Dokumentuaren akzioak
Artelana
Dantzako irakaslea naiz eta etxean konfinatuta egon garen denbora guzti honetan nire lana berrasmatu behar izan dut etengabe. Ikusi ditut dantza eskolak itxita, beraien jarduera etenda. Gure etxeetan arteak izan duen garrantziaz konturatu gara, baina artea ordaintzeko dugun zailtasunez hausnartzeko denbora ere izan dugu sektore honetan lan egiten dugunok. Sentsazioa daukat, artearen edo kulturaren inguruan diruaz hitz egiteko tabu bat dagoela, kosta egiten zaigu gure lanari prezioa jartzea, ez dugu beste lan bat bezala baloratzen. Askotan, klaseak ematen, kontzertuan bertan edo emanaldietan pasatzen dugun ordu kopurua bakarrik ordaindu nahi digute. Baina ez gara konturatzen, etengabeko formakuntzan, sorkuntza lanetan, ensaiatzen, proiektu berriak sortzen eta klaseak prestatzen pasatzen dugun denboraz. Hitz egin dezagun argi diruaz, denok behar dugu bizitzeko. Lanak galdu ditugu, jendearentzat gure lana ez delako lehentasuna eta dantzarik gabe bizi gaitezkeelako. Bizi ala iraun. Itxi begiak eta imajinatu momentu batez mundua arterik gabe, musikarik gabe, dantzarik gabe. Zer? Gustatzen zaizu mundu hori?
Entzun izan dut soldata on bat irabaziko dudan lan finko bat bilatzeko eta gero egingo dudala dantza. Gero? Noiz? Dantza ez da gero egin nahi dudan zerbait, dantza nire bizimodua da, nire bizi baliabidea da eta jendeari bizitzeko baliabideak eskaintzea errazten didan artea eta terapia. Talde lana eta aniztasuna errespetatzen ikasteko aukera ematen du, bakoitzaren esentzia zein den deskubritu eta horrekin elkarbizitzen ikasteko. Eman diezaiogun behar duen balioa gure bizitzak hobetzeko ezinbestekoak diren baliabideei eta ordaindu diezaiegun hori ahalbidetzen duten pertsonei. Gure lana gustura egiten dugulako, ez ditugu lan baldintza eskasagoak merezi.
Dokumentuaren akzioak