Dokumentuaren akzioak
Arteleku, aurrerantzean ere auzoaren ikur
Artelekuren erakina bota ez dezaten borrokatu gara, eta auzoarentzako ekipamendu edo azpiegitura moduan gera dadin. Gabezia handiak ditugu alor horretan, eta uste dugu aukera paregabea izan daitekeela eraikin hori auzoarentzat kultur, kirol eta astialdi gune bihurtzeko». Txomin-Eneko (Loiola, Donostia) Lan Berri auzo elkarteko kide Igor Martinek eta Moises Alvarok hitz horiekin azaldu dute Artelekuren eraikinaren etorkizunaren inguruan bizilagunek duten kezka eta ezinegona. Eraikina datorren urtean geratuko da hutsik. «Bota behar badute, esan dezatela zein asmorekin. Aurkez dezatela plangintza bat», exijitu dio udalari Martinek. Izan ere, aurrerantzean ere Txomin-Eneren ikur izan dadin nahi dute. Udalak hasierako asmoari eusten dio, uste baitu uholdeak gertatuz gero arriskutsua litzatekeela eraikinak zutik irautea.
Arteleku 1986an jarri zuten martxan, arte garaikideen gune moduan. Urteetan biltegi elektriko bat izan zen eraikina, kultur eta arte garaikidearen egoitza edo aterpe bihurtu zen. Imanol Murua zen orduan Gipuzkoako Kultura diputatua. Muruak harreman estua zuen Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea eskultoreekin. Haiek halako zentro bat sortzearen garrantzia nabarmendu zioten urteetan, eta haien gomendioei jarraituz bultzatu zuen proiektua Muruak. Artista garaikideek lan egiteko eta esperientziak partekatzeko gune bat izatea nahi zuten. Eta hala izan da 27 urtez.
Orain, ordea, aldundiak Artelekun eskaintzen dituzten zerbitzuak lekuz aldatuko ditu. Izan ere, uholdeak saihesteko Donostiako Udalak egin asmo dituen hirigintza moldaketen ondorioz, eraikina bota egingo dute. Hala, Dantzagunearen egoitza Errenteriako (Gipuzkoa) Lekuona okindegiaren eraikin berritura eramango dute, eta gainontzeko zerbitzuak Donostiako Santa Teresa komentura.
«Penatuta» daude horregatik auzotarrak. «Egia da Artelekuk auzotik askoz haragoko ikuspegia izan duela, eta guk auzorako bakarrik. Alde horretatik elkarlanean aritzeko aukera mugatua izan da. Baina jende askok Txomin-Enea ezagutzen badu, Artelekugatik da. Hori beti eskertuko diogu», adierazi du Alvarok. Gainera, haren esanetan, jende dezente ekarri du auzora. «Hemengo saltoki eta tabernei mesede asko egin die. Zerbait eskatu diegunean ere, beti lagundu digute. Guk ere lagundu diegu behar izan dutenean. Adibidez, iaz uholdeak izan zituztenean», azaldu du Alvarok. Harremana, beraz, «emankorra eta estua» baino, «adeitsua» izan da.
Eraikina aurrerantzean ere kulturari eta astialdiari lotutako gune izatea nahi dute Lan Berriko kideek, baina kasu honetan auzorako. «Zentzurik ez du hainbeste aukera eskaintzen dituen eraikin bat botatzea, eta orube huts batean geratzea. Egoera ekonomikoa ez dago horretarako». Eraikina duela 10-15 urte berritu zuten. «Oraindik urte askotan erabil daiteke». Alvarok gogorarazi du «balio handiko» eraikina dela. «Jende askok, beharbada, ez du jakingo. Baina hemen liburutegi handi bat dago. Donostiako handienetakoa. Ulertezina litzateke hori ez aprobetxatzea». Egin beharreko obrak «oso gutxi» izango lirateke. «Aurrealdea garbitu, eta gelaren batean egokitzapenak egitearekin nahikoa litzateke. Gune nagusiak bigarren pisuan jarrita, ez dago uholde arriskurik», zehaztu du Martinek.
Azpiegituretan dituzten gabeziak kontuan hartuta, halako eraikin bat aprobetxatzea «ikaragarria» litzatekeela esan du Martinek: «Mesede handia egingo liguke auzoa biziberritzeko». Kexu da Martin auzoak dituen azpiegiturekin. «Horretan ere hirugarren mailako auzo bat gara. Nahiz eta zergak berdin ordaindu, utzita gaituzte. Halako zerbitzu gehienak zentrora edo beste auzo batzuetara eramaten dituzte».
