Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Asfaltotik oholtzara salto

Dokumentuaren akzioak

Asfaltotik oholtzara salto

Gaur Bilbon egingo den Break on Stage jaialdian, hainbat taldek parte hartuko dute. Bilboko Deabru Beltza, Zarauzko Legiao Urbana eta Iruñeko Team Rockers taldeek breakdance emanaldiak egingo dituzte.
Egilea
Lander Muñagorri Garmendia
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2013/04/20
Lotura
Berria

Hamabi urte dira Break on Stage jaialdiak breakdance-a kaletik taula gainera eraman zuela. Europako zirkuituan bere esparrua lortu du, eta dantzari ugari etortzen dira atzerritik. Baina baita Euskal Herritik bertatik ere. Gaur hasiko da jaialdia, eta bost euskal taldek parte hartuko dute. Estreinako aldiz bertan dantzatuko direnak, lehenbizikoz breakdance-ean ausartu diren taldeak eta eskarmentu handiagokoak. Denetik egongo da.

Deabru Beltzak

 

Danborren erritmora

«Orain arte dantzarekin inoiz ez dugu ezer egin; beraz, esperientzia berri bat daukagu esku artean». Su artifizialak perkusioarekin uztartzen ditu Deabru Beltzak Bilboko kale antzerki taldeak, eta jaialdirako ikuskizun berri bat prestatu du, baina piroteknia albo batera utzita. Horren ordez, breakdance-arekin saiatu dira, diziplina horretan «zerbait gehiago» egiteko. Perkusio soinuekin landu dute beren lehen ikuskizuna, eta gaur egingo dute jendaurreko entsegua, Euskal Herriko breakdance jaialdi handienean: Bilboko Break on Stagen. «Gustura gaude oso; ohore bat da bertan egon ahal izatea», dio Garbitxuk, taldeko zuzendariak. Estreinaldi nagusia, ordea, ez dute agertoki gainean egingo, kalean baizik: maiatzaren 16tik 19ra izango den Leioako Umore Azokan (Bizkaia).

Eta horixe da Deabru Beltzak ondu duen ikuskizunaren izaera: «Breakdance-a egiten duen jendea kaletik atera nahi izan dugu, ikuskizun berri bat prestatzeko». Horretarako, hiru dantzari aukeratu zituzten hautaproba baten bidez, eta azken sei hilabete hauetan koreografia prestatzen aritu dira. Prozesua aberasgarritzat jo du Garbitxuk, baina baita nekagarritzat ere. Izan ere, «dantzariek ez daukate gure diziplina». Eta horrek zailtasunak sortu dizkie.

Alde batetik, perkusioekin erritmo batzuk jotzen ikasi behar izan dute dantzariek; «ez da erraza izan». Eta, bestetik, dantzariek breakdance-a egitera ohituta zeuden erritmoa eta modua aldatu behar izan dute. «Haiek kontraerritmoan dantzatzen dute, hau da, inprobisatu egiten dute unean uneko musikarekin». Eta lan egiteko modu biek talka egin dute: batetik, antzerki taldearen zehaztasuna eta mugimendu ororen planifikazioa, eta, bestetik, dantzarien inprobisazioa. «Lan izugarria izan da. Gutxiago kostako zitzaigula uste nuen, baina, hala ere, emaitza ona lortu dugula iruditzen zait», azaldu du Garbitxuk.

Eta egindako lan horrek jarraipena izango du, gainera. «Gure merkatua atzerria da, eta ikuskizun honekin eduki dugu aukera kanpora joateko, baina ezetz esan dugu». Zergatik? Ikuskizuna serio hartu nahi izan dute, eta, aurten, Euskal Herrian geratuko dira, dena ongi prestatzeko. «Krisi egoera honetan, zerbait txikia prestatu nahi izan dugu, eta orain arte landu gabeko beste merkatu bat jorratu». Beraz, hemendik aurrera, antzerki konpainia ez da soilik pirotekniaren eta perkusioen alorrarengatik ezaguna izango: «Breakdance-aren munduarekin, aukeraren bat edukiko dugula uste dugu». Ikuskizuna ongi prestatuta daukatenean nazioartera salto egiteko asmoa daukatela dio Garbitxuk.

