Dokumentuaren akzioak
«Asaldatzaile izan nahi dugu eta pentsabide kritikoa sustatu»
Luque Tagua, Fundicioneko arduraduna
Luque Taguak (Bartzelona, 1959) Bruselako Cecil Charles konpainia utzi, eta Fundicion sortu zuen 1986an, Laura Etxebarria bizkaitarrarekin batera. 20 urte pasatu dira ordutik.
Gaur egun dantza sortzeko eta zabaltzeko zentro gutxi baldin badago Bilbon, duela 20 urte bakarra izango zen Fundicion. Nola bururatu zitzaizuen horrelako proiektu bat abian jartzea?
Ez genuen antzokirik edo dantza aretorik sortu nahi. Hainbat diziplina sustatzeko lekua jarri nahi genuen abian. Edozein jenderi irekia, edozein artistari irekia. Gorputzaren kultura bultzatu nahi genuen, dantzarena, antzerkiarena. Eta arteak ere bazuen tokia; hasiera batean erakusketak egiten genituen, performance-ak... Proiektu utopikoa zen. Ametsei garrantzi handia eman diegu beti, hau da, ametsak gauzatzeari, erronkak izateari eta finkatutako helburuak lortzeari.
Zergatik zabaldu zenuten Bilbon eta ez Bartzelonan?
Bilbo hiri aktiboa iruditu zitzaigun. Unibertsitatea zuen, Arte Ederretako fakultatea... Gatazka zegoen Bilbon, eztabaida, tentsio sozial eta politikoa. Bizirik zegoen hiria. Jendea bestelako pentsabidea garatzeko gai zen, bestelako egiturak dituen pentsabideari bidea emateko. Bilbo hiri kultua zen, jendeak informazioa zuen. Ezinbesteko ezaugarriak ziren gurea bezalako proiektu batek aurrera egin ahal izateko.
Hasierako urteak ez ziren errazak izango, ezta?
Izugarri zailak izan ziren. Fundicion bezalako proiektu bati ekiteko bitarteko administratiboak ez zeuden batere ongi finkatuak. Artearen mundutik gentozen, eta administrazioaren hizkuntza ikasi behar izan genuen. Gure proiektuak zentzua zuela azaldu behar izan genien nekatu arte, ekonomikoki bideragarria zela. Horretaz gain, Bilbo ez genuen ezagutzen, eta Bilboko jendeak ez gintuen ezagutzen. Ez ginen kolektiboren bateko kide, gainera. Eta egiten genuen proposamenak printzipioz ez zien jendearen beharrei erantzuten. Guk sortu behar izan genuen beharra, nolabait. Pentsabide garaikidea garatzeak zer garrantzi duen azaldu behar izan genion jendeari. Eta pentsabide garaikidea diot, dantza garaikidea beharrean, garai hartan garaikidetasuna lantzen genuelako. Urteekin espezializazioaren bidea hartu dugu.
Zergatik jo duzue dantzara eta bazter utzi dituzue beste diziplina batzuk?
Administrazioari argi eta garbi azaldu behar diozu zer lantzen duzun, antzerkia, dantza edo artea jorratzen duzun. Garaikidetasuna kontzeptu zaila da beraientzat.
Administrazioak markatu du, nolabait, Fundicionen bidea?
Zuk mugak jarri behar dizkiozu proiektuari. Azken batean Fundicionek dirua behar du, eta horrek esan nahi du zuk araudi bat bete behar duzula, eta araudi hori antzerkiarena izan daiteke edo dantzarena, baina ez dago kultur ekintza garaikideak garatzeko araudirik. Beraz, beraiek emandako aukeren artean aukeratu behar duzu. Dantza esaten dugunean, istorioak kontatzen dituen gorputza izaten dugu gogoan gehienetan, baina ez du zertan horrela izan. Gorputzak guk ezagutzen ez ditugun kodeak dantzatzen dituenean, bestelako pentsabide egiturak jartzen dira abian, eta hor galdu egiten gara. Denak galtzen gara, programatzaileak, ikusleak eta administrazioa. Guk aurkezten ditugun dantza proposamenek ez dute mugarik. Asaldatzaile izan nahi dugu, mugak hautsi, eta bestela pentsatzera eta sentitzera eramaten gaituzten obrak eman nahi ditugu. Hala eta guztiz ere, estilo askotako artistak ekartzen ditugu. Oso desberdinak dira beren artean, adibidez, Elena Cordoba, Asier Zabaleta eta Cesc Gelabert, eta hirurak izan dira hemen.
