Dokumentuaren akzioak
Asier Zabaleta: "Ikuslea ukitua sentituko dela ziurta dezakegu"
Bidaia emozional bat, horixe sentituko du publikoak N.A.N. ikustean, hau da, zuzeneko musika, dantza garaikidea, bideoa eta testua uztartzen dituen ikuskizuna. Asier Zabaleta (Ezkio, 1972) da lan honen atzean –eta aurrean ere– dagoena, publikoari dantza baino zerbait gehiago helarazi nahian. Sortzaile, dantzari eta interprete honek dio musikak nahiz dantzak momentu hunkigarriak sortzen dituela: “Badira hainbat une magiko eszenan erabiltzen diren elementuekin sortuak. Ikusleak bere herriarekin edozein motatako erlazioa izanda ere ukitua sentituko dela ziurtatu dezakegu”.
Nortasun Agiri Nazionala da N.A.N., bi kontzeptu horien inguruan hitz egiten delako lan honetan: nortasuna eta aberria. “Gizakien aberria, pertsonen aberria, biztanleen aberria eta ez bere kabuz eta bere interesentzat soilik funtzionatzen duen munstro beldurgarri bat, aberria ala hil esaten dutenei ondorengo galderak egin nahi nizkieke: nork bere burua hil? Besteak hil? Zer da aberria bizitza gabe?”, adierazi du dantzariak.
Ikuskizunak, ordea, ez du mezu zehatz bat adierazi nahi. “Nire helburua ez da ikusleari informazio bat inposatzea, proposatzen diren hainbat gogoeten bitartez gai hauen inguruan hausnarketa piztea baizik”, argitzen du Zabaletak. Ideia zehatzak baino, galderak uzten ditu airean, norberak erantzun ditzan. Sorkuntzaren aldetik, “kreatibitate krisi sakon batean” murgildua zegoen Zabaleta Iñar Sastre pianojoleak bere musikaren disko bat bidali zionean postaz. Horrek “izugarri inspiratu” zuen dantzaria eta berehala jarri zen lanean. N.A.N.
proiektua abian zegoen. “Bere musikak martxan jarri zituen bai nire gorputza baita nire irudimena ere. Betidanik izan dut gustuko pianoa eta beti izan dut noizbait piano hutsez lanen bat egiteko ametsa. Beraz ezin nuen aukera galdu”, aitortu du gipuzkoarrak.
Hasieran bi kanturekin pieza motz bat egin zuen Joan zaretenei adio deiturikoa, eta gero bide beretik jarraitzea erabaki zuen N.A.N. sortuz. “Lehenik, landu nahi nituen kontzeptuak argituz, gero eszenak eraikiz eta, ondoren, horiek jantziko dituzten osagaiak erantsiz, hala nola bideoa, elementu eszenikoak eta abar”.
PLAZER HUTSA Iñar Sastrerekin lan egiten duen lehen aldia da Zabaletarentzat, eta “izugarria” izan dela aitortu du: “Sekulako talentua eta sentsibilitate berezia du, dantzarako aproposa dena. Taula gainean bere zuzeneko musikarekin dantzatzea plazer hutsa da”.
Zabaleta bere kasa hasi zen dantza-ikuskizuna entseatzen Sastrek pasatutako musikarekin eta behin eszenak eraikita zeudenean, piano jolearekin ekin zion “sortutako koreografiak, bideoak eta testuak elkarri lotzeari”, azaldu du. Dantzari gipuzkoarraren ustez, N.A.N. Ego edo Ostrukaren zuloa ikuskizunen ildotik doa, ikuslearekin erlazio zuzena sortzen baita aipatu obretan. “Hiru lan hauetan, nahiz eta nire gogoeta pertsonalak agertu, segituan konektatzen du ikusleak esaten denarekin, ados egon edo ez”.
Zabaleta dantzari soila izateaz baino haratago doa, interpretea ere baita. “Dantzak ez du zertan beti mezu bat helarazi, bada edertasuna soilik bilatzen duena ere, baina niri bereziki ez zait gehiegi interesatzen forman geratzen den dantza hori. Dantzaren bitartez hitzez esan ez litekeena esan daiteke eta niri ideia jakin bat transmititzeko beharrezkoak diren lengoaia guztiak erabiltzea gustatzen zait. Ideiak berak erabaki beharko luke zein formatutan adierazten den egokien eta ez alderantziz”.
EMOZIOZ GAINEZKA Pasa den hilaren 2an izan zuen aurrestreinaldia N.A.N. ikuskizun berriak, Errenteriako Niessen aretoan. “Harrera bikaina izan zuen, jende mordoxka bildu zen eta asko ziren saioa amaitzean begiak bustiak zituztenak, emozioz gainezka”, baieztatu du.
Datorren asteartean (hilak 19), berriz, Donostiako Gazteszena aretoan izango da estreinaldia, Dferia jaialdiaren baitan. Baina Asier Zabaleta ez da hor geldituko, bere ibilbidea martxan da eta. “Estreinaldia gauzatu bezain pronto, beste proiektu batekin hasiko naiz”, aurreratu du. Kalerako pieza bat izango dela dio eta hip-hop eta break-eko dantzariekin elkarlanean egingo du. N.A.N. bezalako lan sakon batetik atera eta gero, zerikusirik ez duen beste zerbait izango dela aipatu du. “Energia hutsa diren lau mutilekin, lan arin eta fresko bat egingo dugu”. Jada izenburua du: 4X4.
Nortasun Agiri Nazionala da ‘N.A.N.’, eta horixe lantzen du: nortasuna eta aberria. (GORKA BRAVO)
Dokumentuaren akzioak