuen ahozko irakurketa egiten da batzuetan, eta musika bidez egiten da narrazioa beste batzuetan. Hala ere, gorputza da ardatza, "interpretazio fisikoa" egiten ahalegindu direla baitio nafarroako dantzariak.

Huarteko Arte Garaikide Zentroan aurkeztu dute proiektua, eta harrerarekin pozik da Azkona. Ikusleei ulergarria egin zaielakoan da. "Gure beste lanetan ezer ulertzen ez zutenek, orain, testua egotean, zerbait ulertzen dute. Oso ongi hartu dute, eta Atxagaren lana jendearengana gehiago hurbiltzeko balio izan duela uste dut". Belar Gorria taldea beste proiektuetan ere murgilduta da, baina apiriletik aurrera Hasiera. El principio de la incertidumbre lana taula gainera ekarriko dute.

Dokumentuaren akzioak