Dokumentuaren akzioak
'Atlantik 1050': oin bat Errenterian eta bestea Eskozian izango duen dantza obra
Errenteria-Orereta eta Edinburgo banatzen dituen 1.050 itsas miliak txiki utzi nahi ditu dantza obra batek. Izan ere, hango eta hemengo sortzaileek Atlantik 1050 kaleko ikuskizuna sortuko dute, elkarlanean. Etxepare Institutuaren #ScotlandGoesBasque proiektuaren barruko beste katebegi bat izango da. Etxeparek berak, Dance Base Eskoziako Dantza Zentro Nazionalak eta Atlantikaldia festibalak hauspotu dute dantza proiektu berria.
Gaur aurkeztu dute egitasmoa, Niessengo dantza entsegu aretoan. Han dabiltza, egunotan, Jen Wren koreografoa eta Amy Geddes musikaria, Dance Basek hautatuta. Ia egunero joaten dena Alain Maya errenteriarra da; Ereintza Dantza Taldekoa izango da, eskoziarrekin batera, Atlantik 1050 sortuko duena. Bi herrietako dantza tradizionalak barnebilduko ditu pieza horrek, pintzelkada garaikideekin.
Fringe eta Atlantikaldia
Eskoziarrak orain egiten ari dira Errenteria-Oreretako egonaldia. Maya uztailaren bukaeran joango da Eskoziara, hango inspirazio iturrietatik edatera. Han eta hemen ikusitakoarekin, Atlantik 1050 lana onduko dute. Bitartean, Mayak berak aitortu duenez, lan birtual handia izango dute egiteko.
Ez dute nolanahiko agertokian estreinatuko. Munduko arte jaialdirik garrantzitsuenean izango da estreinaldia: Edinburgoko Fringen, abuztuaren 9an. Lehenengo suzko proba horren ondoren, irailaren 2an erakutsiko dute, Errenteria-Oreretan, Atlantikaldia jaialdiaren seigarren ekitaldiaren barruan.
Egileak, pozik
Bi herrialdeetako 20-24 bat dantzarik hartuko dute parte kaleko ikuskizunean. Wren izango da Eskoziako dantzariak hautatuko dituena, eta Maya Euskal Herrikoak. Musikariak euskal herritarrak izango dira, Geddes eskoziarrak hautatuta.
Koreografo eskoziarrak esan duenez, garrantzitsua da euskal dantzak ezagutzea eta Eskoziakoekin alderatzea, antzekotasunak azaleratzeko eta zer egin daitekeen ikusteko. Kulturen arteko nahasketa bilatzen duten proiektuak txalotu ditu. Euskal herritarrak Eskoziara joatean harrera beroa egingo dietela hitz eman du.
Mayak, bere aldetik, aitortu du lehen aldiz —fisikoki— elkar ikusi duten lehenengo momentua gaur goizean izan dela. Euskal dantzak hobeto ezagutzeko asmoz, larunbatean Pasai Antxon Alkartasuna dantza taldekoek jokatuko duten maskarada ezagutzeko aukera izango dute eskoziarrek, eta Dantza filma ikusiko dute. Pixkanaka joango dira, era koordinatuan, sorkuntza fintzen.
Atlantikaldia, ispilu
Errenteria-Oreretako festibala da proiektuaren hiru sustatzaileetako bat, eta Etxepareko Irene Larrazak azaldu duenez, hasieratik bat egiteko prestutasun osoa azaldu zuten.
Jaialdiaren ordezkari bezala, aurkezpenean, Julen Mendoza Errenteriako jarduneko alkatea izan da. Horrelako lan batek Errenteria-Oreretarentzat garrantzi handia duela nabarmendu du, eta erraza izan dela elkarlana. “Atlantikaldiak itsasoa du ardatz”, esan du Mendozak, “eta kultur aniztasuna bultzatzen du. Gainera, sorkuntza bereziak egiten dira propio Atlantikaldirako”.
Atlantik 1050 etorkizunera begirako mugarri garrantzitsua izango dela iritzi du, Euskal Herrian egindako eta itsasoaren beste aldean egiten dena uztartzeko bidea erakutsiko duelakoan. Atlantikaldia, ikuskizunak erakusteaz gain, sortzaileentzako tranpolina dela gogorarazi du.
Eusko Jaurlaritza
Bingen Zupiria Kultura sailburuaren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna Euskadiren kanpo irudia izan da. “Gehienetan, industria eta turismoarekin lotzen da, baina agintaldi honetan kulturaren aldeko apustua egin da, Euskadi-Basque Country estrategiaren barruan”, gaineratu du Zupiriak.
Eskoziaren kasuan, harremanak sendotzeko abiapuntua kultura izango dela ziurtatu du. Lan horretan, Etxeparek duen garrantzia aintzatetsi du: “Kanpora begira jartzerakoan, aliatua da. Joan-etorriko iniziatibak egingo dira”. Bukatzeko, esan du Europa zerbait izango bada, kulturen arteko harremanetan oinarritutakoa izango dela.
Eta harreman horietarako, (ahozko) hizkuntzak ez dira beharrezkoak, Mayak bitxikeria batekin agerian utzi duenez. “Lehenengo e-posta mezuan erabaki behar genuen zein hizkuntzatan komunikatu. Jenek [Wrenek] esan zidan: ‘Zertarako hizkuntza aukeratu, dantza baldin badaukagu?‘”.
Dokumentuaren akzioak