Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ate txikitik Parisera

Dokumentuaren akzioak

Ate txikitik Parisera

Idoia Zabaleta, Seine Saint Denis dantza lehiaketan aukeratua

Egilea
Jon Maya
Komunikabidea
Argia
Mota
Erreportajea
Data
2001/11/04

Seine Saint Denis nazioarteko jardunaldi koreografikoak lehiaketa moduan burutzen dira bi urtean behin. Dantza garaikidearen munduko txapelketa dela ere esan daiteke. Izan ere, mundu osoko koreografoak sari bat eskuratzeko lehiatzen dira. Hala ere, guztia ez da horrela esanda dirudien bezain erraza.



Jardunaldien antolakuntza nagusia Parisetik bideratzen da, eta bertako zuzendaritza batzordearen inguruan hainbat plataforma dago eratuta mundu osoan zehar. Bilbon, esate baterako, La Fundicion aretoaren baitan dago antolatuta plataforma horietako bat.



Plataforma bakoitzak, nahi duen irizpideekin baliatuta, zenbait koreograforen lanak hautatzen ditu. Lan horiek plataformak berak antolatzen dituen jaialdietan erakusten dira, eta lehenengoz bertan erakusten zaizkio Pariseko zuzendaritza batzordeari. Zuzendaritzako kideak mundu osoan zehar antolatzen diren jaialdi guztiak ikustera joaten dira, eta horien guztien artean 2002. urteko martxoan Parisen egingo den agerraldi handian erakutsiko diren lanak hautatzen dituzte. Eta aurten koreografo eta dantzari euskaldunak izango ditugu Pariseko ekitaldian, Idoia Zabaletaren «La puta inocencia» lana hautatua izan baita.



Sari handiena hori da hain zuzen ere, Idoiak eskuratu duen hori. Jazoera horrek gauza ugari esan nahi ditu: aurkeztutako lana gauzatzeko diru laguntza jasoko duela, bertako agerraldian mundu osoko programatzaileak bilduko direla eta bulego bat lanak munduan zehar hedatu eta ezagutarazteaz arduratuko dela.



Euskal Herriak aurten ordezkaritza nahiko ederra izan du lehiaketan. La Fundicion aretoak formatu txikiko lanak hautatu ditu, eta egile guztiak euskal herritarrak izatea bilatu du, gainera. Oinarri horiekin, hilaren 19, 20 eta 21ean Damian Muñoz, Idoia Zabaleta, Idurre Azkue, Sofia Asensio, Blanca Arrieta eta Elena Cordoba koreografoek euren lanak aurkeztu zituzten Bilbon. Aretoaren ezaugarriei egokituta, bakarkako, binakako edo gehienez hirukotean eginiko lanak ikusi ahal izan ziren; guztiak dantza garaikidekoak, baina euren arteko ezberdintasun handiekin. Luque Tagua La Fundicioneko kideak dioen moduan, "dantza garaikideak jada badu mende bat, eta horren barruan klasikoa dena eta oso aurrerakoia dena aurki daiteke". Aniztasun hori kontuan hartuta Seine Saint Dennis lehiaketa ere aldatzen joan da. Lehen gutxienez hiru dantzarientzako obrak aurkeztu behar ziren; orain, aldiz, askatasun askoz ere handiagoa dago. Laura Etxeberria aretoko arduradunak dio garaietara egokitzen joan dela: "Koreografo askoren kezkak bestelakoak dira, konpainia handietan jarduten duten dantzari askok sortzen dituzte lan txikiak (bakarkakoak-eta), eta lehiaketa egoera horretara hurbiltzen ari da". Horregatik orain ez dira hainbeste ikusten garai bateko talde handiak. Taguaren aburuz, talde horiek enpresa handien moduan jarduten dute, «ez dute inoren laguntzarik behar munduan zehar ibiltzeko, eta jardunaldi hauek gehiago zuzentzen dira euren burua ezagutzera eman nahi duten talde txikiagoetara".



Aldaketak jardunaldiko hainbat alorretara hedatzen ari dira. Gaur egun, plataformek askatasun osoa dute nahi dituzten lanak aukeratzeko; garai batean hamabost obra bakarrik saritzen ziren, orain gehiago ere izan daitezke... Zuzendaritza batzordeko kideek berregituraketa prozesu batean dagoela diote.



