Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Arteek elkarri eragiteko artea

Dokumentuaren akzioak

Arteek elkarri eragiteko artea

Jon Maia, Cesc Gelabert eta Israel Galvanek 'Isil-hizketak' dantza ikuskizuna taularatuko dute Nafarroako Unibertsitateko Museoan
Egilea
Ane Eslava
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2019/05/23
Lotura
Berria
Museoak artelanak ikusgai jartzeko tokiak dira. Obrak, artistak eta hartzaileak elkartzeko lekuak. Baina arte adierazpide ezberdinak batzeko guneak ere izan daitezke; interakzioak sortzeko lekuak. Hain zuzen, helburu hori du Nafarroako Unibertsitateko Museoak gaur estreinatuko duen Isil-hizketak ikuskizunak. Jon Maia, Cesc Gelabert eta Israel Galvan dantzariak elkartu dituzte museoan; hiru artista, eta dantza bizitzeko hiru modu. Haiek museoko bilduma interpretatuz sortu dute dantza emanaldia, eta, gaur, bihar eta etzi eramango dute jendaurrera, 20:00etan.

«Museoaren izaerarekin bat datorren proiektu bat da hau», adierazi zuen Jaime Garcia del Barrio museoko zuzendariak, ikuskizunaren aurkezpenean, asteartean. «Arteak elkarrekin bizi daitezen nahi dugu, eta proiektu honetan arte plastiko eta eszenikoek bat egiten dute, bai eta hiru dantza ereduk ere». Proiektua 2017an abiatu zuten, museoak Maia bilduma ezagutzera gonbidatu zuenean. Artelanei beste ikuspuntu batetik begiratzea proposatu zioten Maiari: dantzatik, erroetatik. Dantzariak hasieratik argi ikusi zuen Gelabert eta Galvanekin batera garatu behar zuela egitasmoa. Ordutik, hainbatetan bisitatu dute museoa hirurek, «hura bizitzeko», eta espaziotik eta obretatik abiatuz hezurmamitu dute ikuskizuna.

Ideia Maiarena da, eta Gelabertek hartu du koreografiaren ardura. Lanak bi zati izango ditu: hasieran, artista bakoitzak dantza pieza bat interpretatuko du areto jakin batean: Maiak, EduardoTxillidaren aretoan; Gelabertek, Antoni Tapiesenean; eta Galvanek, berriz, Pablo Palazuelorenean. 150 lagunek osatuko dute ikus-entzuleria, eta hiru taldetan banatuko dituzte; talde bakoitza gela batera joango da, eta han dagoen dantzariaren pieza ikusiko du. Mugituz joango dira, guztiek hiru dantzak ikusi arte.

Sortzaileek abiapuntu bera izango dute: zortzikoaren interpretazio pertsonal bat egingo dute, egokitu zaien artistaren lanekin hartu-emanean. Bakoitzak bere modura landuko du zortzikoa; izan ere, Maiak euskal dantza tradizionalean zein garaikidean dihardu, Gelabertek garaikidean, eta Galvanek flamenkoan.

Hiru interpretazioak amaituta, taldeko atala helduko da. Cecilia Paredes artista perutarraren El no retorno instalazioaren inguruan dantzan arituko dira hiru dantzariak elkarrekin. Lau itsasontzi handik osatzen dute Paredesen instalazioa; ontzi hondoratuak irudikatzen dituzte; migratzaileen patua; deserrotzea. Aretoa zabala da, argiztapen zaindu batek laguntzen ditu artelanak eta dantzariak, eta Luis Miguel Cobo konpositoreak ikuskizunerako sortutako musikak giro berezi bat sortzen du gelan. Hor dantzatzea «ederra» dela adierazi du Gelabertek: «Lekurik gabeko naufragoen espazio batean baikaude; inorena ez den lurralde batean».

Musikak pisu nabarmena du proiektuan. Maiaren irudiko, Coboren musika «artelan bat» da. Musikagileak, berriz, museoari «soinua atera» nahi diola adierazi du: «Ikus-entzuleak gerturatzen direnean, museoak bizia hartuko du». Erronka gisa ere bizi izan du proiekturako musika sortzea, oso dantza estilo ezberdinak lagundu behar baititu. «Zentzumenentzako jaialdi bat izango da ikuskizuna», laburbildu du. «Soinuak 360 gradutan egongo dira, ikus-entzuleak inguratuz; artelanek ere inguratuko dituzte, eta hiru dantzariak haiekin erlazionatuko dira». Coboren ustez, bizipen emozional berezia izango da hartzaileentzat, «esperientzia paregabea».

Intuiziozko prozesua

«Kutsadura; fusioa; nahastea». Hitz horiekin lotu dute sortzaileek emanaldia: «Musikak dantza kutsatuko du, eta dantzek elkar kutsatuko dute», aipatu du Cobok. Hitz hori bera baliatu du Maiak sortze prozesua azaltzeko. Izan ere, hura «geruzen bidez» osatuz joan dira: lehenik, Maiak bere pieza sortu zuen; ondoren, Gelabertek Maiarenean oinarrituz egin zuen berea, eta, azkenik, Galvanek Gelabertenetik tiraka sortu zuen berea. «Geruzak batzean, elkar kutsatu ugu; ederra izan da».

Pieza sortzeko prozesua «intuitiboa» izan dela azaldu du Maiak. Txillida eta Jorge Oteizaren lanek inspiratu zutela kontatu du, eta artista horien bi esaldi ekarri ditu gogora: «Lehenak zioen sustrai sendoak behar ditugula adarrak mundura zabaltzeko; bigarrenak, unibertsal izateko norberean sakondu beharra dagoela. Esaldi horiek proiektu honetaz ere hitz egiten dute; gure lan egiteko eraz».

Galvanentzat ere intuiziozko esperientzia bat izan da, «kolpe batez» bizi izan baitu artea; zuzenean. «Horrela lan egitea zerbait berria izan da niretzat, aurkikuntza bat». Halaber, kideekin dantzatzean gozatu egin duela nabarmendu du: «Beste dantzariekin batera konpartitzeak geure gorputza aldatzen du, eta geure presentziak museoa bera aldatzen du». Gelabertek, azkenik, «zoragarri» gisa deskribatu du Tapiesen artelanek inguratuta dantza egiteko esperientzia, «indar handiko espazio bat baita». Tradizioa jaso eta transmititzeko ariketa batekin alderatu du proiektua dantzariak: «Jasotako kultura dago gure mugimenduen atzean; gu oinordekoak gara».

IKUSKIZUNA

Non: Nafarroako Unibertsitateko Museoan.

Noiz: Gaur, bihar eta etzi, 20:00etan.
Cesc Gelabert, Israel Galvan eta Jon Maia, herenegun, Cecilia Paredesen instalazioaren inguruan dantzan.
Cesc Gelabert, Israel Galvan eta Jon Maia, herenegun, Cecilia Paredesen instalazioaren inguruan dantzan. IÑIGO URIZ / FOKU 

Dokumentuaren akzioak