Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Arte eszenikoetan ikasketa ofizialak existitzea da gure kezka"

Dokumentuaren akzioak

"Arte eszenikoetan ikasketa ofizialak existitzea da gure kezka"

Gabriel Ocina, Eszenikaren Aldeko Plataforma

Bilbo, 1969. Euskal Aktoreen Batasuneko zuzendaritzako kidea da Gabriel Ocina, baita Eszenikaren Aldeko Plataformaren koordinatzailea ere. Sortu zenetik ia hamarkada bat igaro den honetan, plataformak EAEko arte eszenikoen sektorea bildu du aspaldiko eskari baten inguruan: goi mailako arte ikasketak eskainiko dituen zentro bat. Errealitatea da urteak joan, urteak etorri, Eusko Jaurlaritzak mahai gainean ipinitako proiektuak gauzatzeke daudela oraindik.
Egilea
Unai Brea
Komunikabidea
Argia
Mota
Elkarrizketa
Data
2014/03/30
Lotura
Argia

Zergatik Eszenikaren Aldeko Plataforma bat?

2005eko irailean sortu zen taldea, eta hasieran ez zuen izen hori, noski, Eszenika proiektua ez baitzen existitzen. Arte eszenikoen Goi Mailako Zentroaren Aldeko Plataforma zen. Eszenika izena 2010ean aipatu zen lehen aldiz. Eta zergatik? Bada, argi dago. Gaur hemen Euskal herrian [EAEz ari da] ez dago arte dramatikoa, dantza eta eszenoteknia ikasteko aukera ofizialik, eta hori ez da normala gure ustez.

Unibertsitate mailako ikasketez ari zara?

Gaur egun, [Espainiako] Estatuan ez dago halako ikasketarik unibertsitatean. Baina hori ez da arazo bat. Kontserbatorio eta arte dramatiko eskola ofizialak ez daude unibertsitate barruan, baina maila berdina da. Ikasketa horiei, legez, ezin zaie gradu izena eman, baina beste edonondik begiratuta unibertsitateek eskaintzen dituzten graduak bezalakoak dira.

Orduan, Eszenika aurrera aterako balitz unibertsitate bat litzateke?

Goi mailako zentroa izango litzateke. EAEko Hezkuntza Sailak unibertsitatearen barruan egin nahi badu, egin dezala, baina ez da eredu zabalduena. Gainera, unibertsitateak baditu bere baldintzak, askoz zorrotzagoak. Horrek ez gaitu kezkatzen; ikasketa ofizialak existitzea da gure kezka. Eta errazena zentro artistiko bat sortzea da.

Eszenika proiektua izan bada, administrazioak mahai gainean ipini eta gero bertan behera utzia. 2005ean hasi zineten zentro bat aldarrikatzen. Orduan ere existitzen zen asmoa?

Ez. Guk orduan zerbait sortzeko eskatu genuen besterik gabe, hutsune nabarmena zegoelako EAEn, gure ustez nahikoa lotsagarria. Eta 2006an Gasteizko Legebiltzarraren gehiengoak onartu zuen garaiko Jaurlaritzari eskatzea hori indarrean jar zedin. Orduan egin ziren lehen pausoak, eta arazoa, batez ere, kokapena izan zen. Azkenean, 2007an, Tontxu Campos Hezkuntza sailburuaren eta Iñaki Azkunaren arteko akordioa izan zen, ikastetxea Bilboko Alhondigan egiteko, baina hura bertan behera geratu zen. 2009an PSE iritsi zen Jaurlaritzara, eta 2010ean beste proiektu bat iragarri zuten: Eszenika. Ordukoa da izena.

Zer izan beharko litzateke Eszenika?

Zentro integral bat, bai arte dramatikoa (aktoregintza, zuzendaritza, gidoigintza), bai dantza, bai eszenoteknia irakatsiko litzatekeena. Hori baita egungo joera. Antzerkiaren eta dantzaren arteko harreman sendoa dago, Euskal Herrian garbi ikusten da hori, eta horregatik nahi dugu dena zentro berean egon dadin.

Kontua da Eszenika gauzatu gabe dagoela.