Bilboko plataforma aurten hirugarren aldiz burutu da, eta ekitaldi horietan zehar argi eta garbi ikusi da aldaketa horren norabidea. Lehenengo urtean Arriaga antzokian aurkeztu ziren lanak (formatu handian), aurreko edizioan Barakaldo antzokian (formatu ertainean), eta orain formatu txiki batean erakutsi dira La Fundicion aretoan. Horrek, baina, ez du esan nahi maila eskasagoko lanak direnik, baizik dantza garaikideak bide berriak dituela eta obrak aurkezteko modu berriak daudela.



Promoziorako aukera.



Koreografoen eta plataformako arduradunen esanetan, Seine Saint Dennis promoziorako aukera on bat da. Taguak dioenez, "jaialdirako hautatua izatearekin bakarrik mundu osoan zehar esku askotatik igaroko den txosten batean agertzen zara; horrekin kontuan hartu behar da mundu osoko programatzaileek badutela lan horien berri". Hori dela eta, askotan atzerriko programatzaile horiek lanarekin interesatu eta hori gehiago ezagutzea nahi dute. Esaterako, Euskal Herriko lanak aurkeztu ziren egunetan Bilbon Austria eta Hungariako bi programatzaile izan ziren.



Pariseko azken agerraldirako hautatu diren lanei, berriz, askoz ere ate gehiago irekitzen zaizkie. Saint Denis aretoan 300 programatzaile baino gehiago biltzen dira, eta haiek bertan ikusitako lanak mundu osoan zehar mugitzeko prest izan ohi dira. Idoiari, beraz, aukera ederra zabalduko zaio aurten.



Laura Etxeberriak oso garrantzitsutzat jo du lan hau aukeratu izana: "Orain arte lan asko egin izan dugu, baina bazirudien Paris existitu ere ez zela egiten; orain behintzat badakigu hor dagoela eta iristeko aukerak ere badaudela". Bestalde, euskal koreografo guztientzat aukera bat da. Batzuri mundu mailako zirkuituetan barneratzeko aukera ematen die, eta atzerrian dabiltzan dantzari askori etxera itzuli eta lan apur bat egitekoa.



Euskal Herrian dantzari buruz dagoen politika eta programatzeko ohitura eskasa kontuan hartuta, ez da erraza bertako dantzariek mundu osokoekin lehiatu ahal izatea, batez ere egiturarik ez dagoelako, baina kasu honetan Idoia Zabaletak erakutsi du maila badagoela, eta bertako jendea bultzatzeko arrazoirik ere bai.



Lehiaketaren helburu nagusia sarean lan egitea da, eta horrela lan egiteak aukera asko zabaldu diezazkieke dantzariei.



Idoia Zabaleta, Seine Saint Denis dantza lehiaketan aukeratua



Idoia Zabaleta 1970ean jaio zen Gasteizen. Biologiako ikasketak egin zituen eta alor horretan lizentziatzea lortu zuen. Hala ere, bide horretatik laster urrundu zen, eta dantzari ekin zion bete-betean.



Dantza garaikideko lehenengo ikasketak Julyen Hamilton, Alesandro Certini, Charlotte Zerbey eta David Zambranorekin egin zituen, eta dantza berria eta bat-batekotasuna landu zituen, batez ere. 1992-1994 urteen artean, aldiz, beka bat eskuratu eta Amsterdango Dantza Berriaren eskolan jardun zuen bere ikasketak sakontzen.



Bere jarduera profesionala alor askotara zabaldu da, baina batez ere hiru alorretan saiatu da. Beti garrantzia handia eman izan dio bat-batekotasunaren lengoaiari, eta horri buruzko ikerketa ugari egin du. Azterketekin batera makina bat saio egin ditu hainbat antzezle, musikari eta dantzariekin, ikuslearentzako zuzeneko ikuskizuna eginez eta partehartzaileen arteko lehenengo unearen sentsazioa bilatuz. Gisa honetako proiektu askotan hartu du parte.



