Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Arte garaikidearen giroan murgildu da Senpere Berinak II festibalaren karietarat

Dokumentuaren akzioak

Arte garaikidearen giroan murgildu da Senpere Berinak II festibalaren karietarat

Egilea
Franck Dolosor
Komunikabidea
Ttipi-Ttapa
Tokia
Senpere
Mota
Albistea
Data
2011/11/08
Lotura
Ttipi-Ttapa

Polemika eta zer erran frango sortu zuen duela bi urte Berinak festibalak. Karioegia zela zioten batzuek. Senperen ez zela sekulan holakorik ikusi bertze batzuen ustez. Ideiak ez zuen nehor bazterrean utzi, denek zuten zerbait errateko eta hori bera da Berinak festibalaren lehen hitzorduaren lehen arrakasta haundia. 2009ko udazkenean, saltegietako berinak apaindu zituzten Anne Marie Jeannou eta Iñaki Viquendiren gonbidatuek. Aurten ere, arte garaikideak toki zabala izanen du eta gainerat, musika, dantza eta bertsuak ere izanen dira. Berinak II festibala azaroaren 5ean hasi zen eta 20a arte iraunen du.

Jaialdiaren idekitze egunean, Elirale konpainiaren dantzaz eta Xabier Erkizia eta Kalakan taldearen musikaz gozatu ahal izan zen. Maialen Lujanbio bertsulari xapeldunaren ahotsa entzuteko parada ere izan zen.

Orain zonbait erakusketa preziatzen ahal da Senpereko hainbat tokitan. Jeanne Susplugas paristarrak bideoak, argazkiak eta marrazkiak nahasten ditu. Festibalaren karietarat, formaz alda daiteken egurrezko etxea eraiki du Viquendi zurgin senpertarrarekin. Beren aldetik, Patxi Laskarai eta Christian Borde Moustic argazkilariek beren lanak erakusten dituzte. Lehenak estetismoa ainitz lantzen du eta Euskal Herria erakusten du nehork ez bezala ikuspegi harrigarriei esker. Moustic-ek treina maiz hartzen du Euskal Herritik Pariserat joateko lan egiterat. Treinetik hartu dituen argazkiak erakusten ditu Senperen egin duen lehen agerraldian.

Ibai Hernandorena angeluarrak emozioak piztu nahi ditu errealitatearen perzepzioa aldatuz. Aste bateko egonaldia eginen du Errota Berrian obra bat sortzeko. Horiek oro eta bertze artista frango elgarretaratuko da gure herrian Berinak II festibalaren karietarat eta ez da dudarik aurten ere zer errana sortuko duela Anne Marie Jeannou eta Iñaki Viquendi arte garaikide zale senpertarrek elgarrekin apailatu duten biharko artearen hitzorduak.

Artista frangoren lanak ikusi ahal izanen dira bi asteotan Senperen.

Artista frangoren lanak ikusi ahal izanen dira bi asteotan Senperen. Argazkia: Franck Dolosor

Dokumentuaren akzioak