Dokumentuaren akzioak
Atorrak eta Laminak: suspertze baten istorioa
Usadioak agintzen du Atorrak goitik behera zuriz jantzita joan behar direla, eta horrelaxe kaleratzen dira egun ere. Musika tresnak eskutan, Mundakako kaleak eta bazterrak zeharkatzen dituzte inauterietan. Herri osoa euren pentsuan egoten da, ibilbidean barrena abesten lagun eginez. Duela 40 urte inguru adostu zuten urtero kanta berri bat sortzea. Pieza hori eta arinagoko urtekoa abesten dituzte aratusteetako kalejiran. Horiekin batera, baina, urtero “falta ezin direnei” ere tokia egiten diete, ia bizitza osoa Ator modura daraman Gaizka Lozano mundakarrak azaldu duenez. Jotzen eta abesten dituzten kantek oinarri bi dituzte: “Batetik, Mundakako ohitura eta historia aipatzen dituzte kantuek; bestetik, herriko kuxkuxeoak, pasadizoak edota herritar entzutetsuen pasarteak, egungo kontuez gain”.
Urterik gogorrenen gomuta.
Atorren tradizioak urte latzak bizi izan zituen frankismo garaian –kalejira ahal bezala egiten jarraitu bazuten ere–, eta zenbait urtez kopuru aldetik murritz ibiltzea tokatu zitzaien. Edozelan ere, egun, taldea biziberrituta eta sendo dagoela argitu du Lozanok: “Mundakan ia 2.000 lagun bizi gara, eta lau herritarretik bat Lamina edo Atorra da. Mundakarrek bere-berea duten ohitura da, benetan berezia. Lehen, oinordetza familiartean egiten zen, belaunaldiz belaunadi. Egun, kuadrilla edo lagunarteen txandapasa da jarraipenaren bermea; hori eta kide beteranoenen insistentzia nekaezina”.
Lau herritarretik batek parte hartzen du Ator edo Lamina legez aratusteetan
Atorren tropelak, bestalde, badu bereziki nabarmentzen den partaide bat: zuzendaria. Taldearen aurretik egin ohi du kalejira, eta bere egitekoa hala musika, nola ibilbidea egoki betetzen direla ziurtatzea da. Horretarako, Atorrak inauteriak orduko azken bost zapatuetan elkartzen dira; azken entsegu saioa, hain zuzen ere, egun handiaren bezperan egiten dute.
Kalejirak udalerriko txoko guztiak bisitatzen ditu. Gainera, egiten dituzten geldialdietako askok ia-ia antzerki itxura dute; esate baterako, horietako batean, Ator bat balkoi batera igotzen da, eta Lamina bati ahiezko tostadak ematen dizkio. Beste batzuetan, plaza osoa makurrarazten dute. Jendearen erantzuna sekulakoa da: “Urteren batean, ia-ia ikusle gehiegi ere egon izan da; kaleetako batzuk estuak dira, eta larri ibili izan gara lekua egiteko. Izan ere, bertoko herritarrek sekulako intentsitatez bizi dute kalejira, eta kanpokoentzat, ostera, zerbait bitxia da. Horrez gain, abestien hitzak dituzten liburuxkak banatzeak ikuslea jaiaren partaide egiten du”.
Laminak, ezinbesteko pieza.
Inauterietako oinarrizko pertsonaiak Atorrak izanda ere, diktadura ostean, mundakar emakumeek urrats bat aurrera egin zuten, eurak ere inauterietan protagonista izan zitezen. Imajinaren baten inguruan antolatzeko, baina, mitologiaren iruditeriara jo zuten. Udalerrian –eta Euskal Herri osoan– lamiekin erlazionatutako folklorea oso agerikoa denez, horixe hartu zuten leitmotiv bezala. Horrelaxe jaio ziren Mundakako Laminak. Aratusteak, egun, “imajinaezinak” dira eurak barik, urteak pertsonaia hori gorpuzten daramatzan Eunate Lozanok azaldu legez: “Inauterien ekuazioan Atorrak baino beranduago eta bestelako moduan sartu arren, ezinbesteko pieza gara: Gaur-gaurkoz, Atorrak ezin dira planteatu Laminak barik”.
Pertsonaia hori, hain zuzen ere, Atorren kontrapuntu modura uler daiteke: Atorrak zuriz doazen heinean, Laminak beltzez janzten dira; lehenengoek musika jotzen dute, bigarrenek, aldiz, dantza dute ardatz; lehenengoak eguerditik kaleratzen dira, bigarrenak, soilik arratsaldez.
Kalejiraren zati bat beraien kabuz egiten duten arren, Laminen tropela Atorrenagaz elkartzen da Goiko Kalean; “une gogoangarria” izan ohi da hori ere. “Atorrek urtero egiten duten abesti berrietako bat Laminei eskaini ziguten behin, gure sorrera kontatuz; guztiok aho batez kantu hori abestea zeharo magikoa da”, dio Eunate Lozanok.
Pertsonaiok euren artean kontrapuntua dira estetikoki, baina elkarren “osagarriak”
Euskal Herriaren luze-zabaleko nahiz eskualdeko zenbait folkore adierazpidetan–Alardea, Marijesiak…–, astiro eta nekez egin dute emakumeek beren asimilazio bidea. Laminen kasuan, barneratze hori “guztiz naturala” izan zela nabarmendu du Lozanok: “Egia da urte batzuetan kopuru aldetik larrixeago ibili garela, baina, oro har, taldeak beti babes eta jarraipen handia izan ditu, herriko kultur talde askotan dabilen jendea aritzen baita bertan, hau da, kulturarekiko eta herrigintzarekiko konpromisoa duena”. Taldea oso osasuntsu dago: “Aurtengo bigarren entseguan, 147 lagun elkartu ginen”.
Antolakuntza aldetik ere, elkarteak serio jarduten du: lauzpabost bilera egiten dituzte, entseguez gain. Jarraipenari dagokionez, beste horrenbeste: “Belaunaldi txandapasa ederra dago. Aurtengo entseguetara hamasei urte inguruko zenbait herritar etorri dira. Badira motiboak, beraz, etorkizunari itxaropentsu begiratzeko”, argitu du.
Neba-arrebek aho batez diote eguraldia dela inauteri domekako aldagai nagusia. Gaizka Lozanok adierazi du iazkoa moduko aro onagaz “ikusle tropelak eta tropelak” bertaratzen direla Mundakara. Euria protagonista denean, ostera, txanponaren ifrentzua bizitzea suertatzen zaie Atorrei eta Laminei, Eunate Lozanoren arabera: “Urteren batean, kalejira laburtu ere egin behar izan dugu. Edozelan ere, esan daiteke jarraipen polita dugula, ekitaldi euritsuak gorabehera”.
Dokumentuaren akzioak