Horrez gain, breakdance-aren euskal panorama sustatzeko helburua ere badute. «Maila handia dago, baina zerbait serioa egin daitekeen ametsik ez daukate dantzariek; gehienak amateurrak dira», hau da, talde profesional bat sortzeko aukerarik inork ez du mahai gainean jarri orain arte. «Eta zaila da, dirua eta denbora sartu behar delako hor». Baina maila badago; «inbertsio pertsonalak» egiteko beldurrak uxatzea falta da horren partez. Deabru Beltzak konpainiak, bederen, euren hondar alea jarriko du profesionalizazio bide horretan.

Legiao Urbana

 

Lehen urratsen handitasuna

Ikusten dutenetik ikasiz. Irakaslerik gabe eta Internetek eskaintzen dizkien lezioak jasoz hasi da lehen urratsak egiten Zarauzko (Gipuzkoa) Legiao Urbana breakdance taldea. Eta nolakoak egin, gainera. Urte bat ere ez da igaro boskoteak lehen zuzeneko emanaldia egin zuenetik, eta, dagoeneko, Elorrion (Bizkaia) antolatzen den Akadantz kaleko dantza txapelketa irabazi du urte honetan. Eta, sari gisa, lehiaketa horren ahaide Bilboko Break on Stage jaialdian dantzatuko dira gaur bertan. «Itzela da; parte hartuko genuela jakin genuenean, flipatu egin genuen», dio Andrea Arruti taldeko kideak. Lehen urratsak dira, eta oraindik bide luzea daukate egiteko. Taldekide gazteenaren 17 urteek eta zaharrenaren 21ek horretan pentsatzeko aukera ematen diete. «Irrikan gaude kanpora irteteko. Ahalik eta urrunen iritsi nahi dugu dantzaren esparruan: gure gorputz eta buruak probatu, eta dantzatik bizitzea posible ote den ikusi nahi dugu», dio. Gogotsu dago Arruti, jakitun den arren erronka handia izango dela.

Atzerrira irteteko gogo hori, Euskal Herrian breakdance-ak duen egoera zailaren ondorio zuzena da: «Apenas dagoen dantzarik; horretarako, kanpora irten behar da». Zarautzen dauzkaten dantza akademiak «txiki» geratu zaizkie taldekideei, eta, gabezia horri aurre egiteko, telebistan edo Interneteko bideoei begira ikasten dituzte teknika eta pauso berriak. «Fama telebistako saioarekin asko aurreratu genuen; barruan geneukan harra elikatu genuela esan daiteke». Ikusiaren ikusiz sortu ditu orain arteko koreografiak Legiao Urbana taldeak. Baina irakasleak edukiz gero ikaste prozesua osatuagoa dela aitortu du Arrutik.

Nolanahi ere, euren dantza estiloak hainbat iturritatik edaten du. «Bakoitzak bere dantza egiteko modua dauka». Taldeko bi mutilek, esaterako, era «errobotikoagoan» egiten dute dantza, baina hiru neskak «malguagoak» dira. Erreferentzia ugari dauzkate beraz: street dance, new style, pop in, dubsteb eta gisako joerak nahasten dituzte, «eta horrek batzuetan emaitza hobea ekartzen du, edo ez». Ona edo txarra izan, Arrutik aitortu du «zaila» egiten zaiela dantza egiteko modu horiek uztartzea. «Kosta egiten da batzuetan zure modua ez den beste batera dantza egitea». Horri, gainera, Legiao Urbanako bi mutilek daukaten inprobisaziorako joera gehitu behar zaio: «Gu ohituago gaude koreografiak ikasi, eta horiek dantzatzera». Bi joera, taula gainean bateratzen dituztenak.

Eta hori izango da gaur Break on Stagen emango duten ikuskizunaren oinarria: inprobisazioa eta koreografia. Horrez gain, nesken arteko aurrez aurreko dantza lehiaketan ere parte hartuko dute Legia Urbanako bi taldekidek. «Asko inprobisatzen ez dugun arren, ikusiko dugu zer gertatzen den», dio Arrutik. Finalera iritsiz gero, Break on Stage jaialdiaren hasieran lehiatuko dira —20:00etan hasiko da—, baina, oraingoz, euren ikuskizuna eskaini ahal izate hutsa nahikoa sari bada zarauztarrentzat.

