Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Arteen eta Industria Kulturalaren Euskal Institutua sortuko dute aurki

Dokumentuaren akzioak

Arteen eta Industria Kulturalaren Euskal Institutua sortuko dute aurki

Kulturaren Euskal Plana aurkeztu dute, EAEko kultur alorretarako politikaren lan ildoak zehazturik

Egilea
Xabier Martin
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2008/06/10

KULTURA SAILAREN «BESO ERAGILEA». Kulturaren Euskal Planaren bilakabidea atzo aurkeztu zuten Donostiako Tabakaleran Jaurlaritzako eta sektoretako ordezkariek, eta aurkezpen horretan berezko garrantzia hartu zuen Arteen eta Industria Kulturalaren Euskal Institutuaren sorrerak. Ente berriak Gasteizen izango du egoitza nagusia, eta 2009rako martxan izatea espero dute; dagoeneko Lege gisa onartzeko bidean informazio publikora atera dute lege egitasmoaren zirriborroa. Jaurlaritzako Kultura Sailaren «beso eragilea» izango da Miren Azkarate sailburuak esan zuenez. «Zuzenbide pribatuko ente publikoa izango da, eta euskal arte eta kultura ekoizpena sustatzea izango da bere zeregin nagusia». Arteei eta industria kulturalei laguntza emateko politikekin lotuta dauden «alderdi guztietan» izango du ahalmena. «Kulturaren Euskal Planaren ildo estrategikoak garatzea ere izango da xedeetako bat, egitura berri eta bizi batetik abiatuta».

Arteen eta Industria Kulturalaren Euskal Institutuaren lana da, halaber, «sortzaileak, enpresak eta profesionalak sustatzea»; arteetan eta industria kulturaletan sartuta dauden sektoreen jarduera «dinamizatzea» ere ente berriaren xede izango da, baita euskal kultura ekoizpena «hedatzea» ere. Kulturaren Euskal Planaren esparruak jasotzen duen ekimen «garrantzitsuenetakoa» da Arteen eta Industria Kulturalaren Euskal Institutua, Miren Azkarate sailburuaren esanetan.

Kulturaren egitura bermatuko duten erakunde berrien artean dago Arteen eta Industria Kulturalaren Euskal Institutua. Etxepare Institutua bezala, garapen prozesuan dago oraindik. Euskal Kulturaren Behatokia, Kulturaren Euskal Kontseilua eta Ikus-entzunezkoa Klusterra, ordea, aurreratuagoak daude, «finkatzeko fasean».

 

ERAGILEEN PARTE-HARTZE «AKTIBOA». Maiatzaren 29an bildu zen Kulturaren Euskal Kontseilua. Donostiako Miramonen egindako osoko bilkurak lan taldeek azken hilabeteetan garatutako ekintza lerroak onartu zituen. Kulturaren Euskal Plana eraikitzeko zein zutabeen gainean ari diren lanean ere azaldu zituen Miren Azkaratek. «Eragileek aktiboki parte hartzeaz gain, kultura politika elkarrekin erabakitzen laguntzen digute», esan zuen. 13 lan talde daude kulturaren alorrak aztertzeko, 270 lagun inguru, eta dagoeneko bederatzi plan operatibo onartu dira beste hainbeste sektoretan. «Kultura Saila hitzarmenen eta diru laguntzen programa bat prestatzen hasi da, sektore guztiek egitura izan dezaten eta beren ahotsa nahiz proiektuak jakinaraz ditzaten. Hala, sektore bakoitzak bere jarreratik parte hartuko du kulturaren gobernantzan».

 

II. EUSKAL PLANERAKO BIDEAN. Atzoko aurkezpenean Kulturaren Euskal Plana instituzioetako eta sektoreetako eragileen arteko elkarlanak ekarri duela nabarmendu zuen Kultura sailburuak sarritan. Eta instituzioen inguruan hitz egitean, Jaurlaritza, Foru Aldundiak, hiriburuetako udalak eta Eudeleko ordezkaritza bat aipatu zituen. Bestalde, orain arteko lana garatzeko hartu duten beste oinarrietako bat da politika kulturalak «osotasunean» hartu behar direla. «Ez dago kultura politikarik, baldin eta kulturako esparru eta sektore bakoitzaren barruan zehazten ez bada».

Eta sektore guztiekin egindako lanak, haien ondorioek eta plan operatiboek Kulturaren II. Euskal Planerako bidea erakusten dutela esan zuten, plan horretan «angelu kualitatibo, ideia eta dinamika berriak» agertuko direla baitiote.

Bien bitartean, 2008rako eta 2009rako garatu beharreko ekintza lerro sektorialak onartu dituzte jadanik, eta haiek finkatzen dituzten egitasmo berriak gauzatzea da orain helburua datozen hilabeteetan. Horretarako plan operatibo bakoitzak aurrekontu bat izango du atzean. Halaxe esan zuen Gurutz Larrañaga Kultura sailburuordeak. Alegia, teoria praktika bilakatzeko dirua badela.

 

 

 

«Zuzenbide pribatuko ente publikoa izango da, eta kultura ekoizpena sustatzea izango du zeregin nagusia»

«Kulturaren Euskal Planaren ildo estrategikoak garatzea da xedea, egitura berri batetik abiatuz»

«Kultura Saila diru laguntzen programa bat prestatzen hasi da, sektore guztiek egituratzeko»

Miren Azkarate

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua

Kulturaren Euskal Plana sektoreka

Kulturaren Euskal Planaren lan ildoak aurkezteko, sektore bakoitzeko ordezkari bat izan zen atzoko agerraldian. Miren Azkarate Kultura sailburuarekin, Gurutz Larrañaga sailburuordearekin eta Iñaki Gomez Kultura Sustatzeko zuzendariarekin batera, han izan ziren Aizpea Goenaga (antzerkia), Laura Etxebarria (dantza), Dora Salazar (arte bisualak), Jose Mari Goenaga (Ikus-entzunezkoak), Jose Mari Sors (literatura, itzulpengintza, argitalpengintza), Blanka Gomez de Segura (eskulangintza), Aguztin Azkarate (kultur ondarea) eta Arantza Arzamendi (Kultura Saileko Kultur Ondarearen zuzendaria). Dagoeneko plan operatiboa onartu duten sektoreen izenean hitz egin zuten ordezkari horiek. Egitasmo zehatzak badira jada.

 

Antzerkia

Erresidentzia kontzeptua garatu

Aizpea Goenagaren arabera, erresidentzia kontzeptuan lan egin nahi dute datozen urteetan. Eskoletan bizi-ikasteko aukera emango luke bide horrek, Euskal Herritik at dauden erresidentzien ereduak aztertuko dituzte, eredu propioa garatzeko. Horrez gain, Kulturaren Euskal Planean jaso den modura, Sarea, euskal antzoki sarea indartu nahi dute. «Sarearen egitura eta izaera aztertu nahi dugu, kudeaketa hobetzeko eta efizientzia handitzeko». Gainera, egoitza programetan oinarritutako funtzionamendu lerro berri bat sartu nahi dute Sarean, «EAEko antzokiek eta antzerki konpainiek lankidetzarako esparru bat izateko».

 

Dantza

Dantza Etxeak hiriburuetan

Dantzaren alorrean ekarriko du atzo aurkeztutako ekimenak berritasun handienetakoa. Bilbon, Donostian eta Gasteizen Dantzarako Baliabideen Etxeak eraikiko dituzte, Dantza Etxeak. 2009arekin batera martxan egotea espero dute. «Elkarlanerako leku erreferenteak izango dira dantzaren inguruko ekimen publiko zein pribatuak garatzeko eta, aldi berean, haren ikusgarritasuna eta gizarte presentzia indartzeko», esan zuen Laura Etxebarriak. Aldi honetako helburua etxe horien lehen jarduera nukleoa abiaraztea dela diote; espazio bakoitzetik hasiko dira «programak garatzen eta epe erdi-luzerako proiektuen garapena diseinatzen».

 

Arte bisualak

Irakaskuntza sistemaren eraberritze orokorra

Lan taldeetatik atera diren ondorioetako bat da «beharrezkoa dela artearen irakaskuntza sistemaren eraberritze orokorra sustatzea, fase guztietan». Halaxe esan zuen Dora Salazarrek. «EAEko arte bisualen kultura politikan aldaketak eta hobekuntzak sustatzea» ere aurreikusi dute. Horretarako, txosten bat landuko da, sektore horretan Europan egiten diren kultura politiken ereduei buruz. Horrez gain, arte bisualei buruzko webgune baten sorrera ere iragarri dute.

 

Literatura

Diru laguntzen mapa berrikusi

Diru laguntzen mapa berriz aztertzen ari direla esan zuen Jose Mari Sorsek. «2009rako bide berriak zabaltzea» espero dute esparru horretan. Era berean, literatura unibertsalaren katalogoa osatzeko «bultzada irmoa» emango dute. Horrez gain, Literatura Sarien oinarriak berriro aztertuko direla diote, eta modu horretan, hurbileko etorkizunean, literatura sariek oinarri «sendoagoak» eta sektorearen adostasuna izango dituztela. Euskadi Literatura Sarien kasuan, 2009. urtetik aurrera literatura ilustrazioarentzako beste sari bat gehituko zaio, gainerako sarien diru kopuru bertsua jasoko duena. Euskal liburua eta literatura sustatzera bideratutako hainbat ekimen nabarmendu dituzte, halaber. Industria hori «ikusgarriagoa» egin nahi dute, nazioarteko zirkuituetara joz.

 

 

Ikus-entzunezkoak

Laguntzen automatikoen sistema ezarri

Ikus-entzunezkoen ekoizpenerako laguntza automatikoen sistema berri bat sortuko da, «egungo laguntza selektiboen sistema osatuko duena». Jose Mari Goenagaren arabera, euskarazko filmen emanaldiak eta banaketa sustatu nahi da. Euskarazko programazioa eskainiko dute zinema sare egonkorra lortu nahi dute.

 

Kultura Ondarea

Ikerketa Zentroa martxan jarri

Agustin Azkarateren hitzetan, «ondarearen prestakuntzara eta ikerketara zuzendutako etorkizuneko Zentroa zehazteko proposamenak» egingo dituzte. Hor kokatzen da Gasteizko Zain zentroa. Horrez gain, 7/90 Legean kulturarako aurreikusitako %1 ezarri nahi dute eta horren kudeaketa egin.

 

Museoak

Kontseilu Aholkularia

Museoen Legea onartu ondoren, Kontseilu Aholkulari bat eratuko da museoen alorreko ekintza lerroak zehazteko. Halaxe azaldu zuen Arantza Arzamendik.

 

Artxiboak

Euskadiko Artxiboen Mapa

Langileen etengabeko prestakuntza sustatu nahi dute, Euskadiko Artxiboen Mapa egin, eta dokumentu ondareari eta artxiboei aplikatutako normalizazioa eta lanerako estandarrak finkatu.

 

Liburutegiak

Euskal Liburutegi Sistema

Liburutegien alorreko lan taldeak zehaztutako lau ekintzen artetik, hauek nabarmen daitezke: sarea eta Euskal Liburutegi Sistema zehaztu, egituratu eta garatzea; Liburutegi Digitala lortzeko aurrera egitea; Liburutegien Legea bultzatzea eta, ondoren, haren arauak garatzea, eta liburutegi zerbitzuak etorkinen taldeen behar eta interesetara egokitzeko programa bat diseinatzea.

 

Eskulangintza

Produktuak webgune batean

Artisauen katalogoak aurkezteko web formatuko tresna bat sortzea proposatuko dute, euren produktuen hedapenerako tresna gisa erabili ahal izateko.

 

Dokumentuaren akzioak