Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Arte zaharren aurpegi berria

Dokumentuaren akzioak

Arte zaharren aurpegi berria

Maiatzaren 26tik 31ra egingo dituzte Bilbon 3,2,1 forma eszeniko berrien topaketa eta MOV-S jardunaldiak

«Diziplina guztiak ez dira tankan itxiriko konpartimenduak. Teatroa ez da soilik ekintza eta hitza, batzuetan bada dantza eta ikus-entzunezkoa ere. Dantza ez da soilik mugimendua eta koreografia, batzuetan testua eta poesia ere izaten ditu». Eta, hain zuzen ere, tarteko espazio horietan jarri nahi izan du arreta Fernando Perez 3,2,1 Forma eszeniko berrien nazioarteko topaketaren antolatzaile eta Bilboko Alondegiko kultur programazioaren arduradunak. Diziplina artean dabiltzan lan horiek bildu nahi dituzte maiatzaren 26tik 31ra egingo dituzten jardunaldietan. Euskal Herriko eta nazioarteko abangoardiako sorkuntza batu nahi dute Bilbon, eta Frantzia, Austria, Portugal, Quebek eta Koreako sortzaileak bilduko dituzte.
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2014/05/06
Lotura
Berria

Performance eta dantzaren bidegurutzean aritzen da Marie-Caroline Hominal, esaterako, eta dantza garaikidearen erreferente da Cindy Van Acker. Suitzatik helduko dira biak Bilbora. Eta nazioarteko beste bederatzi konpainia ere izango dira topaketetan. Zirkotik gertuko dantza emanaldia eskainiko du Alessandro Sciarroni konpainia italiarrak, adibidez; performance-antzerkia egingo du Casabranca talde portugaldarrak, eta Danse Carpe Diem-Emmanuel Jouthe konpainiak banan-banan dantzatuko du ikusle bakoitzarekin.

Izango dute beren lekua Euskal Herriko sortzaileek ere. Xabier Erkizia eta Ainara Legardon soinu artistek bisita gidatua egingo dute maiatzaren 30ean Alondegian, eraikinak ateak itxi ostean. Haren soinu eta isiltasunak erakutsiko dizkiete bertaratzen direnei. Sra. Polaroiska kolektiboak eta Elssie Ansareo argazkilariak espresuki jaialdirako egindako bideo eta argazkiak jarriko dituzte erakusketa aretoan, eta Jon Munduate artistak bidean duen Translation piezaren aurrerapen tailerra eskainiko ditu.

Arte eszenikoak dira MOV-S jardunaldien ardatza ere. Artisten, dantza elkarteen eta mugimenduaren artearen arteko zubiak eraikitzea du helburu. Profesionalak, programatzaileak eta elkarteak bildu nahi ditu horretarako, eta maiatzaren 26tik 31ra egin dute aurten zita. 3,2,1 jaialdiarekin batera. Trebakuntza tailerrak eta bertako artistekin topaketak antolatuko dituzte, eta ehun pertsonak eman dute izena jadanik jardunaldietan.

Egitarau osoa ikusi nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.Alhondigabilbao.com

3,2,1 topaketen eta MOV-S jardunaldien antolatzaileak, atzo Bilboko Alondegian. / ALONDEGIA

Dokumentuaren akzioak