Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Atarikoak hobeto

Dokumentuaren akzioak

Atarikoak hobeto

Wiesbadengo operako balleta

Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Martxoaren 16a.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2013/03/19
Lotura
Berria

Bizar Urdinaren istorioa ekarri du Bilboko Arriaga antzokira Wiesbadengo (Alemania) Operako Balletaren konpainiak, eta horri esker ezagutu dugu Stephen Thoss koreografoaren estilo berezia.

Bizar Urdinaren sekretua izeneko piezak bi zati ditu eta, lehenengo batean behintzat, badirudi zerikusi gutxi dutela elkarrekin. Hasierako atalean —Atarikoak du izena— Henryk Goreckiren musika paregabeak gidatu du koreografia, eta dantzaren artea bere punturik gorenera heldu da Kleines Requiem für eine Polka-ren sakontasun tragikoarekin. Stephen Thossek berak diseinatu ditu jantzi garaikide ederrak eta dekorazio onirikoa, eta oihala altxatu denean hiri-giro hotz eta gogorra sinbolizatu dute eszena inguruko hiru panel irregular handiek.

Hasieratik bertatik hartu du dantzak sakoneko inspirazioari dagokion indar osoa, eta Thossek tentsio handiko giro iragarlea sortu du, pasio desesperatuzko hiru duetto luze planteatuz eta haien artean konpainia osoaren agerpen laburrak baina kementsuak tartekatuz. Gizon eta emakumeen arteko paradigmaren sinbolizatze horretan agerian geratu da konpainia osoaren maila, bikaintasunera heldu dena bikote bakoitzaren lirismo sublimean. Esandako maila gaindiezina ezin hobeto adierazi da gorputzen arintasunean, oin eta eskuen posizioei emandako esanguran, eskortzo ugarietan eta desplazamenduen erabateko isiltasunean.

Bigarren atalean, berriz, Philip Glassen musikak gidatu du Bizar Urdinaren ipuina. Eszenatokia antzerki itxuran agertu da hasiera batean, kontakizuneko protagonista biak mahai luze bateko mutur banatan zeudela. Hala ere, laster batean desagertu da mahaia, eta eremu eszenikoa ametsetako giroan murgildu da, horma irregularrak eta ateak etengabeko dantzan ibili baitira, haientzat prestaturiko koreografia batean baleude bezala. Bigarren zati honetan, ordea, mugimenduaren diseinua istorioaren hari narratiboaren menpe jarri da, eta dantza hutsaren espiritualtasuna lurrera itzuli da, efektismo hutsalaren morroi eta Philip Glassen espiral erako partituretatik irten ezinik. Amaiera aldera, ordea, Glassen Tirol Concerto for Piano and Orchestra etorri da, eta harekin batera berreskuratu du koreografiak bere jatorrizko indarra eta inspirazio bikaina.

Wiesbadengo operako balleta. / Z / EZEZAGUNA

Dokumentuaren akzioak