Dantzari moduan Bartzelonako Mal Pelo konpainian jarduten du Maria Muñoz eta Pep Ramisen zuzendaritzapean, eta Gasteizko Moaré gunean bere sormen lanak aurrera ateratzen saiatzen da. Ikertzea, dantzatzea eta sortzea. Horiek dira bere hiru oinarriak. Bere sormen lanak bultzada handia izango du orain, Seine Saint Denis lehiaketaren ostean.



Bilbon aurkeztutako koreografiak



- Sabor de agua



Koreografoa: Damian Muñoz



Iraupena: 25 minutu



Musika: J.S. Bach



Dantzariak: Virginia Garcia eta Jorge Jauregi



Damian Muñozen obra ia guztiek bezalaxe koreografia honek ere literaturan du abialekua, oraingo honetan Bernardo Chevillyk 1961. urtean idatzitako testu batean oinarritzen da. Obra oso dantzatua da, mugimendu handikoa. Mugimendua da gizakien sentimenduen adierazlea, eta arintasunak, pisuak edo bestelako jarrera ugari tartekatzen dira dantzarien mugimenduetan. Eszenaratze oso txukuna du.



- La puta inocencia



Koreografoa: Idoia Zabaleta



Iraupena: 25 minutu



Zuzeneko musika: Borja Ramos



Dantzaria: Idoia Zabaleta eta Naveran



Aurkeztutako lan guztien artean bereziena izan zen, batik bat erabilitako elementuak ere bereziak izan zirelako. Dantzarekin batera bideoa eta proiekzioak ikus zitezkeen. Aretoko atzeko atea ireki, eta bertan zegoen saskibaloiko saskian erritmo eta mugimendu bat atzeman zitekeen, proiekzioan beste bat, eta aretoan zegoen dantzariarengan beste bat. Hiru denboratan eginiko striptease moduko bat izan zen. Erritmoen nahasketak ukitu berezia ematen dio obrari.



- Gora Bihotzak



Koreografoa: Idurre Azkue



Iraupena: 21 minutu



Zuzendaritza: Andres Waksman



Produkzioa : Electricas Producciones



Dantzaria: Idurre Azkue



Ironiarekin jokatzen duen emakumea ageri da eszenatokian, baina umore inuzente bat erakusten du baita ere. Inork baino gehiago sufritzen dutela pentsatzen duten pertsona horiei erreferentzia egiten die, eta modu batean telebistako reality showei ere. Protagonistak bere buruari argazkiak ateratzen dizkio, jo egiten dio. Sufrimenduaren hegozentrismoa aipatzen du.



- Donde quieras



Koreografoa: Sofia Asensio



Iraupena: 23 minutu



Zuzendaritza: Andres Waksman



Produkzioa : Electricas Producciones



Dantzaria: Sofia Asensio



Bakarkako lan honek ere emakume bat hartzen du protagonistatzat. Emakume hori bakarrik dago, bizitza ironiaz ikusten du, alkoholarekin arazoak ditu eta horrek denak sortzen du koreografiaren mugimendua.



- Vertigo



Koreografoa: Blanca Arrieta



Iraupena: 22 minutu



Musika: J. Corigliano, Khmer eta Katheen Batte



Dantzaria: Blanca Arrieta



Frida Kalhoren bizitzaren erakuslea da. Bizitzeko izan zituen moduak erakusten dizkigu, eta elementu bezala altzairuzko andamio bat ageri da. Kalhok eraman ohi zuen kortseari ere erreferentzia egiten dio, sufrimenduaren erakusle bezala.



- Sin correa



Koreografoa: Elena Cordoba



Iraupena: 60 minutu



Musika, Gustav Mahler, John Cage, Sonic Youth, Chicks on Speed eta Van Morrison



Dantzariak: Patricia Lamas, Carlos Fernandez eta Elena Cordoba



Ariketa interdisziplinarioa da baita ere, bideo proiekzioak erabiltzen dira. Argiztapen plastikoa du, pintura bailitzan erabiltzen ditu argien koloreak. Bizitzaren gogortasuna adierazten du, giro urbano batean. Mugimenduak ohiko dantza mugimendutik at daude, mugimendu urbanoagoak atzematen dira (hip-hop eta antzekoak). Lan ausarta da.

Dokumentuaren akzioak