Dokumentuaren akzioak
Arte eszenikoen irakaskuntzarako zentroa sortuko du Jaurlaritzak
Kulturaren Euskal Planaren Erakundearteko Batzordearen onespena du dagoeneko egitasmoak
«Denbora beharko da zentro hori zer eredu jarraituz diseinatuko den zehazteko, eta baita non kokatuko den erabakitzeko ere», azaldu du Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburuak. «Ikusi beharko da gune nagusi bat izango duen edo sare gisa funtzionatuko duen, gune bat baino gehiagorekin. Kontu horiek ez daude oraindik gure mahai gainean».
Orain artean ezagutzen ez ziren edo erabat baieztatu gabe zeuden beste egitasmo batzuk ere iragarri ditu Kulturaren Euskal Planaren Erakundearteko Batzordeak: arte eta kultur industrien institutua; zinemarako laguntza deialdi berriak; arte eszenikoen arloko masterra (Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean antolatua)...
Jaurlaritzako Kultura Saileko ordezkariekin batera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundietako eta Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udaletako kultura arloko ordezkariek osatzen dute Euskal Planaren Erakundearteko Batzordea. 2004an sortu zen batzorde hori, Kulturaren Euskal Plana garatzeko. Une honetan, Kulturaren Euskal Plana «fase berri batean» sartua dago, Azkaratek azaldu duenez. Iragan apirilaren 25ean Kulturaren Euskal Kontseiluak -Erakundearteko Batzordearen gainetik dagoen organoak- Kulturaren Euskal Planaren 2004 -2006 urteetako balantzea eta hurrengo bi urteetarako eragiketa egitasmoa onartu zituen.
2006. urtearen amaieran, Kulturaren Euskal Plana %58,42 garatua dago, eta %41,58 da garatzeko falta dena. «Iazko azaroan, lehen datuak aurkezterakoan, guk ateratako kontuak ziren %62,12 zela garatutakoa», azaldu du Azkaratek. «Baina jabetu gara guk burututzat emandako hainbat ekintzak etengabeko garapena eskatzen dutela, eta ezin ditugula horrenbestez erabat burututakotzat eman. Kulturaren Euskal Behatokia da horren adibidea: sortu da, baina lan egitarau bat behar du eta urtero edo bi urtetik behin helburuak finkatzen jarraitzea eskatzen du».
Hamar ardatz nagusitan banatuta dago Kulturaren Euskal Plana, eta ardatz horietako batzuk beste batzuk baino garatuago daude. Adibidez, bigarren ardatzean -Kulturaren Euskal Behatokiari dagokionean- %96.6an dago burutua Kulturaren Euskal Plana, eta hirugarrenean, aldiz -fiskalitatearen eta finantzaketa bideen indartzeari dagokionez- %28,12 baino ez.
«PROIEKTU TRAKTOREAK». 2004-2006 epean, arlo askotan gauzatu dira egitasmoak. Horren ondorio dira udazkenean abian jarriko den arte eszenikoetako masterra, Etxepare Institutuaren sorreraren onarpena eta ikus-entzunezkoen ekoizpenerako sortu diren finantzaketa lerro berriak, beste batzuen artean.
2006-2008 epean gauzatu beharreko egitasmoei begira, «proiektu traktoreak» hauteman eta indartzea erabaki du Erakundearteko Batzordeak. «Kulturaren Euskal Planak ekimen asko aurreikusten zituen hasieratik, ehundik gora, baina ez ziren denak maila berekoak, eta ez zuten denek indar bera zeinek bere ardatza egituratzeko», azaldu du Azkaratek. «Gutxi garatuta eta garatzeko premian dauden ardatzei bultzada erabakigarriak eman diezazkieketenak dira proiektu traktoreak».
2006-2008an abian jarri edo gauzatzeko dauden proiektu traktore horien artean daude arte eszenikoen irakaskuntzarako zentroa, arte eta kultur industrien institutua eta EITBren bigarren kontratu programa, besteak beste. «EITBko bigarren kontratu programan EITBk ikus-entzunezkoen sektorea indartzeko bidean izango duen zeregina zehaztuko da, eta baita bertako produkzioan inbertitu beharreko %5aren inguruko kontuak ere».
Zinemagintzaren arloan, formatu berrietako lanetarako laguntza lerro berriak sortuko dira, eta promozio arlora ere bideratuko dira ahaleginak, sektoreko eragileek egindako eskariari erantzunez.
«Erakundearteko Batzordeak aurreko bi urteetan lan egin duen bezala lan egiten baldin badu, eta sektoreekiko lana azken urtebetean indartu den neurri berean indartzen jarraitzen baldin badugu, 2008aren amaieran ia %100 garatua izango da Kulturaren Euskal Plana», adierazi du Azkaratek. Zehazki, %95.65, aurreikuspen ofizialen arabera.
SEKTORE BATZUK, HASTEKO. Ardatzekin gertatzen den bezala, sektore batzuetan lanak askoz aurreratuago daude beste batzuetan baino. Bost arlo nagusi daude oraindik lan taldeak finkatzeko fasean baina oraindik lanean hasi gabe: ikus-entzunezkoa, literatura, ondarea, garapen territoriala eta komunikabideak. Lanean hasita daudenak, berriz, honako hauek dira: antzerkia, dantza, ikusizko arteak, eskulangintza, argitalpengintza, liburutegiak, agiritegiak, museoak eta musika.
Kulturaren Euskal Planaren Erakundearteko Batzordea ez da zuzenean arduratzen ez bertsolaritzaz eta ez itzulpengintzaz. Hizkuntza Politika Saila arduratzen da horietaz. «Hizkuntza Politikako sailburuordea Kultura Kontseiluko kide da orain, eta banaketa hori egitea erabaki genuen», azaldu du Azkaratek.
«Oraingo martxan jarraituz, 2008aren amaieran ia %100ean garatua izango da Kulturaren Euskal Plana»
Miren Azkarate
Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua
2004-2006 ePean GauzaTuTako eGITasmoaK
Egituren eraketa
Arte eszenikoen arloko masterra antolatu da (EHUrekin elkarlanean).
Kulturaren Euskal Behatokia sortu da.
Museoen Legea egin da eta Eusko Legebiltzarrak onetsi du.
Liburutegien Legea egin da. Legebiltzarraren onespena jasotzeko prest dago.
Sarea antzerki sarearen erakundearteko parte-hartzea indartu da, eta Arabako antzoki garrantzitsuak barneratu.
TDT telebista lokalei buruzko dekretua egin da, sektorea erregulatzeko.
Kultura arloko webguneen eguneratze eta hobetze lerroari hasiera eman zaio.
Etxepare Euskal Institutua sortzea onartu du Jaurlaritzak.
Liburutegien 07-08 eperako Ekintza Plana osatu da.
Koordinazioa
Kulturaren Euskal Kontseilua eraberritu da (iazko azaroan).
Erakundearteko Batzordeak lan erritmoari eutsi dio.
Sektoreen indartzea
Ikus-entzunezko sorkuntzaren ekoizpenaren finantziazio lerro berria ezarri da.
Itzulpen eta kokapen teknologiak indartu dira, euskara oinarritzat hartuta. Euskarazko software askea garatu da.
Kultura Sailaren aurrekontua handitu egin da 2007an. %10 izan da aurrekontuaren igoera orokorra, eta atal batzuetan %16ra ere iritsi da.
Dokumentuaren akzioak