Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Arte eszenikoen begiradatik jorratu nahi dugu latsarrien historia"

Dokumentuaren akzioak

"Arte eszenikoen begiradatik jorratu nahi dugu latsarrien historia"

Egilea
Aimar Gutierrez Bidarte
Komunikabidea
Aiaraldea
Tokia
Laudio
Mota
Albistea
Data
2023/06/22
Lotura
Aiaraldea
Patas de Gansa kolektiboko kideak dira biak. / Aiaraldea.eus

IRATXE BILBAO eta LEIRE SANJURJO Faktorian ari dira egonaldi artistikoa egiten, esku artean duten dantza pieza sortzeko helburarekin. Latsarrien gaia landu nahi dute gorputza erdigunean jarrita. Esperimentazio fasean daude oraindik, baina gaur entsegu irekia eskainiko dute arratsaldean.

Latsarriak eta bertan egiten zen lan gogorra berreskuratze lanetan ari zarete Faktoriako egonaldi artistikoan sortzen ari zareten dantza piezarekin. Zergatik ofizo hau?

Ikuspegi nahiko antzekoa dugu biok, dantzak gizartearekin izan dezakeen loturaren inguruan, izan dezakeen alderdi sozialaren inguruan. Elkartzen hasi ginen gauza desberdinak probatzeko eta orduan sortu genuen Patas de Gansa kolektiboa. Hortik abiatuta, urte hasieran Larriak azpian ikuskizuna lantzen hasi ginen. Hainbat gai baloratu genituen, baina esperimentatzen hasi ginenean, argi ikusi genuen hau zela sortu nahi genuena.

Asko interesatzen zitzaigun latsarrien lanak zuen potentzia fisikoa. Esfortsu fisiko oso altua exijitzen zuen arropa eskuz garbitzeak. Gaur egun ez gara horretaz ohartzen. Nagia ematen digu arropa eskegitzeak, eta hori da egiten dugun esfortsurik handiena. Baina duela 40 urte hasi ziren gure ama gehienak garbigailua izaten, aurretik eskuz egiten zen dena. Hain gertukoa den arren gutako inork ez daki non zeuden gure herriko latsarriak, errekan garbitzen zen edo bestelako espaziorik dagoen horretarako…

Ahaztu egin den lan bat da, eta balioan jarri beharra genuen.

Nola piztu zitzaizuen latsarriekiko interesa?

Eulalia Abaituaren erakusketa bateko katalogoak piztu zigun interesa. Latsarrien hainbat argazki zeuden bertan, eta askotan agertzen ziren bi emakume. Argazkiak ikusi eta “gu gara!” esan genion elkarri. Hortik abiatuta hasi ginen gaian murgiltzen eta informazioa biltzen.

Dokumental ugari daude gaiari lotuta. Azken urteetan Euskal Herriko hainbat txokotan argazkien zein espazio fisikoaren berreskurapenean lan handia egin da. Berreskuratze horretan gorputza falta zela sumatzen genuen. Arte eszenikoetatik begirada botatzen genuen faltan.

Latsarrien lanean mugimendu asko zeuden, horiek berreskuratu nahi genituen. Dokumentaletan askotan entzuten dira garaiko emakumeak azaltzen nolakoa zen labaderoetako egoera: Orduak ematen zituzten emakumeak bustita bertan urteko izara guztiak garbitzen, odoletan arropa igurtzi eta igurtziz… gorputz konponente oso handi bat ikusten genuen bertan. Poetika bat falta zen; gai hori lantzea poetika eta estetika konkretu batetik.

