Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Astrabuduak ere baditu bere aratusteak

Dokumentuaren akzioak

Astrabuduak ere baditu bere aratusteak

Otsailaren 21ean hirugarrenez antzeztuko du Trabudu Dantzari Taldeak Dantzxori, aratusteetarako beren-beregi sortutako ikuskizuna, Astrabuduko Mendiguren plazan. Haren gako nagusiak azaldu dizkigute.
Egilea
Unai Brea
Komunikabidea
Hiruka
Tokia
Erandio
Mota
Erreportajea
Data
2020/02/12
Lotura
Hiruka

Astrabuduak ere baditu bere aratusteak

Aurtengoa Dantzxori Gure Aratusteak ikuskizuna emango duen hirugarren aldia baino ez bada ere, haren sorrera ez da bart arrastikoa, inondik inora. Esan daiteke gutxi gorabehera mende honen hasieragaz batera gauzatzen hasi zela ideia; Trabudu dantza-taldeak inauteriakaz duen harremana, hala ere, askoz lehenagokoa da, Juan Miguel Luque lehendakariak azaldu digunez: "1976an sortu zen taldea, eta 80ko hamarkadaren hasieran hasi ginen Astrabudura inauteriren bat ekarri guran, zuzenean beste nonbaitetik hartuz eta kopiatuz; garai hartan, Euskal Herri osoko txoko askotan ibili ginen aratuste-sasoian, kamerak eskuetan, beste lekuetan egiten zena ikusteko eta ikasteko: Lantzen, Altsasun, Iparraldean...".   

Geroago etorri zen Erandioko inauteri bat edukitzeko grina. Iraganean halakorik izan zen galdetzen hasi ziren, baina erantzun argirik jaso barik. Bien bitartean, garatuz joan zen gerora Dantzxori izena hartuko zuenaren ideia nagusia: " Txorierriko haranean gaudenez, ardatza txoriak izatea bururatu zitzaigun", dio Luquek, "eta horregaz batzeko Astrabuduko zer edo zer bilatzen hasi ginen". 

Bertako hezeguneari begira jarri ziren orduan, hegazti asko euren migrazio-bidaietan atsedenerako erabilitako gunea baitzen, kutsaduraren erruz erabilera hori asko apaldu bada ere. "Erandion hainbesteko eragina izan duen kutsaduraren gaia gehitzea erabaki genuen, honenbestez", azaldu du Trabuduko lehendakariak. Izan ere, Mendiguren plaza ordubetez hezegunea izan dadin saiatzen dira. Sinbolismoak ez ziren hor amaitu, ordea: mitologiaren eta Erandioko historiaren hamaika irudi eta ikur lotzen ditu Dantzxorik.

Udaberriari ondo-etorria

"Antzinakoen ohiturei begiratuta naturari errespetua nabarmentzen da", dio Juan Miguel Luquek. Kultura zelta ondo ezagutzen du, eta haren barruko Imbolc jaia, otsailaren 1ean ospatzen dena, ekarri digu gogora: "Udaberriaren jaiotza da hori; orain ekinozioa ospatu ohi dugu, baina hori, berez, udaberriaren tontorra da, hor hasten da udaberria galtzen eta uda etortzen". 

Oraindino sasoi berri horri ondo-etorria emateko egunotan ditugun ohiturak aipatu ditu Luquek: "Iturenen eta Zubietan, Imbolc-eko dataren inguruan, joareak jotzen dituzte espiritu txarrak uxatzeko eta lurra iratzartzeko; eta beste berdin egiten da Santa Agedan, esaterako". Horren haritik, Trabuduk garbi izan zuen bere aratuste-ikuskizunaren ezaugarri garrantzitsu batek alaitasuna izan behar zuela. "Giroa epeltzen hasi dela ospatzen da, gero eta eguzki gehiago dagoela, gose izateari uzten zaiola (gaur egun supermerkatuak ditugu baina garai batean neguaren amaieran gosea izango zuten, biltegiak hustu ahala), eta abar".

Kultura zeltarekiko loturari eutsiz, lau elementuak (ura, lurra, sua eta airea) Dantzxoriikuskizunean adierazteko modua ere bilatu zuten. Eta horretarako, zer eta Astrabuduko sarreretako batean, itsasadarraren ertzean dagoen Sustraiak eskultura baliatzea erabaki zuten, goiko argazkietako batean ondo ikus daitekeenez.

Hiru jentilak

Sustraiak eskulturak hiru lanbide adierazten ditu: nekazaria, arrantzalea eta fabrikako behargina. Nekazaria, esan beharrik ez dago, lurragaz lotuta dago; arrantzalea uragaz, eta fabrikako langilea, berriz, aireagaz elkartu zuten Trabudukoek: "Lantegiakaz lotu genuen airea, lan bila etorritako migratzaileengatik, txoriak hezegunera airetik etortzen diren bezala". Laugarren elementua falta zitzaien, sua alegia. "Astrabuduko futbol-zelai berria egiteko induskatzen hasi zirenean harri bolkanikoak agertu zirenez, behar genuen laugarren sinboloa sumendia izatea bururatu zitzaigun", argitu du Juan Miguel Luquek. 

