Dokumentuaren akzioak
Askotariko dantzen erakustaldia
Oholtza gainera igo da Txerreroz jantzitako dantzaria, zaldi ilez
egindako erratza eskuan duela. «Arratsalde on, eta mila esker etorri
zareten guztioi. Hasi egingo dugu gaurko dantza ikuskizuna», dio.
Badirudi jendeak euskal dantzen erakustaldia ikusteko grina duela, eta
txalo zaparrada batekin ekin diote ikuskizunari.
Urtero legez, Bilboko Plaza Barria euskal folklorearen
erakusleihoa da jaietan. Domekan hasi, eta zortzi egunez euskal dantzen
emanaldiek ez dute etenik. Arratsaldeko zazpietan hasi ohi dira saioak,
eta dantza talde askok hartzen dute parte urtero. Ondoren, zortzietan,
erromeria eta larrain-dantza izan ohi dira, Bizkaiko Dantzarien
Biltzarraren eskutik. Adinekoak izan ohi dira ikusle gehienak, baina
zenbait gazte ere egon ohi da han-hemenka. Azken finean, giro herrikoia
nabaria da.
Lau horma arkupedunen artean, eta Euskaltzaindiaren egoitza
azpian, Beti Jai Alai dantza taldeko kideek ere (Basurtu, Bilbo) hasi
dute ikuskizuna. Txirula eta ttunttun doinuek hartu dute plaza.
Zuberoako dantzei ekin diete kideek, eta txoko batetik plazaren
erdigunera abiatu dira dantzariak, musikaren erritmoan, ilaran. Hala,
Zamaltzainak piztu du arreta handiena, zaldi itxurako jantzia daramala
ikusleak erakarri baititu. Era berean, ikusmira sortu du
godalet-dantzak, ardo edalontziaren gainean aritzeak abilezia eskatzen
duelako. Argazki kamerak berehala atera dituzte zenbaitek, edalontzi
gainera igotzen direneko jauziak harrapatu ahal izateko. Irauliko ote
da basoa? Ez. Jendearen oihuek eta txaloek animatu dute giroa, eta
Entseinariak eskuan daraman Zuberoako bandera astindu du, emanaldiaren
lehen zatia agurtzeko.
Gipuzkoako dantzek hartu dute lekukoa. Taldeko kapitaina buru
dutela, plazara irten dira neskak, eta ederki dantzatu dute zinta
dantza. Orduan, dantza taldeko bi kidek bina makila txiki banatu
dizkiete dantzariei, eta makil dantza eskaini dute, olgetan baleude
bezala makilak astintzeko.
Halako batean mehatxu egin du zeruak. Kolore goibela da
lainoetan, eta zirimiria hasi du Plaza Barriko ikuskizunean. Halere,
emanaldian aurrera jarraitu dute dantzariek, Durangaldeko dantzak
dantzatuta. Agintariena dantzatu dute lehendabizi, eta segidan etorri
dira zortzikoa, ezpata joko txikia, banakoa eta makil jokoa.
Durangaldeko dantzak txotxongiloarekin amaitu dituzte, taldeko kide bat
zerura begira jasota.
Azkenik, Lesakako dantzak eman dituzte. Plaza Barriak ez du
Lesakako zubi ezagunaren antzik, baina ederto moldatu dira, dantza
egiteko lekua sobera izanda. Irrintziren bat edo beste bota dituzte
kideek, baina nekez lortu dute giroa berotzea, zirimiria ari baitzuen
etengabe. Alabaina, arin-arina eta fandangoa dantzatutakoan, zertxobait
alaitu da giroa.
Azken txalo zaparrada etorri da, eta emanaldia amaierara
iritsi da. Ikusleak erruz altxatu dira eserlekutik, eta euripetik alde
egin dute guztiek.
GAUR
13:30. Bertso bazkaria, Arkaitz Estiballes eta Iker Zubeldiaren eskutik.
19:00. Euskal dantzak. Salbatzaile taldea (Olabarrieta).
20:00. Erromeria eta larrain-dantza.
00:00. Errumaniako Ciocarlia Fanfarrearen emanaldia.
BIHAR
19:00. Euskal dantzak, Alkartasuna taldearekin (Bermeo).
20:00. Erromeria eta larrain-dantza.
00:00. Galiziako Mercedes Peon taldea.
ETZI
19:00. Euskal dantzak. Urdaibai taldea (Forua).
20:00. Erromeria eta larrain-dantza.
00:00. Troveros de Asieta taldea (Kanariar uharteak).
ETZIDAMU
19:00. Euskal dantzak. Mikel Deuna taldea (Iurreta).
20:00. Erromeria eta larrain-dantza.
00:00. Reggae musika: Twinkle Brothers (Jamaika).
Dokumentuaren akzioak