Dokumentuaren akzioak
Askotariko kulturak dantzan
Pandemiak bi urtez geldiarazi du Portugaleten (Bizkaia) urtero egiten den Nazioarteko Folklore Jaialdia.Geldialdiaren ostean, baina, aurten bueltan da berriro, eta 47. jaialdia izango da aurtengoa. Kartela, hori bai, 2020an bertan behera utzi behar izan zuten berbera da: Bolivia, Ginea Bissau, New Orleans, Sri Lanka eta Georgiako dantzariak izango dira agertoki gainean. Bihar hasiko da jaialdia, eta ostegunean bukatu. Sarrerak doakoak izango dira, baina abonuak daude lekua erreserbatu nahi dutenentzat. Abonu horiek 12 euro balio dute, eta jaialdiko antolatzaileek ipinitako etxola batean erosi ahalko dira; bai Castaños jeneralaren kalean, bai Karlos VII.arenean.
Herenegun aurkeztu zuten jaialdia, Bilbon. Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuaren arabera, Nazioarteko Folklore Jaialdia «herri baten adierazteko moduaren isla» da, eta herritarrak gonbidatu zituen «kulturen gerturatze» horretara. Izan ere, Borja Garate jaialdiaren zuzendariak azaldu duenez, Nazioarteko Folklore Jaialdia Europan egiten den jaialdi luzeenetarikoa da.
Aurten, aurreko aldietan bezala, jaialdiak hainbat atal izango ditu. Agertoki nagusia Canilla paseoan jarriko da. Bertan, gauero egingo dira dantza emanaldiak, 21:30ean. Ikuskizunak 40 minutu iraungo du guztira, eta, gauero, bi taldek egingo dute dantzan, astelehenean izan ezik, non jaialdian parte hartuko duten taldeen aurkezpena egingo den. Aurrerago, gainera, hilaren 25ean, Munduko dantzak kalejira egingo dute, hori ere 21:30ean. Dantzari taldeak txandaka aterako dira, eta zazpi minutuko tartea izango dute dantzan egiteko.
Haurrentzat ere ekintzak egongo dira. Tailerrak eta musika jardunaldiak izango dira horiek, eta dantzari profesionalek dantzan irakatsiko diete umeei. «Umeentzako tailerra izanda ere, helduek ere parte hartu dezakete», Garateren hitzetan. «Esperientzia polita da kultura truke hori bizitzea».
Elai Alai
Nazioarteko dantza taldeekin batera, urtero bezala, Elai Alairen ardura izango da Euskal Herriko dantzak agertoki nagusian erakustea. Izan ere, Elai Alai da Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren antolatzailea. Aurten, 60 urte bete ditu taldeak. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Andoni Iturberen hitzetan, «aurtengoak zenbaki borobileko urtea dirudi». Izan ere, Elai Alairen urteurrena izateaz gainera, Portugalete sortu zenetik ere 700 urte bete dira.
Beraz, Iturbek uste du jaialdi berezia izango dela; gainera, Georgiako taldea ekartzea lortu dute. «Oraindik ere gogoratzen dut nola ezagutu genuen taldea. Harritu egin ninduen Georgian Euskal Herriari buruz duten irudia: izaera propioa duen herria, bere tradizioak zaintzen dituena». Tradizioa da, hain zuzen, Nazioarteko Folklore Jaialdiak zaintzen dituen gauzetako bat: «tradizioaren berriztatzea», Bilbaoren arabera.
Nazioarteko Folklore Jaialdia
Portugaleteko Canilla pasealekuan, bihartik ostegunera, 21:30ean. Sarrera librea.
Dokumentuaren akzioak