Team Rockers

 

Belaunaldi arteko dantza

Une oro gaztetzen ari den breakdance taldea da Team Rockers. Hainbat dantzari belaunaldi izan dituzte orain arte, eta «etengabe berritzen» jarraituko dutela dio Adrian Kortazar bertako kideak. Kaleko dantzaren transmisioaz arduratzen dira taldeko kideak, eta, horren ondorioz, breakdance-aren kultura inoiz baino biziago dago Iruñean. «Hiri handiekin alderatuz gero, apenas dagoen mugimendurik hemen, baina duela hamar urteko egoerarekin alderatuz gero, hirukoiztu egin da breakdance-ean gauden pertsonen kopurua», azaldu du Kortazarrek. Gaur egun, hiru taldek lantzen dute breakdance-a Iruñean, baina duela hamaika urte Team Rockers taldea sortu zenean, eurak izan ziren aitzindariak. «Eszena hazten ari da, eta hori ona da, baina lan handia daukagu egiteko».

Hala ere, orain arte egindako jarduna ez da hutsaren hurrengoa izan. Breakdance-a dantzatzeko asmoz elkartu ziren hainbat iruindar 2002an, eta ibilbide oparoa izan dute. «Hainbat txapelketatan parte hartu izan dugu; horien artean, Break on Stage jaialdian, hiru bider». Taldea sortu berritan zela, ekitaldiaren lehen aldian egon ziren, baita 2007 eta 2010ean ere. «Esperientzia badaukagula esan daiteke», dio Kortazarrek. Espainian ere aritu dira euren dantza erakustaldiak egiten; azkenekoz, Zaragozan, Battle of the Year txapelketa nagusian. «Bertarako prestatu genuen koreografia aurkeztuko dugu Bilbon».

Dantza bakoitzaren atzean lan handia egiten dutela dio Team Rockerseko kideak. Gaur dantzatuko dutena, esaterako, birritan bakarrik dantzatu dute jendaurrean, eta, hori prestatzeko, ia urtebete egon ziren. «Bilbon dantzatu ondoren, beste zerbait lantzen hasiko gara», dio.

Baina euren lana ez da koreografia berriak sortzea bakarrik, eskola bat ere sortzen ari baitira Iruñean. «Nik ez nuke esango eskola bat sortzen ari garenik, baizik eta ekitaldiak antolatzen saiatzen garela, gazteei erakusteko nola dantzatzen den breakdance-a, kaleko kultura honek aurrera jarrai dezan», azaldu du Kortazarrek. Kulturak jarraipena duela dio, eta hori euren taldean bertan ikus daiteke: orain, taldeko gazteenak 17 urte ditu, eta zaharrenak, 31.

Kortazar bera ere, Team Rockers taldeak hezi zuen. «Lehenbizikoz breakdance-a duela zazpi urte ikusi nuen, Antsoaingo ikuskizun batean. Sekula ez nuen halako ezer ikusi, eta hori egin nahi nuela erabaki nuen», dio. Lehenbizikoz ikusi zuen talde hori Team Rockers bera zen, eta haiekin ikasi du gaur egun dakien guztia. Ikasleen artean onenak talde nagusira heltzen dira, eta bera ere horraino iritsi da. Taldeak, beraz, etorkizuna bermatuta eduki dezakeela uste du.



Egitaraua

20:00. 1VS1 Bboying Battle finala.

20:15. Dj Lorena & DJ Put.

20:30. Hasiera ekitaldia.

20:30. Deabru Beltzak.

20:35. Mc Shintoma.

20:40. Legiao Urbana.

20:45. Fusion Rockers.

20:50. Brodas BR2.

20:55. Team Rockers.

21:00. Mottion Graffiti.

21:05. Fusion's Noise.

21:10. Unreals.

21:15. Funklanders.

21:20. Brodas BR2.

21:25. De Klan.

21:30. Niki Tsappos.

21:35. 2Vs2 Freestyle Girl Battle finala.

21:40. Vento.

21:45. Duo Phorm.

21:50. Breakdance Battle finala.

21:55. Sari banaketa.

22:00. CPV, El Club de los Poetas Violentos taldeen kontzertua.

Deabru Beltzak kale antzerkiko konpainiak perkusioa breakdance-arekin uztartuko du. Diziplina horretan, lehen pausoak eman dituzte. / MONIKA DEL VALLE / ARP

Zarauzko Legiao Urbana taldeak urtebete ere ez du egin taula gainera salto egin zuenetik. Gaur, lehenbizikoz izango dira Break on Stagen. / ARGAZKI PRESS

Team Rockers Iruñeko taldeak hainbat belaunaldiren arteko zubi lana egin du 2002. urteaz geroztik. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak