Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Artxibo ugari arakatuta ikerlaria

Dokumentuaren akzioak

Artxibo ugari arakatuta ikerlaria

Hil berriak. Jose Garmendia Arruabarrena

Egilea
Juan Luis Zabala
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2005/01/21

Joan den asteartean hil zen, eta atzo jaso zuen azken agurra Jose Garmendia Arruebarrena idazleak, bere jaioterrian, Zaldibian. Idazle izateaz gain, euskaltzain urgazlea, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko nahiz Eusko Ikaskuntzako kidea, eta Euskal Idazleen Elkarteko ohorezko bazkidea zen Garmendia.



1925ean sortu zen, Zaldibian, eta 1950ean egin zen apaiz, Gasteizen. Gero, Erroman, teologian doktoratu zen.



Juan Inazio Iztueta zaldibiar idazle eta dantza ikerlearen bizitza eta lana sakon ikertu zuen Garmendiak, eta horren emaitza dira Obras inéditas de Iztueta (1968), Iztueta'ren olerkiak (1978) eta Juan Ignazio Iztueta, dantzarien maisu (1995) liburuak; eta baita Egan, Eusko Ikaskuntza, Euskera, SFVJU, RIEV eta beste hainbat aldizkaritan argitara emandako Iztuetari buruzko ezin konta ahala artikulu ere. Beste gai batzuei buruzko ikerlan eta artikulu ugari ere argitaratu zuen, askotariko gaiak jorratuz: Euskal Herriko beste pertsonaia ezagun batzuen bizitzak eta lanak, erlijioa, herriak, ermitak, ohiturak...Oso lan sakona egin zuen 1540 eta 1820 artean Sevillan eta Cadizen (Espainia) izan ziren euskaldunei buruz. Vascos en Cádiz (siglos XVII eta XVIII) eta Cádiz, los vascos y la carrera de las Indias liburuak dira ardura horren fruitu. Horretaz gain, Guía de los vascos en el Archivo General de las Indias eta Diccionario biográfico vasco: méritos, servicios y bienes de los vascos en el Archivo General de Indias ere idatzi zituen. Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarraren gorabeherak ere ikertu zituen.Lan horiek guztiak egiteko, ordu asko eman zuen ikerlanean Garmendiak, Tolosa, Ordizia, Donostia, Sevilla, Cadiz eta beste hainbat lekutako artxiboetan. Horretaz gain, eragile lanetan, Centro Vasco-Navarro izeneko elkartea sortu zuen, 1972an, Sevillan.

Dokumentuaren akzioak