Dokumentuaren akzioak
Arte eszenikoen elkarrizketa
Martxoaren 7tik 10era bitartean egingo da Donostian dFeria azoka. Tabakalerarekin eta kultur hiriburutzarekin loturik egingo da aurten
Dantzaren leihoa
Aurtengo ikuskizunetatik dozena bat izango dira dantzaren ingurukoak, eta euskal ekoizpenek tarte zabal samarra izango dute. Elkarrizketaren hariarekin bat egiten du Ertza konpainiaren Tirania das cores obrak. Brasilgo Nucleo Viladançan egonaldia egin zuen Asier Zabaleta koreografoak, eta hango dantzariekin ondu du koloreen inguruko gogoeta dakarren dantza ikuskizuna. Brasilen erakutsi ondoren, aurrenekoz izango da Europan. Kukai dantza taldeak estreinatu berria duen Oskara aurkeztuko du; Cielo Raso konpainiak Tormenta emango du, Marti Guell, Igor Calonge eta Leire Otamendi dantzariekin; Organik Dantza konpainiak Irrintzi eskainiko du, Helena Golab eta Natalia Mongerekin; eta Donostian jaiotako Jesus Herrera flamenko dantzariak euskal musika tradiziozkoaren eta flamenkoaren beraren arteko uztarketa bat proposatuko du Dantzari lanean. Besteak beste, Antonio Gades eta Cristina Hoyosekin lan egindakoa da Herrera.Donibane Lohitzuneko Theatre Du Rivage konpainiak Karin Serresek idatzitako À la renverse obra taularatuko du, Euskal Herrian aurreneko aldiz. Frantsesezko obra da, baina euskaraz nahiz gaztelaniaz azpidatzia egongo da. Eta Sevillako (Espainia) Montgomery konpainiak Welcome to the Montgomery Experience ekarriko du, dantzaren, musikaren eta 1950 eta 1960ko hamarkadetako estetikaren arteko elkarrizketa proposatuz. Aldiz, dantza, antzezpena, irudia eta bideoa nahasten ditu Collectif A.A.O konpainiak Ether lanean. Carole Vergne frantziarra da haren koreografoa.
Etxekoen leihoa
Aurtengo dFerian ikusiko diren ikuskizunetatik hemeretzi Euskal Herrian ekoitzitako obrak izango dira. Euskarazkoak, berriz, %15 baino ez dira, hau da, bost obra soilik. Dantzako atalean aipaturiko Oskara-z gain, Borobil Teatroa konpainiaren Jokoz kanpo,Tanttakaren Muxua, Tarteanen Zergatik, Jamil?, eta En2do-ren Kitto, nik utziko zaitut dira euskarazko antzezlanak. Guztiak aurrez estreinatuak.
Euskarazkoak ez direnen artean, Karra Elejaldek ekoitzitako Pim, Pam, Fuera obra estreinatuko du En2do konpainiak. Carlos Zabalak idatzitakoa da obraren testua. 35 eta 50 urte arteko lau emakume presoren istorioa kontatzen du. «Bizirik irautea lortu duten horien historia da», diote antzezlanaz antolatzaileek. Ane Gabarain, Vito Rogado, Amagoia Lauzirika eta Amaia Lizarralde dira antzezleak.
Nazioarteko leihoa
Ikusi ahal izango diren emanaldien erdiak-edo Euskal Herritik kanpo ekoitzitakoak dira, asko Espainiakoak edo espainieraz hitz egiten den herrialdeetakoak. Chevere konpainia galiziarrak Eroski Paraiso estreinatuko du. Xesus Ronek zuzendu du «ongizatearen estatuak agindutako paradisu sozialaren gainean eraikitako obra». Cheverek Espainiako Antzerki Saria eskuratu zuen 2014an, «bere alderdi umoristiko eta kolektiboarengatik, eta beti errealitate ekonomiko eta sozialarekin ondo lotuta egoteagatik».
Teatro do Barrio konpainia portugaldarrak Quatro Santos en Tres Actos ekarriko du jaialdira. Antzerki koreografiko modura izendatzen dute, eta portugesez emango dute, euskaraz eta gaztelaniaz azpidatzita. Virgil Thompsonek 1927an Gertrude Steinen libreto baten gainean konposatutako opera bat da. Ekuadorko La Mestiza esperimentazio eszenikorako proiektuak ekoitzitako lana da �‘ucanchik antysuyu riman (Habla nuestra selva). «Amazoniako oihana, epikoa eta amaiezina, bertako ipuin, mito eta kantuen bidez uler daiteke. William Ospina idazlearen El país de la canela liburuko zenbait zatitan oinarritua dago, eta Ekuadorko Napo probintzian bildutako soinu, ikus-entzunezko eta ahozko oroitzapenak biltzen ditu».
Antzerkigintza berriak
Aurtengo dFeriak lotura zuzena izan nahi du Donostia 2016 kultur hiriburutzarekin. Hala, iaz bezala, azokaren meeting point direlakoak Donostia 2016 fundazioaren egoitzan egingo dira. Bestalde, Antzerkigintza Berriak proiektuaren faseetako bat dFerian egingo da, martxoaren 8an eta 9an. Fundazioak berak, Viktoria Eugenia antzokiak, Gasteizko Principalek eta Bilboko Arriagak zortzi egileren proposamenak aukeratu zituzten —Ozkar Galan, Olatz Gorrotxategi, Oier Guillan, Mikel Gurrea, Arantza Iturbe, Alejandro Prieto, Carmen San Esteban eta Maria Velasco—, deialdi ireki baten bidez. DFerian dramaturgiaren sorkuntzarako tailerra egingo dute, eta haren ondotik, apirilean egingo dute azken topaketa, Bilbon. Hasierako zortzi lanetatik hiru hautatuko dituzte, eta horiek ekoitziko dituzte proiektuan parte hartzen duten antzokiek. Ondoren hiru hiriburuetan antzeztuko dituzte. Ekoizpenerako laguntza ez ezik, hautaturiko pertsonek 3.300 euroko diru laguntza jasoko dute.
Egitarau osoa, egunak eta lekuak, helbide honetan:
www.dferia.com
Dokumentuaren akzioak