Eszenika proiektua 2010ean jarri zuten mahai gainean. Kokapena ere aldatu zuten, bat-batean aukera agertu baitzen zentroa ETBk Bilbon daukan egoitzaren ondoan egiteko. Ikastetxea 2012-13 ikasturtean martxan jarriko zela iragarri zuten, eta horrek sektore osoa lasaitu zuen.

Noiz zapuztu zen proiektua, nola?

Batetik, Espainiako Auzitegi Gorenak esan zuen goi mailako arte ikasketak ezin daitezkeela jo unibertsitateko gradutzat –gauza bera badira ere–, eta horrek zalantzak sortu zituen Hezkuntza Sailean. Bestetik, 2012an, legegintzaldia amaitzear zegoela, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak helegitea jarri zuen Jaurlaritzak Eszenika egiteko aurkeztutako proiektuaren aurka, eta epaileak arrazoia eman zien. 2012ko urrirako dena bertan behera zegoen. Halere, arkitektoen elkargoak agerian utzitako irregulartasunak erraz gainditu daitezke, arazo tekniko hutsa da.

Eta horrekin batera berpiztu zen plataforma?

Bai. Baina bitartean beste batzuk iritsi ziren Jaurlaritzara, eta ez zuten gaiaz ezer esan. 2013ko otsailean bertan, Jaurlaritza berria osatu eta hilabetera, bilera eskatu genion Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari. Proiektuak aurrera jarrai zezala eskatu nahi genion. Kostata, uztailean egin genuen bilera.

Jaurlaritzak uko egin zion Eszenika proiektuari?

Ez zuen ezer esan, baina 2013ko martxoko aurrekontu proiektuak ez zuen Eszenika inon ere aipatzen. Horrek kezkatu gintuen.

Zer atera zen uztaileko bilera hartatik?

Hezkuntza Sailak esan zigun dena berriro aztertu nahi zuela: zer nolako eskaria dagoen, irakasleen profila zein izan beharko litzatekeen, zer ikasketa eskainiko den… Normala da, garbi hitz eginda, hau sozialisten proiektua baitzen, eta badakigu EAJk ez duela besterik gabe bere horretan onartu eta indarrean jarriko. Bestetik krisiaren aitzakia dago: ez da garai egokia, gastua murriztu behar da…

Eperen bat adierazi dizuete?

Joan den urrian Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egon ginen, eta horren ondorioz Legebiltzarrak berriz eskatu dio Jaurlaritzari hau indarrean jartzeko. Gainera, epe zehatza emanda ikasketak has daitezen: 2014-15 ikasturtea. Badakigu, noski, data horretarako zentro berria egokitzea ezinezkoa dela.

Alderdi guztiek bat egin zuten?

Ez, EAJ abstenitu egin zen. Iazko azaroan aurkeztu zituzten 2014rako aurrekontuak eta han ere ez zen ageri Eszenika; orain badago, baina emendakin bati esker. 300.000 euro bideratu dituzte proiekturako.
Ez da asko holako proiektu baterako…

ETBren ondoko egoitza egokitzeko zazpi milioi euro beharko lirateke. Musikenerekin, esaterako, tirabirak egon ziren, diru asko kostatu zelako, eta batzuek esan zutelako “hara, zer garestiak diren arte ikasketak”. Bada, bai. Dena den, musikan ikasle/irakasle ratioa askoz txikiagoa da, askotan ikasle bakarrekoa irakasle bakoitzeko, eta beraz askoz ikasketa garestiagoak dira. Kontuak kontu, guk ez dugu zentro erraldoi bat eskatzen, txikia eta kalitatezkoa baizik. Bai, baliteke ikasketa mota hau garestia izatea beste batzuekin alderatuta. Gobernuak, eta jendarte osoak, erabaki beharko dute merezi duen ala ez.

Esan duzu Jaurlaritzak eskaria aztertu nahi duela. Zure ustez, nolakoa da eskari hori?

Egon badago. Gaur egun eskola asko dago irekita EAEn, eta urteak daramatzate lanean, bai antzerkigintzan, bai dantzan… Antzoki sare indartsua dago, antzerkia eta dantza ikusteko ohitura dago. Eta bokazioa ere badago, leku guztietan bezala.

Hortaz, pentsa liteke formazio aldetik gure beharrizanak asetzeko adina azpiegitura badugula. Alegia, zentroa aldarrikatzeak ez lukeela zentzurik, ikasketok tituluz apaintzetik harago. Zein da aldea? Non dago jauzi kualitatiboa?

Tituluak badu bere garrantzia, arlo guztietan bezala. Medikua edo irakaslea izateko titulua behar da. Bai, badakit, desberdina da, baina ez da hain desberdina. Antzoki batera lanean sartzeko ez dizute eskatuko Aktoreen Kolegioko Agiria, egia, baina ezin dugu pentsatu aktorea edo dantzaria izateko nahikoa direla dohain batzuk eta gogoa. Hau lan serioa da, eta talentua izateaz gain, teknika ikasi behar da.

Bide batez: zer jarrera dute eskola pribatuek Plataformaren aldarrikapenarekiko? Azken batean, zentro ofizial batek kalte egingo lieke.

Eskola horietako asko Plataforman daude, egon. Garbi dago Eszenika gauzatuko balitz egoera aldatuko litzatekeela, baina zentro ofizialak eta ikasketa arautuak dauden lekuetan badaude eskola pribatuak. Bizikidetza hori beti egon da. Negozio aldetik kalte? Uste dut egokitu beharko liratekeela. Batzuetan ez da kaltegarria, alderantziz. Ikasketa ofizialak existitzeak onarpena emango lioke sektoreari, ospea. Arte eszenikoen mailak gora egingo luke, oro har, eta horrekin batera eskari kopuruak ere bai. Antzerkia eta dantza oso eremu zabalak dira, eta eskola ofizialean irakasten ez dena zentro pribatuetan irakats daiteke. Pribatuek beren eskaintza egokitu beharko dute, erakargarriak izateko.

“Antzerkiaren eta dantzaren arteko harreman sendoa dago, Euskal Herrian garbi ikusten da hori, eta horregatik nahi dugu dena zentro berean egon dadin”.
“Antzerkiaren eta dantzaren arteko harreman sendoa dago, Euskal Herrian garbi ikusten da hori, eta horregatik nahi dugu dena zentro berean egon dadin”.

 

Zer ikasketa eskatzen dute, zehazki?

Urriaren 11n Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agerraldia egin zuten Eszenikaren Aldeko Plataformako kideek, eta euren ustetan arte eszenikoen goi mailako ikasketen ildo orokorrak zeintzuk izan beharko liratekeen azaldu zuten. Honakoak dira:

Arte Dramatiko eta Dantza ikasketek bat egingo lukete Espainiako Hezkuntzaren Lege Organikoak eta Europako araudiek (LOE) ezarritakoarekin. Hots, unibertsitateko gradu baten maila bera edukiko lukete, nahiz izen hori ez eduki. Tituluok eskuratzeko launa ikasturte gainditu beharko lirateke.

Arte Dramatiko ikasketak hiru multzotan banatuko lirateke: batetik, espezialitate guztietan –Aktoregintza, Zuzendaritza eta Eszenografia– berdinak izango liratekeen bederatzi ikasgai, sortze-prozesua ardatz edukiko luketenak. Aktore, zuzendari zein idazle izateko oinarri teorikoa finkatuko litzateke ikasgai horietan. Bestetik, espezialitate bakoitzerako ikasgai espezifikoak leudeke. Eta hirugarrenik, hautazko ikasgaiak, dantza, antzerki eta eszenografiaren arteko elkarlana bultzatzera bideratuak.

Dantzari dagokionez, Koreografia eta Dantzaren Pedagogia espezialitateak eskainiko lirateke. Lehen hiru ikasturteak batera egingo lituzkete, eta bereizirik.

Eszenikaren Aldeko Plataformak, halaber, Eszenoteknia titulu bat sortzea proposatzen du. Ikasturte biko iraupena luke, eta argiztapen, soinu eta bestelako teknika eszenikoetan profesionalak trebatzea izango litzateke helburua.

Azkenik, unibertsitatearekin batera masterrak eta doktorego programak antolatzea gomendatzen dute. Plataformak Legebiltzarrari helarazitako dokumentazioan azpimarratzen duenez, bitxia da gaur egun EHUk arte eszenikoen master bat eta gradu-ondoko bat eskaintzea, gradu mailako formazio baliokiderik ez delarik.

Dokumentuaren akzioak