Dokumentuaren akzioak
Artearen galderak plazaratuko ditu Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiak
Ostiraletik igandera bitartean, zortzi antzezlan eta dantza ikuskizun taularatuko dituzte herriko kaleetan
Jaialdiaren 22. ekitaldia izango da. Urtero bezala,
artea eta jai giroa kalean barreiatuko dira, nazioarteko eta euskal
antzerki taldeen eskutik. Clown-a, akrobazia, dantza garaikidea,
sua, umorea eta poesiaz jositako lanak izango dira, eta horiez guztiez
gozatu ahalko dute Lekeition biltzen direnek. Kale antzerkian aitzindari
da jaialdi hori, eta aurrerantzean ere eredu izan nahi duela azaldu
zuen Agirrek.
Sarrionandia oinarrian
Lekeition,
ume, gazte zein helduentzako lanak izango dira ikusgai. Guztira zortzi
talde arituko dira euren lan berrienak plazaratzen, eta horien artean
jaialdiak ekoizpen propioko bederatzigarren lana aurkeztuko du
asteburuan: Sarritsasoa. Dantzaz konpainiarekin batera
ekoitzitako lan horrek Joseba Sarrionandiaren poesia du oinarri, eta
dantza garaikidea, literatura eta ingurugiroa uztartzen ditu; Isuntzako
hondartzan taularatuko dute.
Filgi Claverie Dantzaz konpainiako
zuzendariak azaldu zuenez, jaialdirako sorkuntza lan bat egiteko eskatu
zietenean, ez zuten birritan pentsatu, kokalekuak dantzarien lana asko
zailduko bazuen ere. «Dantzarientzat aldaketa handia izan da, espazio
txiki batetik hondartza batera aldatzea zaila delako».
Sarritsasoa
lanean, Lekeitioko Karkabia kultur elkarteko hamabi dantzarik eta
nazioarteko beste hamarrek hartuko dute parte. Antolatzaileek hasieratik
izan zuten argi proiektuan lekeitiarrek ere parte hartu behar zutela.
Sua izango da aurtengo jaialdiko beste protagonista. Herrialde Katalanetatik etorritako Scura Splats taldeak correfoc suzko kalejiran txinparten azpian dantza egiteko gonbitea egingo die ikusleei.
Scura
Splatsek eta Generik Vapeur Marseillako taldeak (Frantzia) jaialdiaren
gaueko eta formatu handiko ikustaldi biak eskainiko dituzte. Katalanak
ez dira berriak jaialdian, 2009. urtean arrakasta handia izan baitzuen
haien emanaldiak.
Oraingoan, Heriotzaren dantza
ikuskizunaren euskarazko bertsioa estreinatuko dute. Ez da izango taldea
euskaraz aritzen den lehenengo aldia, Lekeition izandako aurreko aldian
ere gure hizkuntzan eman baitzuten.
Sua eta otsoak
Suarekin
jolasean ere, Generik Vapeur taldeak urdinez margoturiko
gizon-emakumeak ekarriko ditu portura. Handik herria zeharkatuko duen
martxa bat hasi, eta ikusleekin harreman berezia lotuz joango dira.
Lekeitioko kaleek Hamelinen antza hartuko dute Deabru Beltzak taldearen eskutik. Maiatzean Ingalaterran estreinaturiko The Wolves
ari da aurkezten talde bilbotarra Euskal Herrian. Suzko emanaldi batean
piano jotzaile ibiltari batek otso erraldoi talde bat eramango du
kalejiran.
Eidabe taldekoek, berriz, umeentzako festa erraldoi bat antolatuko dute. Nazioarteko dantza eta jolasak plazaratuko dituzte Kanpanolue 11 salto gehiago emanaldiarekin.
Azkenik, Uruguaiko kideek osatzen duten Trapu Zaharra konpainia, Japoniako Ojarus clown taldea eta Chipolatas eskoziar taldea ere Lekeitioko plaza eta kaleetan ibiliko dira irribarreak lapurtzeko asmoz.
Dokumentuaren akzioak