Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Atlantiko Beltzak Iruñeko kaleak bustiko ditu datozen egunetan

Dokumentuaren akzioak

Atlantiko Beltzak Iruñeko kaleak bustiko ditu datozen egunetan

Musika beltzaren inguruan hausnartzea du helburu zikloak, eta hilaren 21era arte egingo dute
Egilea
Olaia L. Garaialde
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2021/11/12
Lotura
Berria

Atlantiko Beltza zikloan <em>vogue</em>-az eta kalean sortzeaz mintzatuko diren dantzariak, Laba sarea aurkezteko egunean, Iruñean.

Atlantiko Beltza zikloan vogue-az eta kalean sortzeaz mintzatuko diren dantzariak, Laba sarea aurkezteko egunean, Iruñean. IÑIGO URIZ /FOKU

 

«Zergatik ez dugu kalean egiten?». Galdera hori eginez emango diote hasiera 2021eko Atlantiko Beltza zikloari, gaur. Musika beltzarekin eta kulturarekin harremanak sortzea, eta kalera ateratzea du helburu proposamenak, Eñaut Egiluz Iruñerria Jamaika Clash taldeko kideak azaldu duenez: «Espazio publikoa denona dela aldarrikatzen dugu; kalean gauzak egiteko eta antolatzeko eskubidea. Badirudi espazio publikoa etxetik lanera joateko bakarrik dela». Gaurtik 14ra, eta 19tik 21era eginen dute, Iruñeko Katakrak eta Matalazen, eta Burlatako gaztetxean (Nafarroa).

Iruñea Nola kolektiboak jarri zuen martxan jardunaldia, zenbait gai hizpidera ekartzeko. «Afrikar jatorriko musikek komunitatearekin eta politikarekin egiten duten hirukia, eta horren barruan sortzen diren gaien inguruan hitz egiteko, eztabaidatzeko, ikasteko eta gozatzeko aitzakia bat zen», azaldu du Ion Celestino musikariak. Liburu aurkezpenak, hitzaldiak, mahai inguruak eta kontzertuak antolatu dituzte, besteak beste. Hector Martinezek hasiera emango dio zikloari Jan eta kantatu. Soul Food & Blues solasaldiarekin, 19:00etan.

Atlantikoaren bi aldeetatik egon diren trukaketei eta musika beltzari buruzko ziklo bat da Atlantiko Beltza, eta antolatzaileek diote sareak sortzeko aukera ere badela. Esate baterako, azaroaren 20an vogue dantzariek, Iruinkoko libertimenduko kideek eta kaleko sonidero-ek hartuko dute hitza. «Hirurak dira musika eta kulturaren bidez musika mamitzeko eta kalea hartzeko hiri lanabes», adierazi du Celestinok. Horrez gain, elkar elikatzen direla dio: «Haien artean ere lotzen eta saretzen dira. Aurreko hitzaldi eta mahai inguruek Iruñerrian gertatzen ari denarekin harremana dute; atera dira fruituak hortik».

Bi mahai inguru izanen dira soilik euskaraz; biak, bihar. Sortu eta loratu diren eszena eta fenomeno berriez mintzatuko dira Euskal Zepa: Euskal musika putzu sakon eta ilun bat zen mahai inguruan. Gonbidatuak izanen dira, bestek beste, Ion Celestino, Ibil Bedi taldeko Amets Aranguren eta Chill Mafiako Beñat Rodrigo Kiliki Frexko. Egiluzek dio proiektu berri «asko» sortu direla: «Lehen, elkartzeko eta musika entzuteko espazioak zeuden. Estiloez harago doan zerbait sortu da; sare hori ehunduz sortu dira proiektu berriak».

Beste mahai inguru bat ere izango da bihar: Fanzineak: iragana, etorkizuna eta oraina. Parte hartuko dute Andok, Bilbo Reggae Skins fanzinetik, eta Xabi Sagardiak, Soulville fanzinetik, besteak beste. Fanzineek lehen zuten funtzioaz, gaur egungo egoeraz, formatuen aldaketaz eta etorkizunaz mintzatuko dira.

Erreleboa

Belaunaldi aldaketa egon da Atlantiko Beltza zikloan; lehen zikloa antolatzen ibili zirenek 40 urte inguru dituzte, eta orain ari direnek, 25 inguru. «Transmisioak garrantzi handia du musika beltzean; gauza bakoitzak zerbait berria ekartzea, belaunaldi bakoitzak berea egin dezan», esan du Celestinok. Ikasteko aukera bat dela ere azpimarratu du: «Har dezaketela erantzukizuna; zer egin nahi duten, zeri buruz hitz egin nahi duten... Garrantzitsua da haiek berea eman dezaten, guk haiengandik ikasteko eta gurea konpartitzeko». Egiluzen ustez, belaunaldi aldaketa ez da soilik Atlantiko Beltza zikloaren antolakuntzan eman; Euskal Herriko musika beltzaren eszenan orokorrean gertatu da: «Jende gaztea interesatu da musika beltzean; hori islatzen da ziklo honetan».

Iruñeko proiektuez gain, kanpokoak ere aurkeztuko dituzte. Adibidez, 20an Madrilen egiten duten Ovejas Negrax irratsaioaz mintzatuko dira. Ostean, Santi Escribanoren La mecha eta Alex Kidden Skinzines liburuak aurkeztuko dituzte. Azkenik, Sound System-az eta emakumeen lidergoaz arituko dira.

Ardatz asko zeharkatzen ditu Atlantiko Beltzak, eta Celestinok komunitatearen garrantzia nabarmendu du: «Musika, ez salerosteko gai gisa, baizik eta egunerokoan eta komunitate identitatean eragiten duen tresna gisa». Haren arabera, «oso agerikoa» da musika beltzak komunitatea ordezkatzen duela.

Jai giroan, musika eta jakiak uztartuz, eta erritmoak botaz emanen diote amaiera zikloari, hilaren 21ean. Emakumeentzako toasting tailerra eta talo tropikalak eginen dituzte.

Dokumentuaren akzioak