Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Aspaldi, dantzan egiteko askatasun gehiago zegoen"

Dokumentuaren akzioak

"Aspaldi, dantzan egiteko askatasun gehiago zegoen"

Aiko Taldeak dantza ulertzeko eta praktikatzeko beste era bat planteatzen digu.
Egilea
Peru S. Gamarra
Komunikabidea
El Correo
Mota
Albistea
Data
2013/10/05

Euskal Herrian dantza talde asko daudela gauza jakina da. Esan daiteke, gainera, inoiz baino talde eta eskola gehiago ireki direla azken urteoran. Euskal dantzak, honenbestez, sano daudela baieztatu daiteke. Jendeak inoiz baino hobeto ezagutzen eta dantzatzen ditu euskal dantzak eta normala egiten zaigu gure herriko jaietan, bat-batean, "Zazpi Jauzi" bezalako bat dantzatzen hastea. Hala ere, egoera hau ez da beti hala izan. Izan ere, gurean egiten diren dantzek aldaketa izugarria jasan zuten duela urte batzuk.

Hasieran, herriak plazan dantzatzen zuen. Dantzak bertan ikasi eta praktikan jartzen ziren. Asmoa ongi pasatzea zen, besterik gabe. Gainera, estilo ezberdinak ikusten ziren herri batetik bestera. Arizkunen dantzatzen zen sagar-dantzak ez zuen zerikusirik Amaiurren dantzatzen zenarekin. Hori zen dantzaren ezaugarri politenetako bat. Eskaintzen zituen aldaerak ikustea, hain zuzen ere.

Denbora aurrera joan ahala dantzek indarra galdu zuten. Jada ez ziren herriko plazan ikasten eta pixkanaka desagertuz joan ziren. Hala ere, hor agertu ziren dantza-eskolak salbazio gisa. Dantzak eta abestiak berreskuratu eta jendeari erakusten hasi ziren berriz ere. Honek, hala ere, aldaketa handia ekarri zuen normala denez. Dantza ez zen jada herriarena. Ikuskizun bihurtu zen. Eta, beste edozein ikuskizun bezala, hau ere taula gainera igo zen. Herriko plazatik taula gaineratu zuten. Herriaren dibertimendu huts izatetik, teoria izatera pasatu ziren.

Gaur egun, ordea, esan daiteke beste urrats bat egin dugula. Eskolek bere lana primeran egin ostean, aldaketa etorri da berriz ere gure gizartera. Taula gainean egiten genuena, herriko plazan egitera pasatu gara berriz ere. Eta hau gutxi balitz, dantza eta abesti berriak - denak euskaraz, noski - sortzen hasi gara.

Hemen kokatzen da Aiko taldea. Territorios Sabin Bikandirekin bildu da, talde honetako danbolin-jotzaile eta dantza irakaslea, eta egiten dutena gustura asko kontatu digu.

Euskal dantzak erakusten dituzten talde asko daude gaur egun. Zertan ezberdintzen da Aiko dantza taldea besteengandik?

Hasteko esango nuke ez garela dantza talde bat. Behintzat, ez gara dantza talde klasiko bat. Jendeak honelako taldeen gainean hitz egiten duenean, beti du irudi bera. Toki bat non dantza folklorikoak erakutsi eta dantzatzen diren. Gainera, dantza horiek gero oholtza gainera eramaten dituzte, normalean, ikuskizun modura. Gu ez gara horrelako dantza talde bat. Musikariak eta dantzariak biltzen dituen kolektibo moduan definituko nuke nik Aiko taldea. Gu dantzazaleak gara.

Noiz sortu zen Aiko taldea eta nolakoak izan ziren hasiera haiek?

Aiko taldea lagun talde batek sortu zuela esatea gustatzen zait. Gu, izatez, lagun talde bat baikara. Duela urte batzuk bildu ginen eta baziren bi kontu kezkatzen gintuztenak. Alde batetik, erromerien gainbehera eta, bestetik, musika eta dantzarien arteko konexio falta. Dantzariek, normalean, musikaren gainean oso gutxi zekiten, eta, alderantziz ere, gauza bera gertatzen zen. Dibortzio moduko bat zegoela ikusi genuen.

