Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Asteasun Dantza-soka egingo da berriro

Dokumentuaren akzioak

Asteasun Dantza-soka egingo da berriro

Angeles Uzkudun da Dantza-sokaren aztarnaren berririk zehatzena eman duen herritarra. Bere oroimena 36ko gerra aurreko garaira doa, euskal kulturaren berpizkundea bizitu zen bizi-arora.

Komunikabidea
Aiurri
Tokia
Asteasu
Mota
Erreportajea
Data
2008/06/19
Orduan hasi ziren Asteasun nonbait, dantzak era arautuagoan egiten. Dantza-soka, besteak beste; eta honen barruan, desafioak, aurreskua, alpargata edo Axeri-dantza…

“Axeri-dantza ikasi zuten askok, eta gero Dantza-sokak behar izaten dituen aurrelaria eta atzelaria ere bakarren batzuk moldatu ziren”.

Ikusleen artean dauden emakumeak dantzara gonbidatzea eskatzen du Dantza-sokaren protokoloak. Horretan ere, pribilegioak edukitzen zituzten bi dantzariek: “Andregairik baldin bazuten, horiek ateratzen zituzten. Gainerako dantzarientzat, ostera, ikusleen artean pilan zeudenak, hau eta beste, hartzen zituzten”.

Agudo, inguruko herrietatik deiak jasotzen hasi ziren, haietan ere egin zezaten. “Larraul, Alkiza, Bidania eta beste herri festetara joaten ziren. Gu 15-16 urteko neska koskorrak izaki, haiek nora joan hara joaten ginen”.

Errepublika garaitsua zen eta emakumeentzat ere heldu ziren haize berriak; gizarte arloko hainbat arlotan bezalatsu, dantzaren munduan ere. Angelesek Tximelaneko Alberta adiskidearen irakasgaiak aipatu ditu: “akordatzen naiz Zarauztik etortzen zenean, nola erakusten zizkigun dantza pausoak, poxpolinen eta iruleen dantzenak. Jarri kuadrila oso bat plazan, eta hantxe dantzan! Gizonezkoak begira jartzen ziren…; behin ere ez ikusi haiek halako dantzak!”.

Euskal folkloreak Asteasun izan zuen susperraldi giro horretan, Pablo Galdos txistulariaren txistu hotsa nabarmentzen du Angelesek: “Fenomenoa zen. Hark erakusten zien gazteei dantza nola egin, korroa nola egin… Bere anaia danbor jotzailearekin bikote polita egiten zuen. Neskak eta mutilak lepotik helduta saltoka eramaten gintuzten kalejiran Elizmendiraino-eta. Izan ere, hemen beti txistua jotzen zen. Bai gauza solemneak egiteko eta baita sueltoan dantzatzeko ere. Trikitia Eleuterio Tapiak ekarri zuen, baina gerora”.
Galdutako ohitura zaharrak gogoratzen hasita, oilasko jokoa aipatu nahi luke Angelesek. “San Pedro hirugarrenean egiten zen; jende pila biltzen zen plazan, oilaskoaren lepo- moztea ikusteko”.

Gerra Zibila heldu zen halako batean, baina. “Irabazleek usadio horiek denak ezkutarazi zituzten. Akabo dena! Ezpata-dantzan erabiltzen zen ikurrina bera harrapatu nahi izan zuten; 16 urte nituen, eta erreketeek euren bulegora eraman ninduten; herriko seme bat harro-harro jarrita, ikurrinarengatik galdezka niri! Nik ezer ez nekiela; saiatu ziren, baina…”.  

Dantza-sokaren eragileak

Sasoi batean Asteasun egin ohi zen Dantza-sokaren berreskurapena da aurtengo San Pedro jaietako berrikuntzarik ikusgarriena. Mikel Maiz herritarra, galduta zegoen kultur ondasuna berritu nahi duen herri taldeko kidea da.

Nondik sortu zaizue Dantza-sokaren burutazioa?
Mikel Maiz:
Badira urte batzuk jende heldua elkarrizketatzeari ekin geniola, “Iturri Zaharretik” izeneko egitasmoaren barruan. Denetik galdetzen genien, eta festen atalera iristean, garai batean nola egiten zen Dantza-soka aipatzen ziguten; Angeles Uzkudunek eman zizkigun datu argienak. Alegia, Asteasun bazela dantza taldea eta herrian ez ezik, Alkizan, Bidanian, Larraulen…, egiten zuela Dantza-soka. Dantzari lotutako datu historiko horrek deitu zigun bereziki arreta orduan. Baina horretan geratu zen gauza.

Zergatik aurten ekimen hau?
M.M.:
Iaz umeak euskal dantzak ikasten hasi ziren. Aurten, berriz, gurasoak izan gara animatu garenak. Garikoitz Otamendi irakaslearekin hizketan jarri, eta berak berotu gaitu helduek Dantza-soka jaietan berritu dezagun.

Aurrera begira, zein helburu daukazue?
M.M.:

Zortzi-hamar dantzari elkartu gara aurtengoa egiteko, eta tradizioari eustea da gure gogoa oraingoz. Badugu itxaropena hurrengo urteetan herritar gehiago batuko direna. Eta gainera, orain haurrak direnak emango diote segida tradizioari hemendik sei-zazpi urtera.


Nola txertatuko da Dantza-soka San Pedro egunean?
M.M.: 
Eguerdiko hamabietan egingo da Elizmendin, meza nagusiaren ondoren. Eguerdi polita izango da, segidan pilota partidak eta Juan Tapiaren eskolako 50 bat trikitilariren jaialdia ere antolatuta baitaude. 

Dokumentuaren akzioak