Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ate artean

Dokumentuaren akzioak

Ate artean

‘Zoom’

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2001/04/10

Lapsus dantza konpainiarekin abiatu da pasa den asteburuan Bilboko La Fundicion aretoko egitaraua udaberri honetarako. Bartzelonako konpainia gazte honek lengoaia ezberdinez osaturiko ikuskizun borobila ekarri digu, eta lehen momentutik azaleratzen dira bideo, dantza eta espazioaren arteko harremanak.



Hasiera batean, panelez osaturiko egitura kubiko handi bat dago eszenaren erdian eta haren gainean proiektatzen diren bideo irudiek dantzarien buruek eskuekin dituzten erlazioak erakusten dizkigute. Halako batean, kuboaren aurrealdeko atea zabaltzen da eta barruko pasabidetik neska bat abiatzen da guregana, geldo-geldo, bideoko irudiak bere gainean proiektatzen direla. Baina neska irten baino arinago atea ixten da, eta zabaltzen den bakoitzean beste gorputz ezberdin bat ikusten dugu, dela buruz behera eta erdi biluzik dagoen beste neska batena, dela erabat biluzik eta atzekoz aurrera datorren bikotearena.



Espazio zeharo aldakorra



Bideo irudiek oso elkarketa interesgarriak sortarazten dituzte proiektaturiko aurpegien eta kubotik irteten saiatzen diren gorputzen artean. Izan ere, muntaian hainbat elkarketa interesgarri sortzen da, eta, esandakoaz gain, hitzaren eta mugimenduaren artekoa eta gorputzek espazioarekin sortzen dituztenak aipatu behar dira.



Hain zuzen ere espazioarena izan daiteke muntaia honetako alderik interesgarriena, hasierako egitura kubikoa lau panel mugikorretan desmuntatzen delako haietariko bakoitzak beraren atea duela. Panelen kokapenak eta ate bakoitzetik etengabe egiten diren sartze-irteerek artega moduko bat sortzen dute ikuslearengan, eta panel zeharrargien atzetik ikusten diren koloretako argiek zein dantzarien itzal proiektatuek areagotu egiten dute mugikortasun sentsazioa.



Lau dantzarien gorputzak ezin azkar eta malguagoak dira, eta dantza keinu oso bizkor eta zehatzen bitartez garatzen da Joan Sauraren soinu-banda eragingarriaren doinupean. Mugimendua gehienbat norbanakoa da, bizitza errealean gertatzen den moduan, besteen ibilbideak ekidinez eta elkarrenganako hurbilpen labur eta lotsatiak burutuz, elkar ez ulertzearen posibilitateez hitz egiten diguten bitartean.



Baina proposamenak ez dio uko egiten bizitzak dakarren biolentziaz hausnartzeari, eta alde horretatik ahalmen handiko egoera bortitzak sortzen dituzte eta ederki irudikatzen dira besteen gaineko zein nork bere buruaren gaineko manipulazio saioak. Ikuskizunak, dena den, giza izpirituaren alderdi asko hartzen ditu, eta oro har poza eta baikortasuna transmititzen du ironiaz zipriztinduz gizakiaren ezinak eta nahiak.



Ildo horretatik, aipatzeko modukoa da amaierako eszena. Bertan hasierako egiturak bere forma kubikoa berreskuratzen du, baina panelik gabe oraingoan, eta jira-biraka dabil lau dantzariek banaka edo binaka bertatik irten eta sartzen diren bitartean, izugarrizko trebezia erakutsiz eta emanaldian zehar erakutsitako mugimendu segidak laburbilduz. Azken momentuan, baina, dantzari bakar bat ikusten dugu zoro baten moduko konbultsioek joa. Bizitza hain pozgarria ez delako, akaso?

Dokumentuaren akzioak