Dokumentuaren akzioak
Arte eszenikoen mugak zabaltzen ahaleginduko dira Mugatxoan-en
Donostian aurrena eta Porton gero, ikastaro eta ekitaldiak izango dira
Espazioa etengabe definitzen diharduten mugimenduak ari dira gertatzen munduan. Mugimendu horiei jarraiki, arte eszenikoen mugaraino joango dira Mugatxoan egitasmoan parte hartuko duten eta artea egiteko oinarrizko tresnatzat euren gorputza erabiltzen duten artistak. Muga horretan, arte adierazpideen artean zubiak eraikitzea da antolatzaileen asmo nagusia, edo, behinik behin, bakoitzaren muga zabaldu eta bata bestearekin harremanetan jartzea.
Artelekuren babesean Blanca Calvok eta Ion Munduatek aurten hirugarren urtez antolaturiko egitasmo honek beste muga bat gaindituko du: Euskal Herritik kanpo, Portoko Serralves Fundazioan (Portugal) antolatuko baitu zikloaren bigarren zatia. «Artearen mugak zabaltzeko bazkide bikaina da Portugalgo fundazio hori», herenegun Santi Eraso Artelekuren zuzendariak adierazi zuenez. Serralveseko programazio buru Cristina Grandek Mugatxoan egitasmoa arte diziplinen, sorkuntza prozesuen eta errepresentazio espazioen eztabaidagune aproposa izango dela gaineratu zuen agerraldi berean.
Koreografo sonatuekin lanean
Etzitik aurrera egingo dute topo Donostian dantzako, antzerkiko, performance-eko, ikus-entzunezkoetako eta beste hainbat arte adierazpidetako egileek. Gero, uztailaren lehenetik aurrera, Portugalen jarraitu du ekimenak.
Bilgune horretan parte hartzeko eskatu duten eta aukeratuak izan diren Europako osoko 16 artista gaztek aurtengo ekitaldirako gonbidatu dituzten hiru artista sonaturen azalpenak jasoko dituzte. Hain zuzen, Francisco Tropa, Gary Stevens eta Jennifer Lacey koreografoekin harreman estua izango dute egitasmoak iraungo duen sei asteetan.
Gary Stevens performance egile ingelesak, adibidez, Here and there izeneko enkarguzko prozesua jarriko du abian partaideekin. Muga bihurtuko du ekintzen trama, eta gune mugatuetan mugituko da. Jennifer Lacey koreografo eta dantzariak, berriz, pertsona batek zerbait sentitzen duenetik bere gorputzak horren berri ematen duen arteko denbora neurtu ote daitekeen galderari erantzuten saiatuko da artista gazteekin.
Hiru gonbidatuen laguntzarekin parte-hartzaileek hasiko dituzten prozesuek 2004rako emaitza ematea espero dute antolatzaileek. Hots, partaide bakoitzak Mugatxoan-en hasiko duen proiektuarekin aurrera jarraitzea nahi dute.
Hala egin zuten Amaia Urra eta Sandra Cuesta euskal artista gazteek, eta jada bukaturiko lanak aurkeztuko dituzte aurtengo ekitaldian. Arte Ederretan lizentziatuak eta dantza garaikidean zailduak, bi artistak gustura daude beraiek nahi duten ikuskizuna prestatzea lortu dutelako.
Dokumentuaren akzioak