Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Artzaintzari lotutako bizitzak

Dokumentuaren akzioak

Artzaintzari lotutako bizitzak

Lo Nau, Ortzadar eta Soinuenea taldeek artzainen inguruko proiektu bat aurkeztuko dute asteburuan, Faltzesen. Ikuskizun batek eta dokumental batek osatzen dute egitasmoa
Egilea
Ane Eslava
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2019/05/03
Lotura
Berria

Bakardadea, paisaia, animaliak, bidea, soinuak, usainak, sentimenduak... Elementu horiek guztiek, eta beste askok, osatzen dute artzaintzaren unibertsoa, Lo Nau, Ortzadar eta Soinuenea elkarteen ikuspegitik. Bizimodu bat da; tradizioa; historia. Artzaintza gertutik bizi izan ez dutenentzat, ordea, guztiz ezezaguna izan daiteke hori dena. Horregatik, mendeetako lanbide horren inguruko jakintza zabaltzeko, hiru elkarteek Tralhaires per delá lo blu de las montanhas (Aztarnaria, mendi urdinetatik harago) izeneko egitasmoa sortu dute. Ikuskizun batek eta ikus-entzunezko pieza batek osatzen dute proiektua, eta asteburuan aurkeztuko dute, Faltzesen (Nafarroa).

Hiru elkarteen arteko hartu-emana Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdearen bultzadaz sortu zen, kultura eta ondarea partekatzeko helburuarekin. Testuinguru horretan, hainbat ekintza sortu dituzte, eta Tralhaires per delá lo blu de las montanhas proiektua izan da horien emaitza.

Egitasmoak hainbat zati ditu, baina espektakulua da horietan «ikusgarriena», Mikel Petrirena Iruñeko Ortzadar dantza taldeko kideak adierazi duenez. «Gaskoiniako Lo Nau taldeak egituratua zuen espektakulua aldez aurretik, Joan Frances Tisnek zuzendutakoa, eta hiru taldeok egituraren gainean osatuz joan gara».

Ikuskizunari forma emateko, Ortzadar taldeko kideek ikerketa txiki bat egin dute, bilatzeko Euskal Herriko dantza tradizionalen artean zeintzuk duten loturaren bat artzaintzarekin. Petrirenak azaldu duenez, Nafarroako Erriberako makil dantzek dute harremanik handiena. Dantza horiek moldatu eta ikuskizunean txertatu dituzte. «Baina ez herrietan dantzatzen diren moduan, baizik eta egokituta», zehaztu du.

Bidearen kontzeptuak toki nabarmena du ikuskizunean, Trailhares hitzak «bidea egiten duena» esan nahi baitu, gaskoiz. «Eta hori transhumantziarekin lotu dugu ikuskizunean», azaldu du Petrirenak. Hartzaileari sentsazioak sorraraztea dute helburu lanarekin; hura artzainen bizimodura gerturatzea. Halere, Ortzadar taldeko kideak argi utzi duenez, ez da ohiko ikuskizun bat; ez da deskribatzailea, baizik eta «inpresionista»: «Areto osoan gertatzen dira gauzak, eta sistema oso batek inguratzen ditu ikus-entzuleak».

Atmosfera bereziak

Beraz, ez dute istorio jakin bat kontatuko; artzainen lana eta bizimodua «sentitzeko» aukera emango diote hartzaileari. Horretarako, «atmosfera bereziak» sortzen ahaleginduko dira, eta horien barruan txertatuko dituzte musika, ahotsa, bideoa eta dantza. Soinuak garrantzi berezia du ikuskizunean: joareen, ardien eta makilen hotsak entzungo dira, eta hainbat tokitan jarritako bozgorailuetatik ateratako soinuek areto osoa inguratuko dute. «Hala, giro berezi bat sortu nahi dugu; inpresioa eragin; hor egon». Larunbatean aurkeztuko dute lana, Faltzesko Pedro Iturralde gizarte etxean. Hartzailea gonbidatu nahi dute ikuskizuna «bere erara» interpretatzera eta bere burua aske gozatzen uztera. Irailetik aurrera leku gehiagotan erakutsiko dute ikuskizuna, eta areto bakoitzaren ezaugarrietara moldatuko dute. «Agertoki bakoitzean ezberdina izango da», Petrirenaren esanetan.

Bestalde, Oiartzungo (Gipuzkoa) Soinuenea fundazioak Faltzesko Maia-Agirre artzain familiaren bizitza dokumentatu du ikus-entzunezko batean. Zehazki, Juan Mari Beltran musikari eta musikologoa aritu da irudiak jasotzen, eta horien aukeraketa batekin osatu dute lana. Beltranek 1980ko hamarkadaren hasieran ezagutu zituen Javi eta Joaquin Martinez, Faltzesko Maia-Agirre leinuko azken artzainak.

Urte batzuk geroago, 1994an, egun oso bat eman zuen Javi Martinezekin eta haren artaldearekin Nafarroako Bardean, eta audio grabagailuarekin eta argazki makinarekin jaso zuen haren lana. Ordutik aurrera ogibidea eta hari lotutako bizimodua dokumentatzen jarraitzea erabaki zuen, eta urteak eman ditu lan hori egiten.

Mende bateko tradizioa

Orain, Tralhaires per delá lo blu de las montanhas proiektuaren barruan, DVD dokumental batean bildu dute Beltranek urteetan jaso duen materiala. Maia Aguirre, artzaintza mende bat Faltzesen izena jarri diote, eta Javi Martinez artzaina da lanaren protagonista. Haren bitartez erakutsi dituzte haren familiak ehun urtez egindako lanaren oinarriak: artzainaren ohiturak, bizimodua, aisialdia, janzkera, elikadura, artzain zakurraren erabilera, transhumantziak...

Soinuak pisu nabarmena du kasu honetan ere; zintzarriak eta artaldearen balakak entzuten dira; baina baita haizea eta uraren hotsak ere, eta artzainak ardiei zein zakurrari ematen dizkien aginduak. Izan ere, Martinezek lanean adierazten duen moduan, artzainarentzat oso garrantzitsua da soinua, informazio asko ematen diolako: ardiak zertan dabiltzan, norantz doazen, artaldea osorik dagoen ala ez...

Dokumentala ostiralean ikusi ahalko dute Faltzesko bizilagunek, gizarte etxean. Mikel Petrirenak adierazi duenez, hasieratik argi izan zuten Faltzesen aurkeztu behar zutela proiektua, eta uste du estreinaldia «oso berezia» izango dela, lanak herriarekin duen loturarengatik. Bertaratutakoek Juan Mari Beltranekin solastatzeko aukera ere izango dute.
<em>Tralhaires, per delá blu de las montanhas</em> egitasmorako argazki zaharrak erabili dituzte. Irudian, Biarnoko (Okzitania) artzain batzuk, lanean.
Tralhaires, per delá blu de las montanhas egitasmorako argazki zaharrak erabili dituzte. Irudian, Biarnoko (Okzitania) artzain batzuk, lanean. FELIX ARNAUDIN 

Dokumentuaren akzioak