Baina, hori ez al da betidanik gertatu?

Ez, ez. Hori gauza berria da erabat. Lehen musika erakusten zuenak bazekien dantza egiten eta, aldi berean, dantzatzen zekienak bazekien instrumenturen bat jotzen. Tradizionalki beti gertatu da horrela. Ohitura hori berreskuratzea izan zen hasierako gure helburuetako bat. Horretaz gain, musika berria eta dantza berriak ere sortzen ditugu, Aukera berriak planteatzen ditugu.

Zer esan gura du "Aiko" hitzak? Zergatik aukeratu zenuten?

"Aiko" Bizkaiko toki batzuetan erabiltzen den espresio bat besterik ez da. "Aizu"ren parekoa dela esan daiteke.

Zenbat jendek egiten du zuekin dantzan?

Ideiarik ere ez, egia esan! Zaila da esatea. Guk hasieran espero genuena baino askoz ere jende gehiagok egiten du gurekin dantzan. Gure eskoletatik bi mila ikasle inguru pasatu direla badakit. Bi mila matrikula behintzat izan ditugula esan dezaket, hori seguru. Jende mordo bat dator eta oso ongi pasatzen dutela esaten digute. Gustura daudela ikusten da.

Urtean laurehun edo bestehunen bat pertsona hurbiltzen direla esan daiteke orduan?

Bai, horrelako zerbait izango da eta gu oso pozik gaude. Bide berriak urratzen saiatzen gara eta honek arriskuak hartzea dakar berarekin. Batzuetan asmatzen dugu, beste batzuetan ez.

Bide berriak zabaltzen saiatzen zaretela komentatu duzu. Musika eta dantza berrien gainean ari al zara?

Guk tradizioa bizirik dagoen zerbait dela uste dugu. Tradizioa ez da gauzen fotokopiak egitea, askok uste duen bezala. Ez da argazki bat, bideo bat baizik. Errealitatea mugikorra den heinean, musika eta dantzak ere mugikorrak dira, zalantzarik gabe. Abiapuntu honetatik, eta, gu ere tradizioaren parte garela kontuan hartzen badugu, gauza batzuk gure aldetik sortzen ditugula aipatu behar dut. Inolako konplexurik gabe, gainera. Pieza berriak sortzen ditugu. Hori bai, pieza berri horiek ez dute zertan erabat modernoak izan. Nahiz eta berriak izan, zaharren itxura dutela esan behar da. Txantxa eta txantxa artean, oso faltsifikatzaile onak garela esaten digute. (Barreak)

Beraz,musika berria eta dantza berriak sortzen dituzue, ezta?

Hemen gauza bat gertatzen da eta garbi utzi behar da. Dantza beti berria da, hau ulertzea ezinbestekoa da. Aspaldi, jotak dantzatzen zituen edadeko dantzari batek honako hau kontatu zidan: "Ikusi al dituzu telebistan Gipuzkoan eta antolatzen dituzten dantza txapelketa horiek? Nik egia esan ez nuke jakingo saria nori eman, denek dantzatzen baitute berdin-berdin. Gure garaian kontrakoa gertatzen zen. Denek ezberdin egiten genuen dantzan. Bakoitzak bere estiloa zuen...". Nire lagunak arrazoia duela iruditzen zait. Gaur egun askatasun falta handia dagoela iruditzen zait. Rock and Rolla, denek dantzatzen dugu berdin? Ezetz esango nuke. Bakoitzak bere era dauka. Inprobisazioa, zalantzarik gabe, tradizioaren parte izan da eta izan dituen aldaketak, baita ere.

2013-10-05_ElCorreo-Aiko-elkarrizketa.jpg

Dokumentuaren akzioak