Oso interesgarria iruditu zitzaigun ere, hain lan gordina izanda ere emakumeen artean elkartzeko espazio bezala ere aldarrikatzen dutela bertan egondakoek. Emakumeek hartutako espazio publiko bat ziren latsarriak, haien espazio ez-misto bakarrenetariko bat. Elkarri gauzak kontatzeko, elkar laguntzeko…

Bi ildo uztartuko ditugu beraz latsarrien gaia lantzerakoan. Alde batetik lanaren izaera fisikoa, zama eta gordintasuna. Bestetik latsarrietan emakumeek sortzen zuten elkar zaintza eta babeserako espazioaren esentzia. Eta asko interesatzen zaiguna ere zera da: nola herriaren erdian zegoen espazio batean inork ez igartzea bi aspektu horiek suposatzen zutena.

Dokumentazio lan bat ere egin duzue, dantza pieza sortzearekin batera.

Biok gatoz ildo sozialetik. Nik hezkuntza ez-formalean eta aisialdian egin dut lan denbora luzez, Iratxe gizarte-integratzailea da. Biok genuen interes berezia dantzak egin dezakeen ekarpen sozialean; dantza nola, zergatik eta zertarako erabili daitekeen.

Pieza honek bide asko ireki dizkigu, horren adibide dira orain abiatzen ari garen tailer batzuk. Gure asmoa herri desberdinetan adin desberdinetako emakumeak elkartzea da, gorputzaren bidez emakume nagusienen testigantzak eta bizipenak jaso eta belaunaldi gazteei transmititzeko.

Ohartu gara hilabete hauetan ezer gutxi dakiela jendeak gaiaren inguruan. Laudion, esaterako tren geltokiaren ondoan mantendu da latsarriren bat, eta inork ez daki hori zenik. Nik orain jakin dut piezarekin hasi garenean. Nire amak gerora esan dit argazki pilo dituela bertan, baina orain  arte inork ez digu kontatu.

Xaboia egiteko prozesua ere ikertu dugu. Hain zuzen ere piezaren izena, Larriak azpian, Abadiñon xaboia egiteko erabiltzen zuten teknika baten izena da.

Nola eramaten duzue informazio guzti hori dantzara?

Lehen aipatutako bi ildoetako lehenengoa ari gara probatzen orain egiten ari garen sorkuntza egonaldian; lana eta zamarena. Izarekin ari gara esperimentazen orain, arropa bustiaren zama lantzeko asmoz. Pisuarekin ari gara probak egiten.

Galdera bati erantzun nahi diogu: Nola izan aldi berean karga bat eta bestearen euskarri. Galdera potentea da hori guretzako. Galdera horrek nolabaiteko lotura egiten du gainera landu nahi dugun bigarren aspektuarekin.

Gainerakoan mugimendu berriak ari gara probatzen: leporatu, bihurritu, kargatu… Dokumentaletan ikusi ditugu latsarrietako lanen mugimenduak ere gurera ekarri nahian gabiltza: igurtzi, kolpatu…

Faktorian ari zarete egiten egonaldi artistikoa. Zer eskaintzn dizue espazioak?

Hilabete batzuk generamatzan aurre-produkzio lanetan Faktoriako kultur ildoko gonbidapena jaso genuenean. Oso aukera ona iruditu zitzaigun. Ezinbestekoa zaigu bai dantza egiteko espazioa baita proiektua ere finantzatzeko dirua. Azken finean, ordu asko eman behar ditugu sortzen, argiteria prestatzen… kanpo begirada bat ere ezinbestekoa dugu.

Oso espazio interesgarria da Faktoria gure sorkuntza prozesurako, aukera oso desberdinak eskaintzen dituelako. Gure pieza kaleko pieza bat izango dela uste dugu, hori dela eta oholtza bat izateaz gain plaza bat izatea ere oso baliagarria zaigu gauza berriak probatzeko. Oholtzatik jaitsi eta tranpaldo gainean prestatutakoa egokitzeko aukera dugu hemen.

Oso emankorra ari dira izaten egun hauek. Oso motibatuta gaude, ikusten dugulako bide onetik goazela. Gogotsu gaude gaurko entsegu irekian jasoko dugun feedabcka jasotzeko.

Dokumentuaren akzioak