Sustraiak eskulturako hiru figurek, bide batez esateko, jentilen rola betetzen dute Dantzxoriikuskizunean: "Oparien bidez lurra iratzartzen ahaleginduko dira, nahiz eta lurrak, gizakiok eragiten dugun etengabeko kutsaduraz nekatuta, nahiago izango duen betiko lotan geratu". Urtaro bakoitzak bizitzaren zikloan zer garrantzi duen erakusten saiatzen da Trabudu taldea Dantzxoriren bidez, eta hain zuzen ere jentilak arduratzen dira urtaro bakoitzaren elementu bereizgarriren bat ekartzeaz, "ondoren sorginek ereingo dutena".  

Txoriak genituen maite

Ikur gehiago: Astrabuduko Atxutegi eta Bilboko Kontsulatua kaleek bat egiten duten lekuan hiru harri daude, "hiru arrautzaren modukoak", eta ikuskizunaren sortzaileek beste lotura sinboliko bat egiteko horiek erabiltzea erabaki zuten. "Gure inauteria hiru alderdigaz elkartzeko baliatu genituen", dio Luquek. Horietako bat ingurumena da, eta hori ordezkatzeko txori bat sortu zuten: Lertxuntxu. Beste arrautza garrantzitsu bat tradizioarena eta alaitasunarena da, eta horri dagokion txoriak Dantzxori du izena, hain zuzen ere. 

Euskara da hirugarren alderdi nagusia, eta Txindorra txoria, haren ikurra. Hau da, txantxangorria, bertoko euskaraz esanda. Izan ere, ikuskizuna prestatzeko egindako hamaika lanetako bat inguruko adineko pertsona euskaldunakaz berba egitea izan zen, "hemengo txorien izenak zeintzuk ziren esan ziezaguten", Juan Miguel Luqueren berbetan. Ez da harritzekoa ikuskizunaren hasierako ideia biribiltzeko hamabost urte baino gehiago behar izana. 

Badago protagonismo bereziko beste hegazti bat Dantzxorin: Kina, betidaniko ohiturari jarraituz Astrabuduko hezegunera ailegatzen den hegabera bat, dena zikin eta animalia barik topatzen duenean harritu egiten dena eta ikusleakaz eta Basandere pertsonaiagaz berba egiten duena (hezeguneko anderea da Basandere) ingurumenaren egoera negargarriaren gainean. Azkenik, kaioak daude: euren egiteko nagusia aipatutako hiru arrautzentzat habia prestatzea da.  

Beren-beregi sortutako musika eta dantza

Igarriko zenutenez, antzerkiak berebiziko garrantzia du Dantzxoriren emanaldian. Baina dantza-talde baten sorkuntza izanda ulertzekoa denez, musika eta koreografiak dira ikuskizunaren ardatz nagusiak. Den-denak Trabuduk sortutakoak. Honela azaldu du Juan Miguel Luquek sorrera-prozesua: "Dantzxorin hamaika doinu entzuten dira, eta denak dira nik asmatutakoak. Burura etorri ahala grabatu egiten nituen, eta ondoren Idurre Erauskin musika-irakasle eta taldeko kideari ematen nizkion hark partiturak idatz zitzan, nik ez baitakit solfeo askorik. Beste alde batetik, taldeko dantzariei entzunarazten nizkien, ea doinu bakoitzagaz zer dantza-mota egin zitekeen galdetuz (makil-dantza, zinta-dantza, jota, fandangoa, jauzia, arku-dantza...); hortik abiatuta asmatu zituzten koreografiak". 

Prozesuak aurrera jarraitu du 2018an Dantzxori lehenengoz jendaurrean aurkeztu zenetik, eta horri esker, otsailaren 21ean ("ia-ia Ilargi berriagaz") egingo duten emanaldian aurreko urteetan ikusi ez diren dantza berriak erakutsiko dituzte, seguruenik, eta aurreko urteetan legez, plaza beteko duen jendetzarentzat. Tradizioak, tradizio izateko, ez du urte askoko ibilbide luzea behar derrigorrez.  

Astrabuduan euskaraz

Oinarria dantza izan arren, testua ere badu Dantzxorik, eta den-dena euskarazkoa da. "Eztabaida handia izan genuen horretaz", azaldu du Juan Miguel Luque Trabudu taldeko lehendakariak, "Astrabudua ez baita oso auzo euskalduna". Azkenean ikuskizunak euskara hutsezkoa izan behar zuela erabaki zuten, "eta jendeak kontzientzia apurra garatu beharko zuela horretaz". Edozelan, ikuskizuna azaltzen duen triptiko elebiduna banatzen dute, euskaraz ez dakitenei ere elkarrizketak zelan edo halan ulertarazten saiatzen dira, hizkuntza ahalik eta errazena erabiliz, eta keinuen eta argiztapenen bidez berbei lagunduz. "Lehenengo urtean hanka-sartzea egin genuen", dio Luquek, "testuak hizkuntza bietan ageri ziren orriak eman genizkien ikusleei, baina gero ezin zituzten irakurri, ilunegi zegoen eta".

Dokumentuaren akzioak