Egun kultur etxe moduan erabiltzen duten lokal bat eta kirola egiteko pista bat dira gauzak antolatzeko dituzten gune bakarrak. «Kultur etxea haurrentzako ludoteka moduan erabiltzen dugu batez ere. Hitzaldiak, tailerrak, ikastaroak eta abar antolatzeko txiki geratzen zaigu. Beti utzi behar izaten dugu jendea kanpoan». Gero eta gauza gehiago antolatu nahi dituzte, baina ezin dute. «Pena da, gauzak antolatzen ditugunean auzoko jendeak primeran erantzuten baitu», adierazi du Alvarok. Kirola egiteko pista ere «nahiko kaxkarra» da. «Kirola egin nahi badugu, kasurik gehienetan mugitu egin behar izaten dugu. Festak ere pista horretan antolatzen ditugu. Baina euria eginez gero, arazo handiak izaten ditugu». Ekipamenduak konpontzeko ere ez dute dirurik: «Kultur etxeko kristalak erdi puskatuta daude, eta ezin ditugu aldatu. Obra handi bat egin behar dugu han, baina ez dugu dirurik».
Beraz, uste dute halakoak antolatu ahal izateko balia dezaketela Artelekuren egoitza, eta han kultur eta astialdi guneak jartzeko. «Horrek eskaintza handiagoa eta erakargarriagoa egiteko modua emango liguke. Harago joanda, zergatik ez antolatu Donostiako ekitaldiren bat hemen? Guretzat handia litzateke», esan du Alvarok. Egiten duten eskaria, gainera, ez da soilik Txomin-Enerentzat. «Donostiar guztiak aprobetxatuko lirateke hau kultur eta astialdirako ekipamendu gisa erabiltzeaz».
Udalaren ustez «arriskutsua»
Alvarok eta Martinek nabarmendu dute aukera hori lantzen hasiko direla. «Ekarpenak, proposamenak eta iritziak biltzeari ekingo diogu, eta ikusiko dugu bizilagunek zer behar duten».
Auzoaren etorkizuna gazteak direla kontuan hartuta, prozesu horretan parte har dezaten nahi dute Alvarok eta Martinek. «Gazte eta nerabeentzako ekitaldiak antolatzeko ditugu zailtasun gehien. Pena da kulturaz gozatzeko auzotik kanpo joan behar izatea. Hori dela eta, animatzen ari gara parte har dezaten».
Hurrengo urratsa erakundeekin hitz egitea izango da. Eraikina, berez, aldundiarena da. Baina hirigintza plana udalak jarriko du martxan. «Beraz, azken hitza udalak izango du. Eraikinaren mantentzea eta abar bere gain hartu beharko luke, eta hori onartzea zailagoa izango da». Ez dute uste aldundiak arazorik jarriko liekeenik. « Ez genuke ixtea ulertuko».
Artelekuren eraikina botatzeko asmoan atzera egitea ez dela posible uste du udalak. Auzoaren maila igota, eraikina bakartuta geratuko litzatekeela nabarmendu du udalak, eta horrek are gehiago handituko lukeela han uholdeak izateko arriskua.
Dena den, plana aprobetxatuz Txomin-Enean ekipamendu berriak jartzea aurreikusten du. Oraindik ez dute horri buruz auzotarrekin hitz egin. Hitz egiten dutenean erabakiko dute zein azpiegitura jarri. Gipuzkoako Diputazioak esan du udalaren hirigintza plana bete besterik ez duela egin.
Artelekuren egungo egoitza, Txomin-Enean. Eraikina bota, eta zerbitzuak lekuz aldatuko dituzte. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Igor Martin eta Moises Alvaro, herenegun, Arteleku atarian. / A. CANELLADA / ARP
Bihar egingo duten Halloween festa izan daiteke azken ekitaldia
Ez dute agur festa bat izaterik nahi, bainaTxomin-Eneko auzotar askorentzat kutsu hori izango du bihar Artelekun bertan egingo duten Halloween festak. Lan Berri auzo elkarteak berak antolatuta, 20:30ean hasiko da. Festan beldurrezko elementuak izango dira nagusi, eta txikienentzat mozorro lehiaketa bat antolatu dute. Auzotarrak parte hartzera deitu dituzte. Izan ere, udalak jarrera aldatu ezean, datorren urtean hustuko dute eraikina.
Dokumentuaren akzioak