Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Arteleku dantzaren sormenerako eta prestakuntzarako gunea izango da

Dokumentuaren akzioak

Arteleku dantzaren sormenerako eta prestakuntzarako gunea izango da

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Dantzaz eta Ertza konpainiekin batera, Dantzagunea proiektua bideratu du

Egilea
Ane Urrutikoetxea
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2009/07/09

Arteleku dantzaren sormenerako eta prestakuntzarako gune izateko ahalegin horretan, lehen urratsetako bat izan da zenbait ikasgela eraberritu izana dantzaren erabilerarako. Era horretan, dantzagunearen programazioak uda osoan ikastaro eta tailer ugari eskainiko ditu, hala nola dantza klasiko eta garaikideen ikastaroak edota Gorka Alda eta Mikel Aristegik prestatutako sorkuntza lana.

Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Dantzaz eta Ertza konpainiekin batera, dantzaren hezkuntza sistema hobetzeko beharra adierazi dute. Aranbururen esanetan, «bultzada baten beharrean, ahalbide eta baliabide faltan» dago dantza, beste kultur esparruen aldean. Sektoreko hutsuneak betetzeko, berriz, hiru lan ardatz zehaztu dituzte: dantzaren sorkuntza eta prestakuntzarako espazioak egokitzea, dantza tradizionalaren curriculuma egitea eta gazteei bekak eskaintzea.

Dantza tradizionala indartu

Dantza tradizionalari dagokionez, gainerako dantza adierazpideen maila berean ipini nahi dute, eta, horretarako, Dantzan Ikasi egitasmoa jarri dute martxan, dantza tradizionaleko dantzariei heziketan laguntzeko. Bestalde, dantzariak profesional bihurtzeko baliabideak ipintzeko asmoz, Dantzaz konpainiak hainbat jarduera antolatu ditu, T.danz gazte baleten topaketak esate baterako. Ertza konpainiak ere proiektu berrietan parte hartzeko aukera eskaintzen du.

Guztira 416.000 euro ezarri ditu aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak dantza jardueretan; honela, dantza arloari «bultzada» bat eman nahi izan diote. Horrez gainera, orain arte Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du.

 

Mentxu Medel.

Dantza irakaslea

«Musikak bezala, dantzak kontserbatorioa behar du»

A.U.

Donostia

Lucia Lakarra edo Urtzi Aranburu dantzariak hazi ditu Mentxu Medelek. Betidanik ibili da dantzaren munduan, eta orain Artelekun dabil irakasten.

Nola ikusten dituzu Artelekuk dantzari eskainitako ikasgela berriak?

Artelekuk denbora dezente darama dantzaren inguruan lanean. Aurten, areto batzuk berritu dituzte, eta horrek lana errazten du. Nik, Dantza Profesionalen Elkarteko kide gisa, guztiz beharrezkoa ikusten dut honelako eraikin bat eduki ahal izatea, batez ere udan; izan ere, ikastaroei esker ikasleek beren heziketarekin jarraitzeko aukera dute Artelekun.

Ikasle asko al daude dantzari profesional izateko bidean?

Momentu honetan hiru edo lau ikasle daude bide horretan hemen, beka gehiagorik ez dagoelako. Gainontzekoek zaletasunagatik jarraitzen dute, edota beren kabuz egin behar dute bide hori, gastuak gurasoen poltsikotik ordainduz. Ikasle denak, gainera, eskola pribatuetatik datoz. Arazo nagusiena, kontserbatorio bat ez edukitzea da; Euskal Herrian soilik Gasteizen dago erdi mailako ikasketak egiteko aukera, eta goi mailakoak egin nahi izan ezkero hemendik kanpora joan beharra dago. Baditugu ikasle oso onak, baina gutxik nahi izaten dute hain gaztetan Madrilera joan eta hemen duten guztia utzi.

Zuk ere hala egin zenuen.

Nire garaian dantza ikasteko aukera bazegoen, baina gero kendu egin zuten. Nik, Madrilen egin nituen goi mailako ikasketak. Ikasketa serioak egin nahi dituenak ez du hemen ikasteko aukerarik. Ba al dago dantzaren munduan murgildu nahi duen jende nahikoa?

Bai, badago. Egia da aukera gabezien aurrean asko uxatu egiten direla, edo kanpora joaten direla; baina, adibidez, Kontxako Barandaren aurrean egiten den ekitaldira joaten den jendeak arrazoia ematen digu. Jendeak dantza gogoko du.

Beraz, Dantza bazter utzita ikusten duzu?

Zentzu askotan bai; esate baterako, Donostia Kulturaren Hiriburu izendatu nahi dute 2016rako, baina ez du dantzaren inguruan proiektu sendorik aurkeztu. Ez da bidezkoa dantzaren munduan dabiltzan gaztetxoak atzerrira joan behar izatea ikasteko. Musikak bezala, dantzak kontserbatorio bat behar du.

Kontserbatorioa egitekotan, Arteleku gune aproposa litzateke?

Bai, tokia badugulako. Eraberritutako ikasgela hauetan sartzen gara. Dena dela, Tabakalera ere leku aproposa iruditzen zait. Halako proiektuen alde nago, dantza garaikidea gustuko dudalako, baina dantza guztien oinarria klasikoa dela ahaztu gabe.

Dokumentuaren akzioak