Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Atharratzetik Santa Grazira itzuli dira aurten Zuberoako maskaradak

Dokumentuaren akzioak

Atharratzetik Santa Grazira itzuli dira aurten Zuberoako maskaradak

Egilea
Eneritz Zabaleta
Komunikabidea
Gara
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2008/01/13

Negu gorria, oraindik ere oskorri kolore dagoen honetan, abiatu dira Euskal Herrian tradizioz udaberriaren etorrera ospatzen dituzten festak eta ekitaldiak. Zuberotarrek, tradizioari jarraiki, dantzaz, kantuz eta bertso zorrotzez emanen diote ongietorria udaberriari. Itzuli dira maskaradak. Egun abiatuko da, aurtengo maskaradetako 15 jelkadietatik lehena. Tradizioari jarraiki, maskarada Zuberoako herrietan barna emateko ardura duten dantzarien herrian abiatzen da denboraldia. Aurten ere, tradizioari ez diote hutsik eginen, eta maskaradak Atharratzen hasiko dira.

 

Tradizioari jarraiki, barrikada hausteak irekiko du 2008ko lehen maskaradako jelkaldia: «aitzina, dantzariek eta jokolariek herri orotan sartzeko, egiazko murru bat, barrikada bat pasa behar zuten. Behin barrikada hori pasaturik, herrian sartu eta maskaradak ematen zituzten», azaldu digu Joimo Arhancet, Atharratze Jauregia elkarteko arduradun eta aurtengo maskaradetako parte hartzaileak. Tradizioak tradizio, antzinako egiazko barrikadak, gaur egun edariz, pastizez eta bestelako jaki goxoz betetako mahaiak dira, maskaradako parte hartzaileek etxe orotan atzematen dituztenak, eta, aitzina bezala, maskaradekin segitu ahal izateko gainditu behar dituztenak. Goizeko barrikada hausteen ondotik, arratsaldeko maskaradaren ekitaldi nagusiaren tenorea izanen da. 15:30ean iraganen da agerraldi nagusia, Atharratzeko arkupeetako plazan.

7 urte lanean

Aurtengo maskaradan barrikadak hausteko, eta Zuberoako herrien itzulia dantzan egiteko, Atharratze eta Alozeko 30 gaztek parte hartuko dute. Joimo Arhancet maskaradako partaideak argitu digunez, 7 urte daramatzate lanean. Izan ere, 2000. urtean hasi baitziren atharraztar gazteak maskarada honetarako prestatzen, herriak urte horretan eman zituen maskaradak bukatu berritan, hain zuzen.

Urte hauetan guztietan Arhancet beraren ardura izan da Atharratzeko eta Alozeko gazteak Zuberoako dantzetarako trebatzea. Vincent Godermenek, berriz, xorrotxen bertsoen eta kantuen doinuak apailatu ditu eta, hitza, bestetik, Domino Haztoik prestatu ditu. Azkenik, Niko Etxart kantari ezagunaren laguntza ere jaso dute gazteek: maskaradaren azken abestia edo kanthoria berak idatzi du.

Arhanceten hitzetan, maskarada nagusiki «dantza bat» baldin bada ere, aurten ez dira eskas izanen Kabanaren, edo buhamearen peredikuak, xorrotxen ziztada zorrotzak, edo Pitxuren pailazokeriak eta bihurrikeriak. Herriz herri, bertako istorio ezkutuek oihartzuna izanen badute ere, gaurkotasuneko gaiei ezingo diote ihes egin maskaradako gazteek. Hala, martxoko udal eta kantonamendu hauteskundeak aipagai izanen dituzte, seguru, Joimo Arhancetek aitortu digunez.

Gizarte kritika dantzatua

Maskaradak definitzeko, antzinako Zuberoaren kritika sozial dantzatua direla esan daiteke. Dantza eta emanaldi horietan bi talde buruz buru aritzen dira. Alde batetik gorriak, garaiko nobleziaren ordezkariak dira. Bertan agertzen da iraganeko lanbide nobleetako jendea: perzkinak, ferratzaileak, zikiratzaileak... Beltzak, berriz, kanpotarrak edo behartsuak dira. Beltzak etengabe gorriak desafiatzen ibiltzen dira, batzuen jarrera eta arropa garbi eta politikoki zuzenenaren parean, irainak, trufak, zikintasuna... ezartzen delarik.

Antzinako baserri gizartearen parez pareko gatazka horren aitzakian, Zuberoako herrietan urte osoan aipatu ezin ziren kritikak plazaratzeko parada izan dira maskaradak beti. Gaur egun ere, herri bakoitzeko kontuak zorrotz aipatzen dira, baina, beti ere, gaurkotasun gaiek berebiziko lekua hartzen dutelarik. Zuberoako hainbat auzapez, kontseilari eta, oro har, tokian tokiko edo inguru globaleko boteredunei kritika egiteko aukera da maskarada. Erraterako, azken bi urteetan, Zuberoan gaitzeko polemika piztu zuen Piriniotako hartzaren berriz sartzeko ekintzak eta maskaraden gai izarra izan zen. Aurten, aldiz, martxoan heldu diren hauteskundeek berebiziko lekua izanen dute batzuen ele ederretan, eta besteen trufa edo pailazokerietan.

Baina, testuaz eta edukiaz gain, maskaraden ezaugarri nagusia, inauteri festa dantzatuak izatea da. Dantza da maskaradaren oinarria. Maskaradako pertsonaiak dantzariak dira, hala nola zamaltzaina, gatuzaina, txereroa, kantinieresa... Eta maskaradak irauten duen denbora osoan dantzak du protagonismoa. Goizean, barrikada hausteen unean, dantzaz eskertzen zaie etxekoei janaria eta edatekoa. Arratsaldeko ekitaldian ere, dantzak hartzen du ikusgarriko garrantziarik handiena.

p053_f01_199x108.jpg

Dokumentuaren akzioak