Abangoardiako artistak ekarri ohi dituzue, berritzaileak. Zeri erreparatzen diozue obrak aukeratzeko orduan?
Errealitateari bestela begiratu nahi diogu, errealitatearen ohiz kanpoko ikuspegia eman nahi dugu. Bestelako hausnarketa egiteko baliabideak eman nahi dizkiogu jendeari, pentsabide kritikoa garatzeko aukera. Artistak ideiak transmititzen ditu. Baina ideiak transmititzeko bidea ez du bakarrik egiten, ikusleek laguntzen diote. Ez ditugu ikuskizun hertsiak ematen. Obra biziak ematen ditugu, irakurketa asko egiteko aukera ematen dutenak. Eta ez dute norabide bakarreko pentsabidea sustatzen. Horretaz gain, obra oso desberdinak ematen ditugu, ahalik eta jende gehienarengana iristeko, betiere pentsabide kritikoa sustatzeko xedeari jarraiki. Kultura ez dugu ikuskizun gisa konprenitzen, kultura ez da produktu komertziala. Guretzat kultura hausnarketa prozesua da. Pieza zailak ematen ditugula esaten duenik ere bada. Askotan guk geuk ere ez dugu irizpiderik pieza horiek ulertzeko, baina, hala eta guztiz ere, artista obra horien aldeko apustua egiten dugu.
Artista horiek prest izaten dira Bilbora etortzeko?
Ez da erraza artista batzuk ekartzea, horregatik beraien eskuzabaltasuna eskertu beharrean gaude. Aurrekontu txikia dugu, eta ezin diegu gehiegi ordaindu. Hori kontuan hartuta, ezin gaitezke kexatu; artista izugarri onak etorri dira Fundicionera, nazioarte mailan ospea dutenak. Hemengo konpainia askok beren lanak estreinatzeko leku gisa aukeratu dute Fundicion. Izan ere, guk euskal artisten aldeko apustua egiten dugu. Antzerkiaren arloan, Antzerkiola Imaginarioa pasatu da hemendik, Txusma Teatroa, La Ressistens... Dantzari dagokionez, euskal koreografo askoren etxea da Fundicion; besteak beste, Blanca Arrieta, Idoia Zabaleta, Matxalen Bilbao eta Asier Zabaletarena.
Zer ezaugarri ditu Fundicionera biltzen den ikusleak?
Erretiratuak dira batzuk, arte eszenikoen ikasleak beste batzuk... Hauek guztiek badakite nora datozen eta prest daude eskuzabalak izateko, artistarekin batera bidea egiteko. Ikusmina duen jendea da.
Zer harreman duzue instituzioekin?
Diru laguntzak ematen dizkigute urtero, egitarauaren arabera; baina guk bestelako harremana eduki nahiko genuke: hiruzpalau urtera begirako helburuak finkatzea gustatuko litzaiguke eta horren arabera egin lana. Azken batean, Fundicion zerbitzu publikoa ari da eskaintzen, ekimen pribatua izan arren.
Bilbon egiten diren hiru dantza jaialdietatik bi antolatzen dituzue: Dantzaldia eta Lekuz Leku. Instituzioek egiten ez duten lana egiten duzue zuek?
Fundicion areto hutsa baino gehiago izatea nahi dugu, arte eszenikoen eragile izan nahi dugu Bilbon. Hona formatu txikiko piezak baino ezin ditzakegu ekarri; horregatik antolatzen ditugu bi jaialdi horiek: hemen eman ezin ditzakegun lanak erakusteko eta beste sinergia mota batzuk sortzeko eta jorratzeko.
Instituzioek egin beharko luketen lana egiten duzuela dirudi.
Bilbon azpiegitura gabezia dago. Areto publikoak egon beharko lirateke, eta eskaintza zabala, aberatsa. Hemen badago horretarako publikoa, aski eta sobera.
Dantza eskolak ematen dituzue, halaber.
1996. urtera arte dantza eskola ere izan zen Fundicion, baina orain Matxalen Bilbaok soilik ematen dizkie eskolak dantzari semiprofesionalei. Arte eszenikoak ikasten ari den jendearekin harremana izatea oso garrantzitsua da, ekartzen ditugun artisten sinesgarritasuna landu ahal izateko beraiekin. Baina trebakuntzaren arloa alde batera utzi behar izan genuen, eta arreta osoa eskaini kudeaketari.
Dokumentuaren akzioak