Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Asko ematen diote dantzari geure instrumentuek; horregatik itzuli naiz horien sustraietara"

Dokumentuaren akzioak

"Asko ematen diote dantzari geure instrumentuek; horregatik itzuli naiz horien sustraietara"

Sabin Bikandi Etnomusikologian doktorea

Egilea
Ander Egiluz Beramendi
Komunikabidea
Deia - Noticias de Bizkaia
Tokia
Bilbo
Mota
Elkarrizketa
Data
2010/02/18

Bizkaiko musika giroan oso aktiboa bada ere, Londreseko Gold-smith College-n doktoratu zen Bikandi eta Renoko unibertsitateak argitaratu du bere tesia. Txapela buruan, munduan barrena dabil musika tradizio euskalduna etnomusikologian aditua den musikaria. Kontserbatorioan hasi eta musikaren sustraietara egin du bidea.

Txistua, danbolina, euskal dan-tzak... tradizioa zergatik?

Etxean jaso dugulako, euskaldunak garelako. Seguraski beste familia batetan jaiotakoa izango banintz txistua ez, klarinetea joko nuke orkestra batetan. Bestalde, kontserbatoriotik irtendakoa naiz ni; hara joan nintzen pentsatzen nuelako horixe zela gaitz guztien irtenbidea. Baina Vivaldi txistuarekin jota ezer gutxi aportatzen nuen, geure instrumentuek, ostera, asko ematen diote dantzari, horregatik bueltatu naiz instrumentuen sustraietara. Alejandrorengandik ikasi dut hori, danbolineru dantza maisuarengandik. Musikak eta dantzak elkarri eragiten diote; ez doaz bide bananduetatik.

Zer eman dio Aldekoak txistuari?

"Dantzan jotzea" da Aldekoaren irakaspen nagusia. Nork jarraitu behar du nor? Dantzariak txistularia ala alderantziz? Bada, ez batak ez besteak ez du agintzen, dantzak ematen du neurria. Apurtzailea izan zen Aldekoa bere garaian: lehen txistulari alfabetatua izan zen baina, gerora, sustraietara bueltatu eta zaharren gordailu bihurtu zen. Azpimarratzekoa da ere, egun, Euskadi osoko dantzak jotzen saia-tzen garela eta Alejandrok bere ingurukoa baino ez zituela egiten, baina maisua zen horretan. Gaur egun, oso musikari teknikoak daude baina ez dituzte dantzak uler-tzen. Euskararen adibidea darabilgu sarritan: beharrezkoa da batua baina orain konturatzen gara etxekoa ere ez dugula galdu behar; zaharra berri dela batzuetan. Ba-tzuek esaten dute, slow foodarekin alderatuta, guk slow dance egiten dugula: lehenagoko dantza moldeetara egokitzen garela. Norberaren etxera bueltatzea dantza batua egitearen ordez, alegia. Alejandroren ekarpena da hori guztia.

Musikaria zara baina asko garatu duzu alde akademikoa.

Geure inguruan egiten ez diren galderak egiteko tresnak eman dizkit ikerketak. Hemen inoiz ez dugu galdetu dantza zer den, musika zer den, dantzaria edo musikaria nor den... Londresen, masterra egiten, horren garrantziaz jabetu nintzen eta horrelakoak galdetu nizkion Aldekoari. Adibide gehiago daude, bertsolaritza eta txalaparta kasu. Musika al da bertsolaritza, kanta-tzen dutelako? Musika al da txalaparta? Gauza hauetaz gogoeta egiteko ikasi behar da eta inguruko musikariak animatuko nituzke unibersitatetara joaten. Beste era batetara ikusten baitituzu gauzak arlo akademikoari esker.

"Irakatsitakoa baino ez dakienak ez daki ezer ere ez".

Liburu hasieran idatzitako neure aitaren esaldi bat da. Berak ez zuen ikasteko aukerarik izan baina oso argia zen. Galderak egin behar dira eta horixe bera da ikerketa. Ikerketaren parte bat bai, behintzat.

Nori dago zuzenduta liburua? Michigango balizko irakurlea aipatu duzue prentsa aurrekoan.

Argi dago euskaraz idatzitakoa izango balitz bestelakoa izango zela liburua. Bertakook behar ez ditugun azalpenak daude eta, bestalde, bertakook entzuteko gai ez garen gauzak sartu ditut ere bai. Ingelesa izanik XXI. mendeko hizkuntza, bertan egon behar dugu. Gainera, urrutikoentzat idatzitakoa izanda, autokritika egiteko bidea ematen dit.

Euskal tradizio musikalaz hitz egitean beti daude txistua, danbolina, soinua... Enrique Solinis musikariak esan zuen behin, gitarra eta biolina ere badirela euskal tradizioan garrantzitsuak.

Laguna daukat Solinis eta bat nator berarekin. Esku-soinua heldu zenean arrotza zen Euskal Herrian. Orain, bestalde, ematen du, lehen trikitixa Barandiaranek aurkitu zuela Santimamiñeko koban! Egungo gizartean musika tresnek ere dute ukitu politiko eta etnikoa eta sakonago begiratu behar da: musikaren funtzioa dantza izanik berdin dio soinua, txistua ala gitarra jotzenden.

 

Dokumentuaren akzioak