Dokumentuaren akzioak
Atxagaren desertuaz
Duela zenbait urte, Laida Azkona Goñi (Iruñea, 1981) Salzburgon zen, 18
urte dituenetik bezala dantzan, bakarka. Eta Bernardo Atxagaren 37 galdera mugaz bestaldean daukadan kontaktu bakarrari
izeneko poemarekin egin zuen topo (Esaidan, zoriontsuak al zarete/
mugaz bestaldeko biztanleak?/ Kausitzen al duzue maitasunik/ sikira
zuen maitatuen arteko/ ehundiko hogeitabost edo/ hogeiaren baitan, ala
hemen bezala/ mutu al diraute telefonoak,/ bihotz mortuak bailiren
gauez gau / bihotz mortuak bailiren etxeko/ laberintoaren azkeneko
salan?).
«Atxagaren poesia, asko nostalgiari buruz eta erbesteaz da»
dio Azkonak, «eta horrek ukitzen ninduen. 18 urte nituenetik kanpoan
izan naiz, Londresen, Salzburgon, New Yorken, eta orain ari naiz
itzultzen, baina bi hilabetean behin Bruselara joaten naiz, edo lana
dugun tokira». Baina poema hark ukitu, eta lanean hasi zen, Atxagaren
testuak dantzaren hizkuntzarako prestatzen.
«Uste dut Atxagaren poesiak dantzarekin lotura baduela. Prosa
ere asko gustatzen zait, baina uste dut poesiak, similak eta egiteko,
askoz toki gehiago uzten digula dantzarioi». Eta gaur, Uharteko Arte
Garaikide Zentroan, Hasiera, El principio de la incertidumbre lana aurkeztuko du. Dantza-antzerkia-poesia-musika.
«Poemas & Híbridos liburuko lanak erabili ditugu, eta Henry Bengoa inventarium, eta Eroen alfabetoa...
Ia Atxagaren lan guztia esku artean izan dugu. Lehen lana, haren
poesiak aukeratzea izan zen, eta gero koadro batean jartzea. Ni, eta
Jean-Marc Serrano Deladoey, eta Belar Gorria dantza taldea osatzen
dugun guztiok. Behi euskaldun baten memoriak-etik ere hartu
genuen... puzzle handia da. Ikuskizunean, euskara eta, gehienbat
gaztelania agertzen da. Beharbada, euskal bertsioa egin beharko
genuke».
«Poesia intimista»
«Nola definituko nukeen Atxagaren poesia? Oso intimista,
metafisikoa esango nuke. Erbesteaz hitz egiten du, desertuaz... eta guk
lan hau desertuan kokatu dugu. Atxagak esaten du desertua itsasoa izan
daitekeela, edo paisaia elurtu bat. Desertua izan daitekeela hiri
batean ikusten dituzun aurpegi guztiak. Eta guk barne desertu bat egin
dugu. Norbere garapenerako bidaia, nolabait esanda. Oso esentzialak
diren gauzei buruz galdetzen diogu geure buruari».
«Atxagak hori dauka. Eta askoz gauza gehiago ere bai».
«Esaterako, nola hitz egiten duen oso gauza pertsonalei buruz,
oso zinematografikoki. Plano urruti bat hasieran, espazioa azaltzen
hasteko, eta azkenean oso barneko gauzak esateko. Oso gauza gogorrei
buruz distantziatik hitz egiten du. Henry Bengoa inventarium,
esaterako. Asko interesatu zaigu benetako sentipenok azaltzeko, nola
erabiltzen dituen alfabetoak. Guk esango genuen, 'barrenean sentitzen
dut hau eta hau...', eta berak kontrakoa egiten du, zoom out».
«Edo trikuari buruz nola hitz egiten duen. Atxagak dio ez
dutela begiek ikusten, buruak ikusten duela. Horrekin lan handia egin
dugu. Haur batek nola ikusten duen mundua, edo txakur batek, edo triku
batek. Zer pentsa dezake triku batek heriotzari buruz, baldin eta bere
hizkuntzan bakarrik insektu, argia, jan nahi dut baldin bada?».
Metafisika eta errealitatea
«Gero, kontrasteak» dio Laida Azkonak. «Nola sartzen dituen oso kotidianoak diren gauzak. Made in Germany
hori, esaterako. Nola hausten duen oso mundu metafisikoa errealitate
kolpeekin, egunerokotasunarekin. Horrek umorea ekartzen du. Edo guk
guztiok harekin bat egitea, harengana hurbiltzea. Oso testu literario
batean, bat-batean zerbait oso identifikagarria sartuz».
Eta hori guztia, Atxagaren poesia xehetu eta gero ateratako ondorio eta gogoetekin, dantza sortu dute.
«Asko xehetu dugu Atxagaren poesia. Eta gero, gure alfabetora
ekarri dugu. Guk esaten genuen, 'desertu bat', eta taula bat egin
genuen desertuarekin lotutako gauzekin: gaua, eguna, egunsentia. Eta
hainbat ideia eta kontzepturekin lotzen genuen. Gero, koadro batean,
gure aukeraketaren testu zati oinarrizkoenak jartzen genituen. Koadro
hori gure gida izan da».
Ikuskizunean, batzuetan, testuak ez dira esaten, beste
batzuetan audioak daude. Atxagak askatasun osoa eman zien testuekin
jolasteko, apurtu edo nahi bezala lotzeko.
«Dena oso zatikatuta dago. Hasieran, galdera sorta dago, gure
koadro horretan ageri diren galderak. Hori da gure testua: Atxagak
egindako galderak. 37 hain zuzen ere».
Hortik abiatuta, ikuskizun «oso fisikoa» egin dutela dio
dantzariak, eta diziplinen arteko lana nagusitu dela: dantzariak,
antzezleak, eszenografoak, artista plastikoak... Baina dantza, muinean.
Dantza garaikidea. Gorputzak komunikatzen baitu dena.
HASIERA, EL PRINCIPIO DE LA INCERTIDUMBRE
Taldea: Belar Gorria (dantzariak: Laida Azkona Goñi eta Jean-Marc Serrano Deladoey).
Non: Uharteko Arte Garaikide Zentroa (Nafarroa).
Noiz: Gaur eta bihar, 20:00etan.
Dokumentuaren akzioak